Ihauterietako argazki lehiaketa, Udalaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 23a, 11:56

Andoaingo Udalak Ihauteri hauetarako argazki lehiaketa antolatu du eta irabazlearen lana 2016. urteko kartel iragarlean eta programaren azalean agertuko da. Lehiaketa herri mailakoa da eta hartu ahal izango dute parte 14 urtetik gorako pertsonek, Andoainen bizi, ikasi edota lan eginez gero. Gaia Andoaingo Ihauteriak izango da, eta argazkiek Andoaingo Ihauterietan ateratakoak behar dute izan.
Argazkiak paperean aurkeztu behar dira, gutxienez 20 x 15 cm-ko neurrian eta, gehienez, 30 x 40 cm-koan, euskarri gogor batean eta negatiboekin edo jatorrizko artxibo digitalarekin batera. Partaide bakoitzak, gehienez ere, lau aurkeztu ahal izango ditu, txuri-beltzean ala koloretan. Lanak Basteron aurkeztuko dira otsailaren 27an, ostirala, 10:00etatik 13:00etara edota 16:30etatik 19:30etara. Lanekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu behar da, eta horren barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa; baita aukeraturiko lema azaltzen duen agiria ere. Gutunazalaren kanpoaldean zein argazkien atzealdean, lema baino ez da idatziko.
250 euroko sari bakarra banatuko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!