PSEren gidaritza hartu du Consuelo Frutos zinegotziak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 09:42

Urnietako PSE-EEk datozen Udal hauteskundeetarako azken agintaldietan zinegotzi lanetan aritu den Consuelo Frutos herrikidea aurkeztu du alkatetzarako. Orain arte herriko sozialisten bozeramaile eta buru izandako Herme Gonzalez eta batzar nagusietarako hautagai Denis Itxaso alboan izan zituen aurkezpen ekitaldian.

Bertan adierazitakoaren arabera, Frutosentzat gobernu talde berri baten premia nabarmena da: “beharrezkoa dugu ideiak garbi izango dituen gobernu taldea, gardena eta apala langabeziari eta krisiari aurre egiteko”. Kudeaketarako eta herritarrak entzuteko gaitasuna aldarrikatu zituen. Prest dagoela dio, “borroka zelaian esperientzia izatea baino eskola hobeagorik ez dagoelako”. Lanarekin, erantzukizunez eta kemenarekin Urnieta ezberdina, hobea lortu nahi du.
Sozialisten buruzagitzan lekukoa utziko dion Herme Gonzalezek, Consuelori aukera bat eman behar zaiola adierazi zuen, eta horretarako bizilagunei laguntza eskatu zien. Agerraldian adierazi zuenez, sozialisten herriko asanbladak aho batez onartu zuen Frutosen hautagaitza. Balorez beteriko emakumetzat definitu zuen Urnietako sozialisten alkategai berria.
Consuelo Frutos Gonzalez Burgosen jaio zen 1962an, eta 4 urte zituela bere familiarekin hona etorri zen. Azken 12 urteetan zinegotzi lanetan aritu da Urnietako udaletxean.
Urtarrilaren 30ean egin zuten aurkezpen ekitaldian EAJ-PNVren agintaldia eta EH Bilduk tarteka eskaini dion lankidetza gogor kritikatu zituen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!