Zanpatuz lehen irteeraren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 30a, 10:12

Nekeak neke, elurrak elur, irteera bikaina. 46 lagunek osatu zuten Urnieta eta Leitza arteko zeharkaldia; 8 orduz luzatu zen ibilaldia, elurraren erruz. Uste baino nekezagoa eta luzeagoa, baina Zanpatuz mendi elkartearen lehen irteera bikaina izan zen. Besabi zeharkatuz, eta Maite Begiristainek jarritako erritmo bizian Eteneta eta Aitzolako iturrira iritsi ziren, bi ordu eta erdian. Handik aurrera gaiztotu egin zen martxa.

Elurra gero eta lodiago, eta taldeko indartsuenak arrastoa irekitzen, metro erdiko geruzan. Lau ordu pasa egin zituen taldeak elurretan, eta horrek ia zortzi orduraino luzatu zuen zeharkaldia.

Dutxa bero baten ostean Harakindegia jatetxean bapo bazkaldu zuen taldeak. Ibilbidea egin zutenek eta autobusean edo autoetan iritsitako beste dozena lagunek, 57 denera. Ihoteak ziren Leitzan, eta koadrilaren batek itzulerako autobusa hartzeko komeriak izan zituen, mozorro artean gustura zegoelako. Zanpatuz mendi taldeak eskerrak eman nahi dizkie ibilaldia antolatzen lagundu zuten guztiei, eta nola ez, parte hartu zuten guztiei. Mendi elkartea aktibitate gehiago antolatzeko lanean murgildu da, dagoeneko. Gauzak normal, martxoan izango da, eta elurrarekin harreman zuzena duen irteera izanen da. Elkarteak horren guztiaren berri zehatz emango du gauzak lotzen doan heinean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!