Pedro Aizpurua, musika sormenari eskainitako biografia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 16:42

Pedro Aizpurua (Andoain, 1924) hamaika urterekin Santanderreko unibertsitatera joan zenetik jaioterritik kanpo bizi izan da beti. Elizgizona, sona handiko musika konposatzailea dugu. 

Ez al da latza 11 urteko mutil koskor batentzat, etxea eta familia utzi behar izatea?
Batere ez. Ni zoriontsua izan nintzen Comillaseko eliz barnetegian, eta ez daukat kexatzekorik orduz geroztiko bizitzan, ez elizgizon ezta musikari gisa ere. Berriro jaioko banintz, ibilbide berbera egin nahiko nukeela iruditzen zait.

Nondik sortu zitzaizun erlijiorako eta musikarako bokazioa?
Nire familiaren baitan izugarri bizitu izan da sentimendu katolikoa, beti. Aita Andoaingo abesbatzako kantaria zen, tenore bikaina zen, eta ni ere musikaria izan nendin nahi izan zuen. Behinola, amak galdetu zidan: apaiza izan nahi al duzu? Nik baietz erantzun nion. Medikuagatik galdetuz gero, berdin erantzungo nukeela pentsatzen dut. Horrela, gurasoek Joakin Bermejo erretoreari kontsulta egin ostean, hamar urteko mutil koskorra Comillaseko seminariora bidaltzea erabaki zuten.
Andoainen Alberto Agirrek emandako musika irakaspenei esker, 13 urterekin, seminario txikiko organista ofiziala izendatu ninduten!
Kanpoan bizi arren, sekula ez duzu galdu jaioterriarekiko harremanik...
Urtean hiru txandatan etortzen naiz (Eguberrietan, Aste Santuan eta abuztuan), familiarekin egonaldia egiteko. Horrela 80 urtez. Hitzordu horiek sakratuak dira niretzat. “Kaletxikira noa” esaten diet Valladolideko eliz-kideei. Noski, Kaletxiki zer den ez dakite eta orduan Andoaingo auzoa dela azaldu behar izaten diet. Andoain, Indurain bezala ahoskatu behar dela, azken i-an indarra jarri gabe, hori ere gogoraraztea komeni izaten da.

Valladoliden bizi zara aspaldiko urteetan. Nola iritsi ziren hara?
Filosofia eta teologiako ikasketekin batera, musikarekin sakontzen jarraitu nuen Comillasen. Bertan apaiz ordenatu eta gero, errektoreak deitu, eta esan zidan: “Orihuelako (Alacant) gotzainak apaiz bat eskatu digu. Teologian aditua izateaz gain, musikaria dena. Zurekin pentsatu dut, baina zeuk ikusi”. Niretzat Euskal Herria zen garrantzitsuena, baina nire aita espiritualari eta teologiako irakasleei kontsultak egin ostean, hara joatea erabaki nuen.
Herri polita eta abegikorra da Orihuela, eta hamabi urte egin nituen bertan. Schola Cantorum-a
eratu nuen, eta makina bat kontzertu eman genituen inguruko herrietan. Batzuetan turroia ematen ziguten sari gisa! Ikasle nituen batzuren batzuk, oraindik, gogora ekartzen dizkidate garai haiek. Oroitzapen ona gordeko zuten nirekin, ze omenaldia eskaini nahi izan zidaten. Ez saiatzeko mesedez, erantzun nien.
Valladolideko Arte Ederren akademiakoek ere omenaldi bat egin nahi izan didate oraindik orain, baina ni ez naiz ekitaldi pertsonalista horien zale, eta ekimena gerarazi egin dut.

Orihuelatik Valladolidera...
Valladolideko gotzainak, euskalduna bera, hots egin zidan hara joateko gonbidatuz. Nik baietz erantzun. Ez dakizu nola haserretu zitzaidan Alacanteko gotzaina! Amorratuta zegoen, eta agurtzerakoan epelak esan zizkidan bere bulegoan: nik ez nekiela deus musikaz, eta antzeko perlak leporatu zizkidan... Ni, bitartean, mutu. Bukaeran, usadioa denez, eraztunean musu emateko keinua egin nion, baina berak eskua ematea ukatu zidan.
Harrezkero, Valladoliden bizi naiz. Oso integratua sentitu naiz bertan beti. Besteak beste, bertako musika kontserbatorioko eta abesbatzako zuzendaria izan naiz urtetan, eta horri esker, nahiko ezaguna eta estimatua naiz herrialde horretan.   

Musika klasikoaz (erlijiosoa, espirituala...) gain, modernoa eta abanguardista ere konposatu izan duzula diote musika adituek...

Luis de Pablok murgildu ninduen bide horretan. Betidanik izan dut gogoko estilo klasikoarekin haustea, probokatzea, entzuleengan erreakzioak eragiteko. Begiak erne eduki izan ditut beti, Frantziara, Ingalaterrara edota Alemaniara begira. Biziki interesatu izan zait diziplina anitzetan joera modernoenak nondik doazen jakitea. Ahal izan dudan guztietan, Madrilera edo edozein bazterretera abiatu naiz, artelanak edo bestelako kultur adierazpen garaikideak zertan diren usaitzeko.
Nire zenbait obrari protesta eginez erantzun izan die ikusleek. Esatera baterako, Andaluziako hiri batean bi piano-jotzailek nire obra modernista bat (Vertical horizontal) interpretatu zuten behin. Bada, txistua jotzeaz gain nire amarekin sartu ziren entzuleak. Geroxeago, obra hori bera, Moskun jo zuten zientzilarien etxean, zortzi nobel sarituen aurrean. Txalo zartadaz erantzun zuten. Han, Espainian baino garatuagoa zeukaten kultura musikala, nonbait.

Eliza barruan, nola hartu izan dute zure joera abanguardista hori?
Denetik dago, ulertzen dutenak, gogoko ez dutenak... Konpreni dezaket kosta egiten dela apaiza bat halako musikarekin identifikatzea. Aipatu dudan Moskuko egun hartan, entzule batek mikrofonoa hartu eta harridura agertu zuen: ezin zuen sinetsi apaiza batek nola sor zezakeen halako pieza!
Disonantziak aipatzen hasita, beste gatazka bat kontatuko dizut: Valladolideko artzapezpikutzak katedralera organo elektroniko bat ekarri zuen urte asko ez dela. Milaka soinu digitalizatuta dauzka, eta kontzertuak ematen dira berarekin noizean behin, katedrala jendez lepo jartzen delarik. Oso konplexua da instrumentua, eta ni ez naiz ausartzen hura astintzera. Nolanahi ere, haren alde posizionatu nintzelako, kritika lantzak entzun behar izan nituen organozaleen elkartearen eta Donostiako musikagile ospetsu baten eskutik. Musikan aditua den lagun batek esaten duen bezala, froga bat egin beharko genuke noizbait: katedraleko organo barrokoan eta organo digitalean grabazio bana egin pieza berberarekin. Nekez bereiziko genuke zer non jo den.

Sormenarekin jarraitzen al duzu gaur egun?
Urritzen ari zait memoria eta sormen gaitasuna. Nire pieza asko beste musikari batzuek interpretatuta entzuten ditudanean, zur eta lur geratzen naiz: “neronek konposatutakoa al da hori?”. Azkenaldian, espiritu klasikoagotik jotzen dut, eta batez ere Valladolid eta inguruetako mojen komentuentzat piezak sortzen ari naiz, mordoska. Letrak erakusten dizkidate, eta neuk kantuak sortzen dizkiet. Oso xumeak dira lanak, beren mezetan eta liturjietan kanta ditzaten.
Nire kezkak txikiagoak, praktikoagoak dira, egun. Esaterako, laster Aguilerara (Burgos) joan beharra daukat bertako mojen abesbatza zuzentzera, monasterio moderno bat inauguratzen dutela eta. Bi orduko bidaia egin behar dut autoan, eta nire buruhausterik handiena zera da: ea aparkatzeko tokirik topatuko ote dudan.
90 urte ditut, baina Valladolidetik Andoainera ere bakarrik etortzen naiz autoan...

Ezagutzen al dituzu Andoaingo organo joleak?
Andoaingo kultur bizitza urrun geratzen zaidan arren, Ana Belen Garcia eta Myriam Ulanga ezagutzea egokitu zait, eta oso organo jole bikainak direla aitortu behar dut. Bestalde, aspaldian Donostian bizi den Joakin Sueskun andoaindarrarekin ere badaukat tratua; hain zuzen, egunotan, nire azken lan disonantearen partiturak jarri dizkiot eskura, jo ditzan.


Kaletxikin jaioa

  • Pedro Aizpurua Zalakain Andoainen, Kaletxikin jaio zen 1924an. La Salleko anaiekin lehen ikasketak egin eta gero, 11 urterekin Comillaseko (Santander) unibertsitate pontifikalera joan zen. Han apaiztu, eta filosofia eta teologian lizentziatu zen.
  • Piano, organo eta konposaketako ikasketak eginak ditu Donostiako kontserbatorioan.
  • Musika erlijiosoa zein garaikidearen sortzailea da. Abesbatzek abesteko (latinez, gaztelaniaz eta euskaraz), eta organo, piano eta orkestrek interpretatzeko makina bat pieza sortu ditu.
  • Tartean, Salve Regina pieza sortu zuen 1994an; Agustin Leitza Andoaingo Seme Kuttu-nari esker ona adierazteko salbea da, San Juan egunaren bezperan kantatzen dena.  
  • Gaztela-Leongo Gizakiaren Aroak (Las edades del Hombre) izeneko erakusketaren Cantataren (musika sinfonikoa abesbatzarentzat) egilea da.
  • Disko ugari argitaratu ditu, eta Estatu Batuetan, Europan eta Errusiako hainbat tokitan interpretatu dira.
  • Historialaria ere bada musikologian, eta besteak beste, Juan Antxieta azpeitiar konposatzailearen Cuatro Pasiones Polifónicas obra argitaratua du.
  • Egun, Valladolideko Katedralean kaperau-maisua da.
  • Bere sormen emankorraren berri: Euskal Herriko Musikagileen Elkartearen web orrian (Musikagileak).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!