“Gauzak esateko nire modua bilatzeak asetzen nau”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 16:45

Artistaren ‘Cruces y corazones’ erakusketa ikusgai izango da otsailaren 19tik aurrera Gureako erakusgelan. Bere lanaren eta ibilbidearen inguruan hitz egin du billabonatarrak.

Vicente Ameztoy billabonatar artistaren lanak esnatu zuen Ramon Balerdirengan pinturarekiko interesa. Izan ere, Vicenteren etxera joaten zen tarteka eta margotzen ikusi ohi zuen bertan. “Izugarri erakarri eta inspiratzen ninduen Vicenteren lanak eta neronek ere ikasten hastea erabaki nuen. Argentinako irakasle batekin ikasi nuen pintura aurrena eta segidan, Jean Hogg irakasle amerikarrarekin eskultura jorratzen aritu nintzen, teknika ezberdinak landuz”, azaldu du. Ikasketez gain, lanak eta filosofiak lagundu dio bere bidea eraikitzen. Sortu ahal izateko hiru ezagutza menderatu behar direla uste du: Marrazkia, kolorea eta  arima. “Ni ez nau imitatzeak asetzen, gauzak esateko nire modua bilatzeak baizik. Nire lanetan egoera errealak irudikatzea gustatzen zait, gaizki kudeatu diren gaiak eta jasota geratzea beharrezko direla uste dudanak”.
Bere ibilbidean zehar bereziki pintura landu badu ere, eskultura ugari ere egin du. Ramonek ez du bere burua eskulturgiletzat, baina hainbat lanetan eskulturara jotzen du nahi duen hori adierazteko. Eskulturak lantzeko, burdina eta Oria errekako adreilu harri borobildua erabiltzen ditu bereziki eta margolanetarako, koloreez gain, sinbologia ugari. Esaterako, Ramonen margo nahiz eskulturetan gurutzeak eta sinbolo katolikoak aurkitzea oso ohikoa da, “elizaren barruan jende ona eta kritikoa ere badagoela aurrez esanda, erabiltzen ditudan sinbolo katolikoak erlijio fatxa horri kritika dira. Hain zuzen, argitasunez azaldu gabeko eta inposatutako erlijioari kritika. Sinesmen itsua eta konfiantza izan behar ditugula esan digute, inolako oinarri sendorik gabe. Hazten laguntzen duen Onaren eta Txarraren zientzia badagoenean eta Onaren bidea aukeratzen laguntzen duenean. Ongintza zoriontsu izateko ezinbesteko forma da”, Ramonen aburuz. Besteak beste, naturarekin lotutako hainbat sinbolo ere erabili ohi ditu bere lanetan, “natura gu gabe bizi bailiteke, baina ez gu naturarik gabe” eta baita egungo gizarte eta bizimodu materialistako beste hainbat elementu ere.

Sentitzera eta pentsatzera gonbidapena
Bizitzan zehar gurutze eta bihotz asko dagoelako jarri dio ‘Cruces y corazones’ izenburua otsailaren 19an ateak zabalduko dituen bere lanen erakusketari. Erakusgaien artean, 35 bat pintura eta eskultura lan aurkeztuko ditu billabonatarrak. Orain urte batzuk egindako eta hainbat erakusketatan erakutsitako lanak batzuk, txanda honetarako espreski prestatutakoak gehienak. Tartean, enkarguz jasota, emakumeek emakumeen inguruan duten erlazioari buruzko bere ikuspegia erakusten duen lana, gorputzarengan arimak duen mugimenduari buruzkoak, egungo gizarte materialistaren aurrean gizakiarekiko duen ikuspegia edota, besteak beste, bere bizitzaren iragana eta oraina ispilatzen duen trilogia lana ere bai. “Villabonako elizari, apaizaren baimenarekin, argazkia aterata ekin nion trilogia lanari, esnatzea ispilatzen duenari. Trilogiako lehen lanean, argazki batean Jesusen Bihotzarekin ageri naiz Huelvako badian. Bigarren lanak, gaixotasun gogor bati aurre egin ondoren berpizkundea irudikatzen du eta bukatzen ari naizen trilogiaren hirugarren zatiak, berriz, belaunaldi oso baten eta neronen gainbehera edo dekadentzia”. Sinbologia askoko lanak dira eta gogorrak izanagatik, ez ditu dramatikotzat jotzen, artistaren hitzetan, “bide onerako irtenbidea beti dagoela erakusten dutelako”.
Erakusketara gerturatzen diren ikusleren bati barruak mugiarazi eta mugimendu horretan pentsaraztera bultzatzea lortuko balu poztuko litzatekeela azaldu du. Hori, baina, ikuslearen lana izango da; ez berea. “Sentitzera eta pentsatzera gerturatu beharko luke ikusleak. Aprobetxa ditzala xehetasun eta detaileak. Arteak bestela ez baitu zentzurik; sendatzen ez duen artea ez da arte”.
Aurrez ere bere lanen erakusketak eginikoa da Ramon, nahiz eta langintza hori oso gogoko ez izan, pertsonekin egotea kosta egiten zaiola aitortu baitu. Badaki artistaren lanak publiko bihurtzen duela egilea, baina berak nahiago du anonimoa izan. “Estudioko lanean pintatzen, ideiak lantzen, idazten edota irakurtzen aurkitzen naiz lasaien nire buruarekin”, zehaztu du. Hala ere, jaioterrian bere lanen erakusketa jartzeko gonbidapenari baiezkoa ematea ezinbestekoa iruditu zaio, “herritarrei ekarpena egitea garrantzitsua delako. Galder Azkue alkatea, Nora Urbizu zinegotzia eta Joxean Cubero kultur teknikariaren babesa ezinbestekoak izan dira erakusketa bideratu ahal izateko”, adierazi du.

Heroinaren atzaparretan
Heroinaren mamua bete-betean zenean, oso garai zailak bizitzea egokitu zitzaien Ramoni eta bere belaunaldiko kide askori. “Heroinaren kontsumoa gizartean sartu zenean, onena zelakoan, ergel eta zoro moduan erori ginen haren atzaparretan. Ez genuen ekarriko zizkigun kalte eta ondorioak neurtzen jakin. Garai hura ez zen jolasa izan, gazte asko hil egin baitzen ordainetan; -oso interesgarriak batzuk, gutxiago besteak-, baina pertsonak denak”. Besteren artean, Villabona, Andoain, Hernani, Zarautz, Eibar, Elgoibar edota Durango herriak gogor astindu zituen heroinak 80ko hamarkadan. Egoera hari aurre egitea lortu eta bizirik jarraitzearen pozarekin batera, bidean geratu ziren kide haien guztien oroimenez eginiko lana da eskuartean eta maitasun handiz Ramon lantzen ari den trilogiako azken lana.
Egungo gizartean, heroinaren kontsumoarekin batera, kokainak, estasiak edota anfetaminek gaina hartu dutela aipatu du Ramonek eta kontsumo horrek psikiatrikoki eragiten duela, argi geratzen ari denez. Bere ustez, “gehiegikeriek suntsitu egiten dute”. Argi du drogen kontsumora jotzen duenak, oinarrian bere buruagatik egiten duela ihes, bizitzari behar bezala aurre egiteko adorerik ez duelako. “Drogak alboratzeko, norbere buruari garai batean hartutako erabakiak barkatzea da zailena, baina ezinbestekoa: galduta baitzaude bestela. Zure iragana atzean utzi nahi baduzu, pauso haiek nola eman zenituen, zugan izandako ondorioak nahiz hirugarren pertsonei sortutako sufrimenduaz pentsatzea ezinbestekoa da. Egoerari distantziatik begiratutakoan, pauso haiek ezjakintasunak bultzatuta eman zenituela konturatzen zara gehienetan”.
Inon irtenbiderik topatzen ez zuen garai ilunetan, Platon filosofoaren lanek hainbat erantzun aurkitzen lagundu zioten Ramoni, ‘Dialogos’ liburuak batez ere. “Platonen liburuak aztertu ditut eta nire kabuz aurki ezin nitzakeen erantzun askorekin egin nuen topo bere lerroetan. Arima, bertutea eta ezjakintasuna aipatzen ditu eta hortik abiatuta, denok gauza bakarra bilatzen dugula ohartu nintzen: zoriontsu izatea. Ondorioz, nire ustez, ezinbestekoa da Ona eta Txarraren zientzia ezagutzea”.

Gurutzea, sinbolo nagusi
Beste hainbat elementuren artean, gurutzea bereziki, oso sinbolikoa da Ramonentzat eta bere lanik gehienetan ageri da gurutzeren bat edo beste. Gurutzeak esanahi sakona du beretzat eta ondo daki zertaz hitz egiten ari den: “Jesukristo bere aitarekin elkartzeko gurutziltzatu zuten. Bizitzan zehar, kasu askotan errenuntziatu egin behar izaten da eta errenuntzia horrek sufrimendua sortzen digu. Minaren alkimiak sufrimendura garamatza, baina errekonpentsa ere ekartzen du: Errekonpentsa espirituala normalean”.

Motz-motzean

  • Margoa: Leonardo Da Vinciren ‘Azken Afaria’, bere sinbologiarengatik.
  • Materiala: Pinturan oleoa eta testura. Eskulturan burdina, egungo gizakiaren oso antzekoa delako: gogorra eta modelagarria.
  • Kolorea: Berdea.
  • Forma: Gizakia.

Erakusketa
Cruces y corazones
artelanen erakusketa.
Otsailak 19-martxoak 6. Astegunetan 18:00-20:30. Larunbatetan 10:30-13:00.
Gureako erakusgelan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!