Munduko txapelketatik bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 16:58

Munduko ziklokros txapelketatik itzuli berria da Jokin Alberdi txirrindulari zizurkildarra.
Junior mailako lehen denboraldia amaituta, emaitza ikusgarriak lortu ditu.

Urtarrilaren 31n Andoaingo Txirrindulari Eskola, bere kluba, Goikoplazan denboraldiko aurkezpena egiten ari zen bitartean, Jokin Alberdi Txekiako Tabor hirian munduko ziklokross txapelketa lehiatzen ari zen. Hamaseigarren sailkatu zen, maila bikaina eskainiz. Estatu mailan Jokin dagoeneko txapeldun handia da eta nazioartera oraingoz ikasteko asmoz irteten da. “Nire helburu nagusia ikastea eta esperientzia hartzea izan da. Datorren urtean berriz ere munduko txapelketarako sailkatzea lortzen badut, ondo prestatu eta postu ona egiten saiatuko naiz. Lehen urteko juniorra izanda, aurten oso zaila zitzaidan lehen postuetarako lehian sartzea. Nolanahi ere, oso pozik nago lortutakoarekin”.
Euskal Herrian ez dago Belgikan edo Holandan dauden baliabideak eta tradizioa, eta halere zizurkildarra onenen pare lehiatu da. Jokinek garbi du oso maila handiko txirrindulariak daudela Europako zenbait herrialdetan. “Belgika, Suitza, Danimarka..., ziklokrosa oso modu berezian bizi dute. Hemen futbola bizi den modu bertsuan. Asteburuoro izaten dute lasterketaren bat eta festa handiak antolatzen dituzte horien inguruan. Antolakuntza izugarria dute eta baita ziklokrosaren inguruko kultura ere. Hemen atzetik goaz horretan”.
Txiki-txikitandik emaitza onak lortu izan ditu beti eta dagoeneko garaipen-zerrenda ikusgarria du eskuetan. Errepideko txirrindularitzan eman zituen lehen pedalkadak, baina “kadete mailatik aurrera, errepideko denboraldia amaituta, pista edo ziklokrosa egiten hasten gara. Nik ziklokrosa aukeratu nuen. Iazko denboraldian oso emaitza onak lortu nituen ziklokrosean; Espainiako txapelketa, kopa..., dena irabazi nuen. Aurten emaitza horiek errepikatu ditut. Junior mailako lehen urtea nuen, eta ni baino txirrindulari zaharragoekin aritu naiz lehian. Horregatik, oso gustura nago lortutako guztiarekin”, azaldu du.

Etxekoen babesa
Alboan izaten ditu etxekoak Jokinek: “Lasterketa gehienak ikustera etortzen dira; bai errepidean, baita ziklokrosean ere. Aita da nire prestatzailea eta gertutik jarraitzen ditu lasterketa zein entrenamenduak”. Hilabeteko atsedenaldia egingo du orain, martxoan berriro errepideko bizikletari eusteko.
Herriko kirolari onenari dagokion omenaldia jaso zuen Jokinek kirolaren astean. “Gustura hartzen dira horrelakoak. Herriko kirolari guztien artean hartu zen erabakia, eta oso pozik jaso nuen. Ekitaldi polita izan zen”.
Txirrindulari profesionalen jarduna gertutik jarraitzea gustatzen zaio Jokini: “Errepidean dabiltzanen artean, Purito Rodriguez eta Alejandro Valverde ditut gustukoen. Ziklokrosean berriz, Sven Nijs da gehien miresten dudana. Urte askotan izan da Asteasuko ziklokrosean eta lan izugarria egiten du beti”.
Txirrindularitzak denbora asko eskatzen dio Jokini, baina berak ez du nekez bizi: “Egia da entrenamenduek eta lasterketek denbora eskatzen dizutela, baina gustura egiten dut. Bizi guztia daramat horretan eta ez dakit zer egingo nukeen txirrindularitza kenduko balidate; ez diot alderdi txarrik bilatzen. Jende asko ezagutzeko modua eman dit eta baita toki ezberdinak bisitatzeko ere”.

Ziklokros denboraldiko lorpenak

  • Gipuzkoako txapeldun, Euskadiko txapeldun, Espainiako kopako txapeldun eta Espainiako txapelketako txapeldun izan da Jokin.
  • Irabazitako ziklokros lasterketak: Karrantza, Medina del Pomar, Llanes, Asteasu, Legazpi eta Lezama.
  • Nazioartean jokatutako ziklokrosak: Belgikan; Essen, Zolder, Namur, Gavere eta Lidhart. Holandan; Hooderhald. Txekian; Taborren, munduko txapelketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!