Dortsal guztiak airean joan dira. Ordu gutxiren bueltan, agortu dira mendi lasterketa burutzeko dortsalak. Asteburu pozgarria izango zen zuentzat, ezta?
Joseba Labaka. Pozik gaude, bai. Bestalde, asteburu osoan zehar email piloa jaso dugu parte hartzaileen aldetik. Kontuan izan Euskal Herriko txapelketa dela, eta izen-ematean datuak jartzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Sailkapena banaka eta taldeka egingo denez, klubaren izena ondo zehaztu behar da. Izen-ematearena oso azkar zihoan eta taldekide batzuri datuak falta zitzaizkien; urduri zegoen bat baino gehiago.
Momentuka estresatu egin ginen. Lo gutxiago egin dugu asteburuan. Izena ematearen jarraipena gozatzeko izan beharrean, lanean aritu behar izan dugu. Baina gustura gaude, bai.
Probak pizten duen ikusmin handiaren seinale da hori.
J.L. Gure artean hizketan aritu gara egun hauetan. Beharbada Euskal Herri mailako txapelketa izendatu dutelako, edota aurreko edizioetan gauzak ondo egin ditugulako, edota bi arrazoi horiengatik..., kontua da izen ematea bete egin dela ordu gutxiko tartean.
Datuak aztertzen gabiltza. Aurreko edizioetan partaide gehienak eskualdekoak eta donostialdekoak ziren. Aurten, ordea, partaidetza hori zabaldu egin da. Euskal Herriko txapelketaren ondorio da hori.
Bigarren datu aipagarria. Aurreko urteetan emakumezkoen parte hartzea oso baxua zen. Aurten erabat ezberdina izango da. Gainerako lasterketa garrantzitsuen bataz bestekoan ibiliko gara.
Datu horiekin poza badugu, baina tristura ere bai. Jakitun garelako bertako jende asko kanpoan geratu dela, dortsala eskuratu ezinik. Tartean badaude aurreko hiru edizioetan parte hartu duten lasterkariak.
Aurreko hiru edizioetan parte hartu duten horiei antolakuntzak ezin al zien tokia ziurtatu?
J.L. Taldean aztertu genuen hori. Baina erabaki genuen horrelakoak egiten hasteko goiz zela. Aurreko edizioak zenbatuta 1200 lasterkari irten dira eta horietatik oso gutxi dira urtero irten direnak. Normalean gogoz dagoena, gainera, izena emateko arin ibiltzen da.
Egia da, bestalde, itxaron zerrenda begiratzen jarri eta asko urnietarrak eta andoaindarrak direla. Bihotzeko min handia ematen digu horrek. Hasieratik gugan konfiantza erakutsi zuen jendea delako. Baina horren aurrean, bestalde, ezer gutxi egin genezake. Lasterketa honen azpiegiturarekin ezin dugu parte hartzaileen kopurua handitu. Aztertuko dugu partaide horien egoera, baina oso zail dago.
Izena ematea amaituta, lasterketaren antolaketa zein lanetan murgilduko da orain?
J.L. Babesleekin eta hornitzaileekin harremanetan jarriko gara hurrengo egunetan. Parte hartzea zein den ikusita, badakigu zein behar izango ditugun. Bestalde, azpiegitura prestatzen hasteko lanean hasiko gara. Aurreko edizioetan azken egunetan zeregin guztiak batera burutzen genituen. Esperientzia hartzen ari gara eta aurten bi hilabeteren faltan lanak aurreratzen hasiko gara.
Kirol arloan Jokin Lizeaga txapeldun eta hautagai nagusiak, beraz, dagoeneko bere aurkariak nortzuk diren jakingo du.
J.L. Jokin Lizeagak oraindik ez daki bere aurkariak nortzu izango diren. Faborito izango direnen izenak azken egunetan jakingo ditugu. Urnietako lasterketa aurten Euskal Herriko txapelketa bilakatzean, federazioak hainbat dortsal bere esku izango ditu nahi bezala banatzeko. Eta horien artean izango dira faborito nagusiak. Lesioen edota egutegiaren arabera, korrikalari on horien izenak azken unera arte ez ditugu jakingo.
Baina, bestalde, Jokin Lizeagari dagokionez, kostako da iazkoa baino aurkari gogorragoa izatea. Iaz Aritz Egea oso maila onean zegoen eta ondo estutu zuen Lizeaga. Ibilbidea ezagutzearen abantaila hori badu Jokinek, ezin uka hori. Iaz korrikalari handiek duten kalitate kolpe horri esker irabazi zuen.
Lasterkarien ikusmina, Euskal Herriko txapelketa..., urte gutxiren bueltan ospea hartu duzue. Lasterketa egiten jarraitzeko abantaila handia izango da, beraz?
J.L. Orain arte lan asko egiten zen babesleak bilatzen. Babes hori ziurtatzen ari gara eta dagoeneko marka batzuk gurekin harremanetan jartzen hasi dira. Aurten, esaterako, arropa marka ezagun batekin hizketan ari gara eta parte hartzaile bakoitzari kalitate handiko arropa emango zaio. Izen-ematearen preziotik gora dagoen kalitatezko produktua izango da. Xehetasun guztiak lotzen ditugunean informazio gehiago emango dugu.
Xoxokatik irten eta bertan amaituko al da aurtengoa ere?
J.L. Aurten federazioak gure proba txapelketarako aukeratu zuen eta, guri galdetu eta gero, baiezkoa erantzun genuen. Ibilbidea ez dugu aldatuko eta bere horretan utziko dugu, dagoen bezala federazioak dituen ezaugarrietan sartzen delako.