XIII. Blues Gaua, otsailaren 28an Zizurkilgo tabernetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 4a, 13:51

Otsailaren 28an XIII. Blues Gaua izango da Zizurkilen. 20:30etan, Atxulondo eta Egarri tabernen artean Broken Brothers Brass Band taldearen kalejira hasiko da eta ondoren kontzertua eskainiko dute Atxulondo tabernan 23:30etatik aurrera. 00:30etan, berriz, Jimmy Barnatan & The Coconers  taldearen emanaldia izango da Egarri tabernan. Jarraian Zizurkilgo Blues Gau entzutetsuan parte hartuko duten informazio zabalagoa:

BROKEN BROTHERS BRASS BAND

IN THE MUD                                    

2006-an sorturik, Amama Luisa Brass Band talde aitzindariko hainbat kide tarteko. Broken Brothers taldeak New Orleans-eko gaurregungo taldeen hots kaletar eta jai girokoak ditu oinarri. Hiri hartan dago musika afroamerikar gehienaren jatorria: gospela, funka, jazz modernoa eta rhythm and bluesa... eta banda honek tradizio hori ederki barneratu du, inprobisazioari oinarrizko ezaugarri duela.

Broken Brothers iruñearrak brass dira erabat; alegia, haize instrumentuak, batez ere, eta perkusiozkoak dauzkan taldea. Tresna akustikoak, samplerrak, scratcheak, errimak, txaloak, barreak..., dena batera, behar bezala hornitua eta ongi nahasia.

Bigarren LPa kaleratuta, bertan musika berria, formula berriak, sortzen jarraitzen du Broken Brothers Brass Band taldeak, eta ausardiaz ontzen du bere hotsa. Bertan, New Orleanseko groovearen eta New Yorkeko eguzkitzarren nahasketa, haizea ematen ari denari gehiegizko protagonismoa eman gabe, betiere taldea bere osotasunean harturik.  

Broken Brothersekoek, dena den, Millerren doinu eternoari keinu bat egin diote, bigarren diskoaren izenburuan: In The Mud . Hau da, lokatzetan. Lokatzetan egotearena taldekideen artean askotan erabiltzen duten adierazpidea da. Eta lohietan sortzen da, «kaos ordenatu bat», inprobisazio kolektibotik datorrena. 11 abestiko lana da emaitza —euskarazko, ingelezko eta gaztelerazko izenburuak dituzte, eta instrumentalak dira ia-ia osotasunean.

Broken Brothers Brass Band

Ion Celestino (tronpeta), Gorka Gaztanbide (kaxa), Jon Uribeetxeberria (dunbala), Alberto Areta ( saxo tenorea) Iñaki Rodriguez (saxo baritonoa), Mario Díaz de Rada (tronpeta),  Miguel Moisés (tronboia), Txarli Otsoa de Aspuru (tronboia), Alfonso Areta ( helikoia)

Eskutan duzun disko hau, geure hiria bizigarriagoa, dantzagarriagoa, erritmikoagoa egiten duen bertatik bertarako bidai-txartel hau, The fire blowers kantan hasten da eta Orain dena akabo izenekoan gelditu egiten da, baina, izenburua gezurtatuz, ez da amaitzen. Piztu baduzu, ez da inoiz amaitzen.

ANGEL ERRO

 …zuzenean ere horrela gertatzen da.

 

JIMMY BARNATAN & THE COCONERS

Country-a, Blues-a eta Soul-a Swing gordinarekin nahastuta

Jimmy Barnatánek izaki bitxia ematen du baina erabat berezkoa du izaera hori, egiatan. Santander eta New York artean hezia, txikitandik elikatu zen estatubatuar musika eta kulturaren sustraiekin. Bigarren “freaks” horien joerako antzezle gisa ezagunagoa, agertokian ikusten duen oro txundituta eta harria bete hortz geratzen da haren karisma ikusi eta bere bluesman-ahotsa entzunda.

Hondarribiko Blues Jaialdian bezelako agertokietan milaka  ikus-entzuleren aurrean, taula Eric Burdon eta Shemekia Copeland bezalako izar handiekin partekaturik, edo  areto txikietan ederto moldatzen da musika beltzaren estilo guztiak abestuz.

ROOM 13 bere aurreneko diskoan, hitzak eta musika uztartu zituen. Bertan Álex Ángulo, Adriana Ugarte eta El Gran Wyoming-ek hartu zuten parte, zinema munduan  (El día de la Bestia, Torrente..) eta telebistan (Los Serrano) ere agertu izan delako Barnatán.

Ez da samurra izan Barnatánen musika ibilbidea. “Zineman eta telebistan egindako bideak ateak ireki ez baizik eta itxi egin dizkit. Etiketak jarri zaleak gara oso: abeslaria dena ezin antzezle izan daiteke” deitoratzen du. “Esadazu AEBetan zeinek ez duen nahi duena egiten. Ezer adierazteko premia baduzu eta behar hori hainbat modutan bideratu badezakezu, hainbat eta hobe”.

 “MOTOR CLUB” bere laugarren diskoa grabatu berri du eta bertan parte  dute Nando G. Miguel- La Fuga, Carlos Tarque- M-Clan eta Johnny Cifuentes  Burning taldekoak. Diskoa otsailean argitaratuko da eta Zizurkil izango da diskoa aurkezteko lehen plaza.

Jim Morrisonenganako debozioak ireki zizkion bluesaren ateak. “The Doors taldearen album guztien lehenengo edizioekin, milioika liburuekin eta botila tekila hustu batekin betetako aldarea dut etxean. Morrisoni esker musika psikodeliko zoragarria ez ezik bluesa ere ezagutu nuen. Bluesan sarrera izateko modu aski bihurria zen, baina inoizko blues talde onenetakoa dela iruditzen zait niri. Une oro presente dudan erreferentziazko abeslaria eta ikonoa dut”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!