Eskolako guraso elkartean buru-belarri lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 09:23

Adunako eskolako guraso elkarteko lehendakari da Jone Olasagasti adunarra. Gustura ari da lanean, alor berriak ezagutu eta ikasten.

Lau kidek osatzen dute guraso elkartea eta hilean behin euren arteko bilerak egiteaz gain, eskolako zuzendaritza batzordearekin ere maiz biltzen dira haien kezkak aztertzeko. Gurasoei zuzendutako formakuntza ikastaroak antolatu ohi dituzte Baikara elkartearen laguntzaz edota euren kabuz hizlariak bilatuta. Iaz, esaterako, ‘haurrak errietarik egin gabe nola hezi’ ikastaroa eskaini zuten eta izandako arrakasta ikusita, epe laburrean jarraipena eman nahiko liokete. Ikastaroez gain, eskolak antolatzen dituen ekimenak bideratzen ere laguntzen dute: Santomas festa, Olentzeroren etorrera… “Inauterietako festan nahiz Korrikaren ingurukoan laguntzen arituko gara epe laburrean. Era berean, guraso eta haurrei zuzendutako egunpasak ere prestatzen ditugu. Iazko guraso elkarteak jarri zuen abian ekimena eta oso erantzun ona izan zuen. Familia berri ugari dago herrian eta antzeko hitzorduak elkarren artean gehiago ezagutzeko primerakoak dira”, uste du.

Ondo egokitutako eskola txikia
Aduna herria asko hazi da biztanle txikiz ere. Jonek azaldu duenez, eskolan lehen 15 ikasle baziren, 58 dira egun eta hurrengo urtean 65 ikasletik gorako eskola txikia izan dezakete. “Ume asko biltzen du eskolak eta astean zehar bereziki, oso nabaria da herria bizirik mantentzen dutela; parkearen inguruan, herrian bertan geratu nahi izaten baitute ume guztiek”, azaldu du. Jone adunarra da izatez eta bertako eskolan ikasi zuen ume zelarik. Bere hitzetan, beste eskola mota bat zen ordukoa, udaletxe azpian, gela berean biltzen ziren 3tik 9 urte bitarteko haur eta gaztetxoak, “Andoainen jarraitzen genuen gero, nahiz eta gure belaunaldia izan zen Andoainera joaten azkena; handik Zizurkilgo Pello Mari Otañora hasi ziren. Orain, berriz, 12 urtera arte aritzen dira Adunan bertan”, argitu du. Ederki moldatutako eraikina dute horretarako: liburutegia, psikomotrizitate gela, adin ezberdineko haur eta gazteentzako gelak, ganbara txokoa, bilera gela…

Inauteriak gainean
Inauterietan, iaz arte, adinka banatuta, antzerki emanaldiak eskaini ohi zituzten ostiral mehe egunean. Iaz, euskal mitologiako pertsonaiekin osatutako dantzaldia antolatu zuten pilotalekuan eta aurten ere dantzaldia eskainiko dute ikasle, irakasle nahiz gurasoak mozorrotuta. Eguraldiak laguntzen badu kalejira egingo dute aurrena herrian zehar eta amaitzeko, baita txokolate jana ere.

Jolaserako aterpeak neguan
Eskola orduak bukatuta eta neguari begira bereziki, aterpea ezinbestekoa zuten Adunan, eta Udalak, behar hori ikusita, ludoteka zerbitzua jarri zuen martxan elizaren ondoko etxabean, “gurasoen artean bideratzen dugu ludotekako garbitasuna eta mantenua. Zerbitzu hori erabiltzeko beharrezkoa da udaletxean 5 euroren truke eskatu behar den giltza eskuratzea. Haur txikiek erabiltzen dute ludoteka batik bat eta txiki geratu da dagoeneko. Udalari oraingo lokala zabaldu edo berria egokitzeko eskatu beharrean gaude”, aurreratu du. Gainerakoan, jolas parkeekin batera, pilotalekua izan da nagusiki Adunako gaztetxoen jolasgunea, “orain artean pilotan eta pilotan jolastu izan dute herriko gaztetxoek. Aurrerantzean, kirol pista berrian, futbola, saskibaloia edota eskubaloian aritzeko aukera ere izango dute”. Kirol pista egokitzen ari diren gunean Jonek bideratzen zuen eskolako baratzea zuten iaztik. Kokaleku berria aurkitzekotan dira orain.

Loreak, sagardotegia eta herrigintza
Eskualdeko herritar askok loreekin lotuko du Joneren aurpegia, izan ere lore-saltzailea izan baita duela bi urte langintza utzi zuen arte. Utzi, utzi…, guztiz utzi ez duela zehaztu du, “etxekoek loreekin lanean jarraitzen dutenez, haiei laguntzen aritzen naiz oraindik ere”. Gainerakoan, senarra eta haren familiako sagardotegian ere laguntzen du. Ez da geldirik egoteko jaioa. Herriko ekimenak antolatzen parte hartzea gustuko du, “ahal dudan neurrian, herriaren alde lan egiten saiatzen naiz; beti izan baitut herriarekiko maitasuna”. Herri handietan bezala, nahi izanez gero, txikietan ere beti zeregina izaten dela uste du: “Udala ekimen ezberdinak antolatzen saiatzen da eta nabaria da hori, Aduna ez baita herri hila. Badu mugimendua”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!