Ardiak hilda aurkitu dituztela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 11a, 14:16

Urnietako Lategi-Goiburu bailarako hainbat baserrietako artzainen ardiek erasoak jasan dituzte azken hilabeteetan, eta guztira, 30 arditik gora hil dituzte eta beste hainbat larriki zauritu. Iartza baserriko Joxe Esnal, Adarrazpiko Mikel Beldarrain, Izarreko Euken Garmendia, Bentako Tomas Miner, Antxoko Domingo Bengoetxea,  Larrabilgo Jeronimo Esnaola, Sabordegiko lurretan artaldea duen Abel Segurola eta Zuhatzeta, Latxa, eta Baxitegiko baserritarrak izan dira kaltetuak.

BIDEOA | Kronika:


Azaroaren 19an hasi ziren erasoak eta lehena Antxoko Domingoren ardiek pairatu zuten. Artzainak azaldu duenez, bi eraso jasan ditu, bata azaroan eta bestea abenduan: “Ardiak hiltzeaz gain, beste hainbat zaurituta utzi dizkidate: muturra txikituta, hankak arrastaka dituztela… Zaurituta utzi zuteneko bat gerora hil egin da”.
Bestalde, erasorik bortitzena jasan duena Mikel Beldarrain izan da. 400 arditik gorako artaldea du eta bi eraso jasan zituen urte amaieran: “Lehenengo erasoan 3 ardi txikitu zizkidaten eta bigarrengoan 32. Horietatik 7 hil egin dira eta gainontzekoak elbarri geratu dira. Duela bi aste, ahari bat ere erasotu zidaten”.
Itxuraz, eraso hauek zakurrek eginak direla uste dute, izan ere, behin baino gehiagotan ikusi dituzte artaldetik ihesi. Hala ere, ez dago frogarik eraso guztien atzean zakur berak daudenik adierazteko. “Badirudi zakurrak ez doazela janariaren bila, odolaren bila, baizik. Ardiei ahalik eta min handiena egitea baitzuten helburu eraso guztietan”, gaineratu du Mikel Pagola alkateak.

Irtenbide bila
Ez dakite zakurrak nongoak diren, izan ere, Hernani eta Andoain inguruan ere erasoak egin dira. Horregatik, zakurren jabe direnei dei egin nahi diete, gauetan zainduta eta kontrolatuta izan ditzaten.
Eraso gehiago saihesteko gauero ardiak etxe inguruetara sartzen dituzte, artaldea zelaian uzteko lasaitasunik ez dutelako. Gipuzkoako Foru Aldundia laguntza emateko prest agertu da. Oraingoz, Ehizako Federazioarekin hitz egiteko asmoa du, dardoekin zakurrak harrapatu nahi badira, baimena behar delako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!