Bigarren eskuko azoka udaberrira atzeratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 09:43

Belaxen sortu berri den elkarteak otsailaren 7rako bigarren eskuko azoka antolatuta zeukaten, baina eguraldia medio, udaberrira atzeratzea erabaki dute azken momentuan. Zubitxo plazan bigarren eskuko postuak jartzea zen asmoa.

Merkataritza pizteko asmoz batu dira Enkarni Kuesta, Axun Jauregi eta Belen Anso. Belaxen elkartea sortu dute, komertzioari bizitasuna emateaz gain, beraien abileziak martxan jartzeko. Enkarni jostuna da eta haurrentzat arropak egiten ditu; Axunek burnia birziklatzen du eta kandelabroak, zintzilikarioak eta abar egiten ditu. Belenen laguntzarekin artisautza eta merkatua oinarri hartuta, herriari bizitasuna eman nahi diote. Hasteko, otsailaren 7rako bigarren eskuko azoka antolatuta zeukaten, baina eguraldia medio, udaberrira atzeratzea erabaki dute azken momentuan. Zubitxo plazan bigarren eskuko postuak jartzea zen asmoa.
Urnietak horrelako ekintzak behar dituela uste dute. “Europan bigarren eskuko arropa erabiltzeko ohitura dago. Hemen ere, krisialdi honetan, kultura hori pixkanaka sartzen ari da”, azaldu du Enkarnik. Donostian, Hernanin, Tolosan badira bigarren eskuko azokak eta dendak. Horregatik, Urnietak ere horrelako zerbait falta duela irizten diote, “bertako komertzioa oso eskasa da eta kanpora joaten gara kontsumitzera”, aitortu du Axunek.
Lehenengo ekimen hau udaberrira atzeratu badute ere, gogoz eta ilusioz hasi dira. Jendea animatuz gero, azoken dinamika batean sartzea gustatuko litzaieke eta behin baino gehiagotan egin. Gainera, artisautza azoka egitea ere pentsatu dute: “Jendea ezagutzen dugu, eta kontaktuan jarri gara jada. Bakoitzak bere produktuak jarriko lituzke salgai”.
Eguraldiagatik oraingoan ez da posible izan. “Jendea anima dadila, izan gazte edo heldu. Gazteek ere aprobetxatu ditzatela horrelako aukerak, kurtso amaierako bidaiarako dirua lortzeko, esate baterako”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!