Galarragatarrak: aita-semeak txiste kontalari eta kirolari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 23a, 10:54

“Elkarrekin ofizialki eskainiko dugun lehen saioa izango da”.
Joxe Ramon eta Urki Galarragak txiste emanaldia eskainiko dute datorren urtarrilaren 30ean Aljibe gauaren baitan. Hitzordua aitzakia hartuta, aita-semeekin bildu da Aiurri aldizkaria.

Aita eta semea parez pare arituko zarete txiste kontalari Aljibe gauean…
Joxe Ramon:
Parte hartzeko gonbitea egin zidatenean, aspaldian utzita neukanez, zalantza egin nuen hasieran. Baina semeari esan ondoren, biok batera animatu gara. Familiarteko bazkariren batzuetan elkarrekin aritu izan gara semea eta biok, baina ofizialki, batera eskainiko dugun lehen saioa izango da. Jende asko ari da saioaz galdezka eta giro ona sortuko dela espero dugu. Gure saioarekin batera, Anje Duhalderen emanaldia ere izango da.
Urki: Aurrez sekula elkarrekin aritu ez bagara ere, proposamenari baiezkoa eman diogu eta txiste txar batzuk kontatuko ditugu.

Joxe Ramon, urte luzetan aritu zinen txiste kontalari Kike Amonarrizekin batera. Nolatan abiatu zenuten ibilbide hura?
JR.:
Lehen txiste afaria Tolosako ‘Emendek’ elkartean egin genuen. Juantxo Zalakain billabonatarra, Kike Amonarriz, Andoni Egaña eta laurok aritu ginen. Segidan Zizurkil goitik deitu gintuzten eta handik aurrera, Euskal Herri osoa zeharkatu genuen. Urtez urte aldatzen genuen errepertorioa, txistea ez baita bertsoa bezalakoa: bertsoa, txarra edo ona, aldioro ezberdina da. Ez txistea. Lazkao Txikiri ere entzun izan nion txistea sumatzea ez zela erraza. Dudarik gabe, elkarte ezberdinetan eginiko txiste afarietan sortzen zen girorik onena. Bolada batean ikaragarri aritu arren, azkenerako nekatu egin ginen.

Txisteek tiradizo handia izan zuten 80ko hamarkadan. Telebistan ere aritu zineten…
JR.:
Urtezaharretako programetan atera izan ginen txisteak kontatzen. Iurretan grabatzen genituen saio haiek 15:00etan hasi eta gauerdira arte luzatzen ziren. Gerora, Txiskola saioak ere oihartzun handia izan zuen, baina nik ez nuen parte hartu.
80ko hamarkadan nobedadea izan zen, ordura arte ez zegoen txisteak euskaraz kontatzeko ohiturarik.

1986 urtean txiste kasete bikoitza ere argitaratu zenuten. Berrikuntza handia hura!
JR.:
Bai, dudarik gabe. Ordura arte ez zegoen euskarazko txiste kaseterik. Lagunekin Amasako Uxo Toki elkartean afaldu ondoren, bertan grabatzen genituen kaseteak, gero Argia aldizkariak kaleratzen zituen. Grabazio haietako kontu bitxi modura, gogoan dut, nola norbait komunera joaten zenean bonbari tira eginez gero soinua ateratzen zuenez, Kaki Arkarazo soinu teknikariak, aterkia zabalduta jartzen zuela komunaren ondoan. Modu horretan soinu hori grabazioan ez entzutea lortzen zuen. Kike eta bioz gain, Gillermo Segurola azpeitiarrak ere hartu zuen parte grabaketaren batean. Idiazabalgo Juanito Mendizabal ere lagun izan genuen saioren batzuetan.

Asmatu, jaso… Non aurkitzen duzue halako txiste aukera zabala?
JR.:
Kalean jende asko gerturatu izan zait ‘aizak, bazekat hiri kontatzeko txiste polita’ esanez. Haietako bat, esaterako, Tomas Arrastoa. Ikusten nauen bakoitzean txistea kontatu eta ‘hi, bakik. Bakak beste bat kontatzeko’ esan ohi dit. Jendeak kontatuta atera izan ditugu txiste asko, zaila baita asmatzea. Pertsonaien bat sartu behar denean, herriko pertsona ezagunen bati aipamena egiten saiatzen naiz. Egun, bestalde, internetak asko laguntzen du horretan ere. Zaharrak eta berriak, hor dabiltza txiste denak bueltaka.

Zuri, Urki, aitarengatik etorriko zitzaizun txisteak kontatzeko sena…
U.:
Bai. Aitari txisteak entzun eta lagunartean haiek kontatzen hasi nintzen. Kontatzen ditudanean jendeak gustura entzuten dituela konturatzen naiz.

Txiste kontalari eta... Joxe Ramon korrikalari
Txiste kontalari gisa ez ezik, korrikalari modura ere ezaguna da Joxe Ramon inguru hauetan. Zizurkil goiko lasterketan hartu zuen parte lehenengoz, 14 urte zituela, “bigarren egin nuen, Juan Mari Garinen atzetik. Gerora ez nuen 17 urtera arte beste lasterketarik korritu. Federatuta, Irunen hartu nuen parte bigarrenez eta bigarren postuan iritsi nintzen helmugara. Orduan hasi nintzen junior mailan eta geroztik froga asko eta asko etorri zen. Guretzat oso aberatsa izan zen hori. Ez genuen dirurik irabazten, baina bai oraindik ere mantentzen dugun lagun mordoa eta txoko ugari ezagutzeko aukera”. Euskal Herriko, Espainiako nahiz Frantziako lasterketa ezberdinetan korrika egiteko aukera izan zuen, garaiko korrikalari onentsuenen ondoan.

Presiorik gabe
Donostiako lehenbiziko maratoia egin zenean 18 urte zituen Joxe Ramonek, 3600 korrikalarik hartu zuen parte lehen txanda hartan eta 12. postuan iritsi zen amasarra, “Villabonako Rikardo Aranzabe eta Ramon Zurutuza izan nituen bizikletan atzetik laguntzaile. Porru eginda bukatu genuen, baina oso oroitzapen onak ditut”. Gerora maratoian sei, zortzi edo hamargarren postuak erdietsi zituen eta Behobia-Donostia lasterketa ezagunean ere bost eta seigarrenak. “Gure garaian lasterketak ez genituen oso serio hartzen. Askotan Danena taldean entrenatu ondoren, lagunekin basoerdiak hartzera joaten ginen. Janariari ere ez genion gaur bezala begiratzen. Lagunartekoa izan naiz beti eta lasterketa edo Samartinak aukeran jarriz gero, esaterako, festa aukeratzen nuen. Entrenatu egiten genuen, baina presiorik gabe”, azaldu du. Espainiako txapelketan Diego Garcia, Pello eta Juan Mari Garinekin hartu izan zuen parte taldekako frogan, “Esaterako, Galiziara joan ginenean, ribeiro ardoa edanez eta olagarroa janez aritu ginen lasterketaren bezperan. Biharamunean, Danena taldeak bigarren postua lortu genuen Espainiako txapelketan”. Hamar orduz lan egin ondoren joten ziren entrenatzera, “Patxi Alkorta eta Juanjo Puyadenak oso ondo zaintzen gintuzten Danenan. Malli Usabiaga, Juan Mari eta Pello Garin anaiak, Martxel Pita, Sebas Usandizaga, Andres de la Calle, Gaspar Esnaola…, talde polita biltzen ginen eta gure kabuz entrenatzen genuen”. Garai haietan mendiko lasterketa gutxiago antolatzen bazen ere, ez zuen hutsik egiten mendiko probetan. “Inor gutxi ibiltzen zen orduan mendian eta arrarotzat hartzen gintuzten. Gu mendian ohituta geunden eta gogoan dut Martin Fiz Etxarri Aranazko mendi lasterketara etorri zenean ez zigula irabazi, oso ezberdina baita mendian edo zelaian ibiltzea”. Loatzo inguruan gora eta behera osaba Gurutzekin hasi zen korrika: Berastegiraino korrika joan, han hamaiketakoa egin eta bueltan etxera. Mendian eta zelaian gaztetxotatik zaildutakoa da Joxe Ramon. Urte luzetan, lanera joateko autoaren beharrik izan ez duena. Izan ere, Asteasuko lantegian lan egiten zuenean, korrika egiten baitzuen egunero joan-etorria, goizean goizetik entrenamendua hasiz. Aurtengo Behobia-Donostiari begira badu ilusio bat, “aurten, 56 urterekin, beteranoen III mailan aritzea egokituko zait eta kategoria horretan lehen postua eskuratzea gustatuko litzaidake”. Lortuko du. Animo, Joxe Ramon!

Txiste kontalari eta... Urki arraunlari
Duela bost urte hasi zen Urki Tolosako Arraun Klubean (TAK) arraunean. Zarauzko Arraun Elkartean (ZAE) ari da orain, traineru txikitik handira eta errekatik itsasora jauzi egin ondoren. Traineru handian aritzea teknikoki erosoagoa dela dio eta gustura ari dela itsasora egokitzen. “Astean sei-zazpi egunetan entrenatzen dugu. Lan fisikoa egin behar denean Villabonako kiroldegian edo Tolosako klubean entrenatzen dut, Tolosako jubenilen taldeko entrenatzaile garenez sarritan joaten bainaiz bertara”. Zarauzko esperientzia ikasteko aukera polita dela uste du eta kirol lotua izanagatik, gustura ari da bertan. “Kirol gogorra da arrauna, fisikoki sasoian egotea eskatzen duena. Pausoka-pausoka arraun munduan aurrera egitea gustatuko litzaidake, baina zaila da”. Negua entrenatzen igaro ondoren, udaberrian abiatuko dute itsasoko denboraldia. Iaz TAKekin Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan bigarren postuak lortu zituzten jubenil mailan. Espainiakoan, berriz, bosgarrena. Aurten ARC1 ligan arituko dira. Lana eta entrenamenduak direla, egun ez du musikari eskaintzeko tarte handirik. Hala ere gitarra eta tronpeta jotzen ditu.

Aurrerapen gisa…
Moxkorrenak, hitz totelenak edota pikantexeagoak, denetariko txisteak entzuteko aukera izango da Aljibean. Aurrerapen bezala, hainbat txiste labur kontatu dute Aiurriko irakurleontzat:

  • Semeak aitari: ‘Aita, aita… Itsasoa zergatik dek gazia?’. Aitak semeari: ‘Hori ere ez al dakik? Bakailaoagatik seme, bakailaoagatik’.
  • Mutil koxkor bat eskolara berandu ailegatu eta ‘zergatik ailegatu zara berandu?’ galdetu dio andereñoak. ‘Ba beira, Karibera joan naizela amestu dut. Hegazkinez itzuli naiz, baina atzerapenarekin etorri delako iritsi naiz berandu’. Eta aldamenekoari, ‘eta zu zergatik?’. Ondokoak, ‘ni aeroportura joan bainaiz lagunaren bila’.
  • Emazteak senarrari, ‘joan hadi beheko harategia txerri hanken bila’. Itzulitakoan, ‘Ekarri al dituk?’, emazteak. Senarrak: ‘Ez, ez ditut ikusterik izan, katiuskak jantzita zeuzkan eta’.
  • Bi emakumeren artean, ‘aizan, izugarria pasa zaidan… Senarra patata tortilla egiteko patata bila dendara bidali dinat eta kamioa pasatzen hasitakoan ez du ba kotxeak harrapatu…’. ‘Uuuuuu, galanta pasa zain. Eta, zer egin behar den orain?’. Lagunak, ‘Ez zekinat, makarroiak jarri beharko dizkinat’.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!