Kantuaren gozamena, barne lasaigarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 5a, 09:17

Edurne Mujika billabonatarra Aiurriko harpidedun da aldizkariaren sorreratik eta oso gustura jasotzen du urtero Aiurriren kantu liburuxka.

Buzoitik jaso bakarrik ez, gorde ere egiten baititu. Orain 17 urte hasi zen Aiurri aldizkaria sagardotegi garaian kantu liburuxka argitaratu eta aldizkariko harpidedun eta sagardotegi laguntzaileen artean banatzen. Bada, euskal kantu herrikoiekin osatutako argitalpen guzti-guztiak etxean gordeta ditu Edurnek, bilduma txikia eginda. “Urtez urte kantu ezberdinak jasotzen ditu liburuxkak eta primeran etortzen dira kantu afarietarako. Kantu ezagunak biltzen dituen arren, urteen joan-etorrian letrak atzendu egiten dira eta ondo etortzen da berritzeko. Bestalde, amasar talde batek Errioxara irteera egin ohi dugu urtean behin eta Aiurriko kantu liburuxkak eramaten ditugu kantuan aritzeko”, azaldu du. Gaztetxotatik kantatu izan du Edurnek etxean eta ondo gogoan du nola zaletu zen kantura. “Etxe-ondon jaio zen gure ama eta hantxe igaro nuen haurtzaro guztia. Bertan bizi zen lehengusuak garai hartako euskal diskoak erosten zituen: Lurdes Iriondo, Urretxindorrak, Argoitia anai-arrebak…, eta haien kantuak entzuten genituen beti. Geroztik ikasitako kantu askoren letra ugari ahaztu bazait ere, oraindik disko haietako letra guztiak gogoratzen ditut. Zer ote den ume izatea…”.

Kanturako joerak gora
Bere gazte garaian kanturako orain baino joera handiagoa zegoela uste du, edozein koadrila bazkari edo afariren ondoren kantuan aritzen zirela. Duela hamar utez geroztik ohitura hura zertxobait berreskuratu egin dela dio Kantu-jira ekimenei esker. “Tolosa edota Donostiako taldeak, esaterako, oso indartsu mantentzen dira. Villabonan ere egin zen saiakera. Hasieran ekimenak arrakasta beroa izan bazuen ere, denborarekin apaldu eta desagertu egin zen taldea”.
Edurnerentzat oso garrantzitsua da kantatzea eta barrua hustutzeko oso modu egokia iruditzen zaio. “Etxean ez ezik, mendira txakurrarekin joandakoan, -inguruan inor ez bazegoen behintzat-, gustura aritzen nintzen barru-barrutik kantuan”, adierazi du.

Eresargi abesbatzako kide
Abesbatzako kide da duela bederatzi urtez geroztik. Semearekin batera Idiazabalen gaztagintzan lanean aritzen denez, entseguetara etortzeko esfortzua egin behar izaten du, baina ahal duela, ez du hutsik egiten, oso gustura etortzen baita. “Oso aberasgarria iruditzen zait abesbatzan abestea, ikasi egiten da eta egunerokotasunetik aldentzeko ere primerako ariketa da. Lehen, etxean edo mendian bakarka asko abestu arren, abesbatzan hasiz geroztik, nonahi abesteko lotsa galdu nuen. Esaterako, Idiazabalgo Gazta egun bateko bazkalostean Iparraldeko Dominique artzainarekin Pantxoa eta Pello eta Xabier Leteren bi kanta abestu nituen. Izugarri gozatu genuen”, azaldu du. Kantatzea gustatzen zaien guztiei keinu eginez, abesbatza denentzat zabalik dagoela gogorarazi nahi du, “kantatzea gustatzen zaionak gozatu egingo baitu gure abesbatzan”. Hala nahi duenak, beraz, badaki nora jo behar duen. Urtean zehar hiruzpalau emanaldi eskaintzen ditu Eresargik herrian. Abesbatza estatikoa izan ez dadin, emanaldi ezberdin eta berritzaileak prestatzen ahalegintzen dira, horrela, iazko Santioetan, esaterako, Umama Jazz Quartet tadearekin batera prestatu zuten saioa, oso arrakastatsua izan zena.

Kantari kuttunak
Gustuko kantari ugari du Edurnek, baina guztien artean, Imanol aipatu nahi du bereziki, “Euskal Herriak izan duen artistarik onenetakoa iruditzen zait. Oraindik ere zirrara sortzen didate bere kantuek. Benito Lertxundi ere oso gogoko dut eta, noski, baita Erramun Martikorena ere”. Diktadura garaian, berriz, protesta kantuak entzun zalea zen, askapena baitzen eurentzat. “Frankismo garaian protesta kantuen jaialdi asko antolatzen zen eta sekulako jendetzak biltzen ziren. Guretzat askatasunerako ateak ziren jaialdi haiek. Jendea kandelak eta metxeroak piztuta, oso saio hunkigarriak izaten ziren. Haietan ezagutu nituen Eñaut Etxamendi, Eñaut Larralde edota Pantxoa eta Pelloren kantuak, baita Paco Ibañez edota Luis Eduardo Aute kantautoreak ere. Oso gustuko ditut denak”. Kantua ez ezik, bertsolaritza ere etxean ezagutu zuen, aita eta aitona bertsozale amorratuak baitzituen.

LIBURUXKA GEHIAGO
Aiurriko harpidedunen batek bigarren kantu liburuxka nahiko balu, bidal dezala whatsappa “Kantu liburuxka” hitz gakoa erabiliz eta harpidedunaren izena aipatuz: 619 163 537.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!