2011. urte amaieran abiatu zen egitasmoa, Foru Aldundiak, Juan Carlos Sancha mahastizaintzaren eta ardogintzaren kudeaketan aditu eta unibertsitateko irakasleari, erreferentzia bihurtuko zen dokumentu estrategikoa eskatu zionean. Etorkizunean gauzatu behar ziren ekintzak eta hartu beharreko erabakiak bideratu eta gidatuko zituen dokumentua idazteko oinarria izango zen txosten hori. Bada, txosten horretan hiru gomendio hauek jasotzen ziren, besteak beste. “Batetik, barietate autoktonoak berreskuratzeko mahastizaintza proiektu bat abian jartzea. Bestetik, hazi plasmaren biltegi bat sortu beharra, eskura dagoen material genetiko guztia gordetzeko. Horrela, landaketa berrietarako, material fidagarri eta propioa erabili ahal izateko. Hirugarrenik, Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltza barietateak hobeto ezagutzera emango dituen mahasti esperimental erakusle bat ezartzea”, Foru Aldundiko ordezkarien hitzetan.
Helburu nagusiak
Hiru helburu nabarmendu dituzte Fraisoroko lursailean egindako mahatsondoen hautaketa, landaketa eta azterketaren inguruan:
- Mahasti hori izatea Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltza barietateetan dagoen aldakortasun genetikoaren gordailu begetala, erosio genetiko arriskuan baitago, batez ere, Getaria eta Zarauzko mahasti zaharrenetan.
- Konparazioa egin ahal izango da barietate ezberdinen artean, alderdi agronomikoei, sanitarioei, enologikoei eta organoleptikoei dagokienez.
- Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltza barietateekin batera, kanpoko barietateak ere landatu dira, bai zuriak eta bai beltzak, Gipuzkoako baldintzetara nola egokitzen diren ikusteko, edota hemengo barietateekiko osagarriak izan daitezkeen eta txakolinari zein ekarpen enologiko egin diezaioketen aztertzeko.
Urtez urte
- 2011 urte amaiera: Egitasmoarekin hasi.
- 2012 urtean zehar: Azterketa egin. Gipuzkoako mahasti zaharrenen 28 landaketa lokalizatu ondoren, bakoitzetik 10 bat ale oso aukeratu zituzten. Aukeratutako aleek besteekiko ezberdintasunen bat zuten agerian.
- 2012-2013ko negua: Landare horien material begetala bildu zuten Nafarroako mintegi espezializatu batean ugalarazteko.
- 2013ko uda: Fraisoro Nekazaritza Laborategiaren parean mahastiarentzako lurra prestatu zuten.
- 2013-2014ko negua: Behin betiko lursailean birlandatu ziren mentu edo landare berriak.
- 2014ko uda: Sarea jarri zuten, landareen oinarri, euskarri eta finkagarri izan zedin.
- 2014ko udazkena: Proiektua sektoreari aurkeztu zitzaion. Aurrerantzean mantentze eta aztertze lanak egingo dituzte.