Yoga egiteko aukera zabalik Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 09:21

Duela hamar urte inguru jarri zuten martxan Larraulgo yoga ikastaroa. Astelehen arratsaldetan biltzen dira eskolako eraikinean.

Udaletxeko goiko solairuan egin zituzten lehendabiziko yoga saioak. Orain, berriz, eskolako eraikinean biltzen dira astean behin, musika lasaigarria jarrita, yoga ariketak egiteko.
Sei ikasle inguruko taldea bildu ohi da bertan, eta zabalik dute taldekide gehiago hartzeko aukera. Kristina Garde taldekideak hartu du hitza: “Duela hamar bat urte hasi ginen yoga ikastaroarekin. Irakasle bat topatu, deialdia egin, eta martxan jarri ginen. Geroztik, etenik gabe aritu izan gara. Pozik gaude erantzun ona izan dugulako. Egun, sei ikasle etortzen gara, astelehen arratsaldetan, 17:15etan hasita”.
Aloña Agirrezabala eta Bharat Yogacharia dira Larraulgo irakasleak. Tolosako Anandi yoga eskolako kideak dira biak ere. Aloñak azaldu duenez, ia bi orduko saioak egiten dituzte eta saio bakoitzak hiru zati izaten ditu. “Meditazioarekin hasten gara; besteak beste, irudikapenak egin eta mantrak abesten ditugu horretarako. Asanak edo gorputz ariketak egiten ditugu geroago eta, saioari amaiera emateko, erlajazioa lantzen dugu. Hori guztia behar bezala landu ahal izateko, beharrezkoa da saioari bi ordu inguruko tartea ematea”.

Norbere buruaren jabe
Gorputza, adimena eta arima lantzen dituzte yoga saioetan. “Taldekide bakoitza gure mailan aritzen gara. Inoiz yogarik egin ez duten pertsonek ere, bere tokia aurkituko dute hemen. Etor daitezela beldurrik gabe”, azaldu du Kristinak.
Duela hamahiru bat urte hasi zen Aloña yogaren munduan murgiltzen, eta dagoeneko hiru daramatza irakasle lanetan. Talde bakoitzaren arabera antolatzen ditu saioak: “Taldeak berak erakusten dizu zer behar duen, nola sentitzen den erosoago. Horregatik, adinari dagokionez ere ez dago yoga egiteko inolako mugarik. Bakoitzak bere erritmora egin ditzake ariketak, bere gaitasunaren eta beharraren arabera”.
Fermin Agirre larrauldarra ikastaroko beste partaideetako bat da. “Arnasketa ariketak egiten hasi nintzen duela urte asko. Arnasketaren mundu haren bidez ezagutu nuen yoga. Larraulen taldea sortu zenean, ez nuen zalantzarik izan eta parte hartzen hasi nintzen. Arnasketa ariketak egiten genituen gehienbat lehendabiziko urte haietan. Orain, berriz, egiazko yoga egiten ari garela esango nuke, eta oso gustura etortzen naiz”.
Kristina Garde ere pozik dago herrian bertan yoga egiteko aukera dutelako: “Betidanik nuen yoga egiteko gogoa eta herrian bertan egiteko saiakera egin genuen. Irakasle batekin hitz egin eta baiezkoa eman zigunean, taldea antolatzeari ekin genion. Lehen ikastaroa amaituta, gehiagorako gogoz geratu ginen, eta urtero lortu dugu taldea sortzea”.
Yoga egiten duen jendearen kopurua jaitsi egin da azken urteotan. Aloña Agirrezabalek moda kontuak aipatu ditu: “Yoga oso boladan egon zen urte batzuetan, eta jende askok egiten zuen. Orain bolada hori jaitsita dago. Nolanahi ere guztiontzat moduko jarduera da eta oso onuragarria. Norbaitek froga egitera etorri nahiko balu, bertara hurbildu besterik ez luke egin behar. 605 743 987 telefono zenbakira deituz argitu ahal izango dituzte zalantza guztiak”.

Helburuak
  • Norbere buruaren jabe egitea.
  • Gure pentsamenduak eta emozioak ulertzen hastea.
  • Gorputz ariketen bidez lasaitzea eta hobeto sentitzen hastea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!