Guifi.net taldearen aurkezpena Andoainen, asteartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 26a, 09:36

Urtarrilaren 27an, asteartea, Guifi.net egitasmoaren aurkezpena egingo dute Basteron. Arratsaldeko 18:30etik aurrera sare libre horren zabalkundean aditua den Alex Shagi Zabalak eta Andoaingo beste zenbait kidek hitza hartuko dute. Hitzaldia Andoaingo Udalak antolatu du.


Software librearen aldekoak diren Andoaingo zenbait herritar eta Udala elkarlanean ari dira aspalditxoan, guifi.net egitasmoa herrian zabaltzeko. Orain arte zenbait antena jarri dituzte Andoaingo lur eremuetan. Hain zuzen, guifi.net-eko seinalea ahalik eta lekurik gehienetara iristeko Sorabillan (eliza), Belkoainen (errepikagailua), Goiburun (frontoia) eta udaletxean antena bana jarri dituzte. Guifi.net lankidetzan oinarritzen da, irekia, parte hartzailea eta neutrala da. Bere azpiegitura erabiltzaileena da.
Argazkian, guifi.net Andoainen zabaltzearen alde dabiltzan zenbait kide ageri dira: Iñaki Iurramendi (Kaskabeltza baserria) Jon Zabaleta, Ainhoa Lopez eta Dani Vivoras. Iurramendi, bere baserriko lurretan guifi.net-eko seinalera konektatzeko aparatua non jarri duen seinalatzen ari da. Ubaraneko erreka ondoan, Leizotz bailaran kokatzen da bere baserria, eta bertara interneteko seinalea modu kaskarrean iristen zenez, guifi.net-eko sistema ezartzea erabaki zuen.
Sistema honetara Andoainen erabiltzaile gutxi batu dira oraingoz, bultzatzaileek ordea poliki-poliki kopurua handitzen joango den itxaropena daukate. Astearteko hitzaldia ekimena gertutik ezagutzeko aukera aproposa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!