Gutuna, deia eta elkarrizketa
Urte amaieran jarri zuten martxan ekimena, herriko adinduei gutuna bidaliz. Hala azaldu du Zahirak: “Gutun horretan, ekimenaren berri ematen genien, helburu nagusiak zehaztuz. Elkarrizketa egin aurretik, noski, telefonoz deitzen diegu eta berriz ere beharrezko azalpen guztiak ematen dizkiegu. Azken pausoa, herritarraren etxera joan eta elkarrizketa egitea izaten da. Dagoeneko 46 elkarrizketa egin ditugu, eta oso harrera ona jaso dugu”.
Otsaila bitarte arituko dira elkarrizketa hauen bidez datuak biltzen, ondoren, analisirako tartea hartuko dute: “Bildutako datuei esker, gure herriko helduek orokorrean duten egoera ezagutuko dugu, eta hori baliagarria izango da Udalarentzat”.
Datuak biltzeaz gain, Gizarte Zerbitzuen inguruko berri ematea ere badute helburu: “Elkarrizketa egitera joaten garenean, pertsonaren egoera zein den ikusten dugu. Gizarte Zerbitzuen inguruko informazio orokorra emateaz gain, bakoitzaren egoeraren araberako informazio zehatzagoa ere eskaintzen diegu. Laguntzak eskuratu ahal izateko, bulegora deitu eta hitzordua hartu behar dute”, azaldu du Zahirak.
Datozen asteotan, Amaia eta Zahira teknikariak etxez etxe ibiliko dira, helduei elkarrizketak egiten: “Elkarrizketa errazak dira, oso modu errazean erantzutekoak. Bildutako datuak oso baliagarriak izango dira Udalarentzat, eta herritarrek ere Gizarte Zerbitzuen inguruko informazio baliagarria jasoko dute”.
Gizarte Zerbitzuak
- Gizarte Zerbitzuetako ordutegia: 08:00-11:30
- Gizarte Langilea: ekane Zubizarreta
- Administraria: Mikel Imaz
- Hitzordua hartzeko telefono zenbakia: 943 693 309