Ekitaldi horretan bertan udaletxeko bi leihoetatik “Andoaindarrak 400” leloa duten txartel erraldoi bana eskegiko dituzte, ondoko irudiaren berbera. Efemeridea gogoan izateko, horrelako txartel erraldoi gehiago jarriko dituzte Allurralden, Basteron eta herriko beste zenbait toki adierazgarrietan.
“Andoaindarrak hamaika garelako”
Ana Carrere alkatearen adierazpenak egungo Andoain osatzen duten herritarrak oso kontuan hartuko ditu. Bandoaren pasarte esanguratsuena gaur-gaurko andoaindarrei eskainia izango da: “Begirada atzera bota eta gertatu zena gogoan dugula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugun guztiok bat eginez. Horixe baita Andoain: jatorri ezberdinetatik eratorritako herritarren mosaikoa, gure herria den bezalakoa egiten duten kulturen artelana. Andoaindarrak hamaika garelako, andoaindarrak 400 eta gehiago garelako”. Ekitaldia irekia izango da eta herrikide guztiak gonbidatuta daude bertara.