Laida Jauregi, Peru herrialdea gogoan duen kooperatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 12a, 09:41

Laida Jauregi andoaindarrak urte eta erdi egin du kooperazio lanetan Limako (Peru) giza komunitate txiro batean. Eman baino gehiago jaso duela aitortzen du eta Perura begirako egitasmo berri batean murgildu da. Bizitutakoaren ostean, halere, zalantzakor itzuli da mundua hobetzeko asmoz aurrera eramaten diren kooperazio egitasmoen inguruan.

Zer dela eta joan zinen Perura?
L.J.: Magisteritza eta gizarte integrazioko ikasteketak egin ostean, garapen bidean den herrialderen batean jarduteko gogoz nengoen; Jaurlaritzaren beka bat jasota, hiru hilabete Limako Comas distritoan egin nituen. Collique izena duen 100.000 biztanleko eremuan. Jesuitena den San Viator egoitzan aritu nintzen, hezitzaile bezala. Hiru hilabetekoaren ondoren, beste urtebete egin dut bertan.

Zein bizi egoeratan topatu dituzu Colliqueko biztanleak?
L.J.: Sendero Luminoso talde armatuaren eta gobernuaren arteko gatazka garaian, makina bat nekazarik Limara emigratu zuen; auzuneak sortu zituzten inguru menditsuetan, erabat txiroak. Azpimundu bat osatu zuten, eta Lima zortzi miloi biztanle edukitzera iritsi zen epe laburrean. Egin kontu, behin Limara bidaia antolatu genuen autobusez; Colliquen badira hamar urteko haurrak Limara sekula joan ez direnak, eta zur eta lur geratu ziren hiriburuarekin!

Zein zen zure zeregina?
L.J.: Umeei, emakumeei eta familiei zuzendutako egitasmoak koordinatzea egokitu zitzaidan. Batez ere hezkuntza garapenean arazoak zeuzkaten haurrekin eta horien familiekin egin nuen lan. Normalean, familiak egoera ekonomiko larrian bizi dira, eta azkenean, arazo guztiak elkarrekin lotuta doaz. Ume horien etxean, maiz, aita falta da.
Umeekin hezkuntzan zeuzkaten gabezietan laguntza emateaz gain, aisialdirako aukerak eskaintzea izan zen nire zeregina. Familietara hurbiltzen saiatzen ginen, baina berehala ohartu ginen oso zaila dela eragitea. Maiz, emakumeak oso gazte geratzen dira haurdun, eta hortik aurrera, beste haur mordoa ekartzen dute mundura.
Nire egitasmoa haurrekin, zenbait ideia transmititzea izaten zen: mundua ez dela murrizten beraiek etxean, eskolan, kalean... ikusten dutenera. "Aitak ama nola jotzen duen ikusi duzu, baina ez pentsa hori denik bizikidetza normala", adierazten nien. Sexista eta jerarkizatua da heziketa. Haurrek oraindik burua kutsatu gabe daukate, eta horiekin garaiz gabiltza balore baikorragoetan hezteko.

Zenbat eragin daiteke egiturazko arazoa dagoen leku batean?
L.J.: Etenik gabe lan eginez, soilik horrela, hainbat belaunaldi igaroko dira gauzak benetan aldatu ahal izateko. Alde horretatik, auzitan jartzeko modukoa izan liteke nazioarteko kooperazioak betetzen duen funtzioa.

Ikusitako panoramarekin nahiko etsita itzuli zarela dirudi...
L.J.: Bai. Nolanahi ere, nik sinesten dut mundu justuago bat lor daitekeela; mundu honek hondoa jo du, eta jada ezin du okerrera egin. Oso itxaronpetsua naiz izatez, eta izugarri gogobetetzen nau Perun egin dudanak.

Munduaren erradiografia txiki bat eginda itzuli zara, beraz...
L.J.: Ustelkeria da nagusi. Diruak eta bere inguruko interesek mugitzen dute mundua. Ohartu naiz, aldi berean, hezkuntzak eta erlijioak zenbat min eman dezaketen. Erlijioek (ebanjelikoek eta besteek), izugarri adoktrinatzen dute herria. Ez da onargarria hango jende askoren mentalitatea: "gu txiroak gara, eta hala izaten segiko dugu Jaungoikoaren borondatea delako".

Jesuitekin lanean aritu zara...

L.J.: Ez naiz fededuna, baina badakit bereizten eliza katolikoaren baitan bizi diren jarrera ezberdinak. Hango jesuitek urteak daramate behartsuenen ondoan. Liberatzaileak deitzen diete, eta balore unibertsalak diren berdintasunean, errespetuan, elkartasunean..., sinesten dute. Urrun daude Bibliaren intepretazio zaharkitua egiten duten beste zenbait erlijiosorengandik.

Amerikan, mugimendu bolibariarra indarra hartzen ari da. Perun nola dago egoera politikoa?
L.J.: Ollanta Humala presidentea sozialdemokrata da. Promesak egin bai, baina azkenean, Perun botereak eta ondasun naturalek atzerritarren esku jarraitzen dute. Oso gogorra da herritarren egoera, eta berdin zaie auzoetako alkateak ustelak izatea; beraien amets bakarra egunez egun bizi ahal izatea da, gutxieneko azpiegiturak edukitzea (ura, argia....). Bestalde, gizarte zibilean bada oinarrizko eskubideen aldeko mugimendu sendoa. Aipatzekoak dira mehatzariak eta ikasleak, nahiz eta hedabideetan ez agertu.

Kooperazioarekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

L.J.: Hona etorrita, taberna batean hasi naiz lanean, baina Lima ez daukat ahaztuta. Hango bi gazte eta hiruron artean, Colectivo Audiovisual Peru taldea sortu dugu, ikus-entzunezko, antzerki edo irratiarekin lotutako proiektuen bidez gazteen garapena jorratzeko asmoz.


Proiektua crowdfunding-aren bidez finantzatzeari ekin diote. Bat egin nahi duenarentzat: www.lanzanos.com.
Proyecto de animación sociocultural en Perú.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!