Urnietako Udalak elurte plana indarrean jarri du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 4a, 18:10

Urnietako Udalak martxan jarri du elurtearen aurkako protokoloa.

INFORMAZIOA
Udala: 943 00 80 00. Udaltzaingoa: 943 00 80 00 / 943 33 22 45.

Planaren xehetasunak:

Urnietako Udalak martxan jarri du elurtearen aurkako protokoloa. Egoeraren arabera, protokoloa aktibatu eta beharrezko neurriak hartzen dituzte. Elurra egonez gero, lau traktorek elurra baztertu eta gatza botatzen dute. Udaletik adierazi dutenez, SOS deiak-ek alerta bidali eta egoeraz ohartarazten ditu; horrela, alkatea, larrialdietako arduradun tekniko eta operatiboa eta hirigintzako arduradunak elkartzen dira, balorazioa egin eta hartu beharreko neurriak adosteko.

GATZA, IZOTZAREN ARRISKUAK SAIHESTEKO
Egun hauetan elurrik egin ez arren, oso tenperatura baxuak daudenez, izotz arriskua saihesteko gatza bota dute herriko zenbait gunetan; anbulatorio zaharreko maldan, Denda Berriko sarreran eta trenbideko sarbidean, besteak beste. “Eguraldi lehorra bada, leku arriskutsuenetan soilik botatzen dugu gatza”, azaldu dute Urnietako udaletxean. Dena den, elurra egiten duenetan, gatza banatzeko traktoreak martxan jartzen dituzte; baita herritik aparteko guneetan ere, Goiburun, Ergoienen, Oztaranen eta Lategin, hain zuzen.

GATZA TAMAINAN
Bestalde, herritarren batek arazoren bat badu udaletxera edo Udaltzaingora deitu dezake eta bertan emango diete behar duten informazio guztia. Gatza behar izanez gero, Udal zerbitzuen biltegia Erratzun dago eta hara hurbilduta emango diete. “Gatza ematen dugu baina kontrolpean; izan ere, ezin dugu nolanahi eman eta bota. Jadanik lau lagunek eskatu digute eta guk ikusitako proportzioan eman diegu”.   

INFORMAZIOA
Udala: 943 00 80 00.
Udaltzaingoa:
943 00 80 00 / 943 33 22 45.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!