Zein da zuen akademiaren berezitasuna?
Gure akademia Cambridge Unibertsitatearen azterketa ofizialak antolatzen dituen erakundearen partaide da eta, horri esker, gure ikasleei Cambridge azterketetara prestatu eta aurkezteko aukera eskaintzen diegu. Ikastetxe eta enpresetan ere klaseak ematen ditugu; baita atzerrian ikastaroak antolatu ere. Urte hauetan zehar, ordea, konturatu gara, mintzamena dela atalik gogorrena heldu batzuentzat. Hori dela eta, astero ordu bateko mintzamen klaseak eskaintzen ditugu doan. Ikasturte honetan “Snack and Chat” ere antolatzen hasi gara; hilabetean behin Groseko Salt tabernan elkartzen da nahi duen oro, ingelesez beste giro batean hitz egiteko. Hurrengo saioa urtarrilaren 30ean izango da.
Zer eskaintzen diozue urnietarrei?
Urnietarrei hiru hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen diegu: ingelesa, frantsesa eta italiera. Adin guztietarako ikastaroak eskaintzen ditugu; 4 urtetik aurrera, oinarrizko mailatik aurreratuenera.
Salesiarretan ere klaseak ematen ditugu eguerdietan, eta baita herriko enpresetan ere. Bestalde, 13 urte daramatzagu atzerrian ingeles ikastaroak antolatzen. Aurten, Kanada, Eskozia eta Irlandan antolatu ditugu. Bertan familian edo ikasle-egoitzan hiru asteko egonaldia egiten dute ingelesa ikasteko. Klaseez gain, mintzamena praktikatzeko, hainbat ekintza egiten dituzte, bertako kultura eta lurraldeak ezagutuz. Orain hasiko gara gurasoekin bilerak egiten.
Hori guztiaz gain, CELTA ikastaroa ere eskaintzen duzue, ezta?
Bai. CELTA, Certificate in English Language Teaching Adults, mundu mailan irakasle prestakuntzan dagoen titulurik ospetsuena da; gaur egun, munduan zehar ingelesa irakasteko aukera gehien eskaintzen duen titulua. Lanpostu bat lortzeko aukera ematen du. Ikastaro hau irakaskuntzan esperientzia gutxi daukatenei dago zuzenduta.
Non eskaintzen duzue ikastaroa egiteko aukera?
Momentuz Donostiako zentruan bakarrik eskaintzen dugu. 2015 urte honetarako hiru ikastaro antolatu ditugu, lehenengoa martxoaren 2tik 27ra, bigarrena uztailaren 2tik uztailaren 30era eta, azkenik, urriaren 1etik 29ra. Izena emateko epea ikastaroa hasi baina astebete lehenago bukatuko da eta ingeleseko C1 – C2 maila izan behar dute ikastaro hori egin nahi dutenek.
Zein dira ikastaroaren ezaugarriak?
Joan den uztaileko ikastaroan mundu guztian zeharreko 10 ikasle izan genituen: estatu batuarrak, ingelesak, australiarrak, alemaniarrak, frantziarrak eta espainiarrak. Cambridge Unibertsitateko bi tutorek ematen dugu CELTA ikastaroa, nik neuk eta Steve Hayshamek. Prestakuntzaren barruan, ikasleak, lehenengo egunetik hasten dira klase praktikoak ematen, benetako ikasleekin. Ikastaroaren iraupena lau astekoa da eta 1.550 euro ordaindu behar dira.
Urnietar batek ingelesa ikasi nahi badu, nola egin dezake?
Sei urtetik aurrera, inolako konpromisorik gabe, mailaketa froga bat egiten dugu, norberaren mailari ondoen egokitzen zaion taldea eskaini ahal izateko, bakoitzaren beharren arabera. Horretarako, hitzordua emateko 943 00 92 91 telefono zenbakira dei dezakete. Helduek gure webgunean (london-school.com/ingles) egin dezakete froga, eta ondoren, gu jartzen gara harremanetan mintzamen froga egiteko eta aukera ezberdinak eskaintzeko.