Muga Ranch, zalditegi berria udaberrirako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 23a, 10:49

Zaldi gainean ibiltzeko aukera berria izango da laster eskualdean. Western modalitatea landuko dute bereziki Laumugarrieta inguruan eraikitzen ari diren zalditegi berrian.

Erronka handia dute Juan Garcia, Naiara Orokieta eta Zuriñe Orokietak. Txiki-txikitandik ezagutu eta maite izan dute zaldien mundua eta orain, euren zaletasuna bizibide bihurtzeko lanean ari dira hirurak elkarlanean. Asmo guztiak proiektu batean landu zituzten iaz eta dagoeneko, forma hartzen ari da. Zizurkilen, Laumugarrieta inguruan, Muga Ranch zalditegia zabalduko dute udaberrian.
Western modalitatea landuko dute bereziki Muga Ranch-eko kideek. “Zaldi gainean ibiltzeko modu berezia da westerna, garai batean Amerikako ‘cow-boyek’ erabiltzen zuten teknikan oinarritua. Pixkanaka, geroz eta ezagunagoa egiten ari da gure inguruan, baina Gipuzkoan ez dago westerna egiteko edota ikasteko aukera ematen duen zalditegirik. Hutsune hori bete nahi genuke guk. Zaldi gainean ibiltzeko modu berezia da, oso eroso eta erakargarria. Froga egiten duten gehienek ez dute zaletasuna uzten, kateatuta geratzen dira”, azaldu dute Juanek eta Naiarak.
Zalditegi handia izango da Laumugarrietakoa, entrenamenduetarako nahiz txapelketatarako prestatua. “Dena espero bezala joanez gero, estatu mailako txapelketa hartuko dugu uztaila inguruan. Pista estalia eraikiko dugu horretarako. Hondar berezia behar da westerna egin ahal izateko, izan ere, zenbait ariketatan, zaldien hankek lurrean arrastaka joan behar baitute. Hondar berezi hori erabiliz, estali gabeko beste pista bat ere eraikiko dugu, entrenamenduak egin eta ikastaroak eskaini ahal izateko”.
Western modalitatea lehenetsiko dute eta horren barruan, reininga landuko dute bereziki. Naiara Orokietak azaldu du reiningak zertan datzan: “Western moldalitateari dagokion doma klasikoa litzateke; gero ganaduarekin lan egiteko modua emango duten ariketa sorta. Reining txapelketak ere antolatzen dira, eta etorkizunean, txapelketa horiek hemen egin ahal izateko aukera zabaldu nahi dugu. Izan ere, gaur egun western munduan dabiltzan gipuzkoarrek kanpora joan behar izan dute entrenatzera edota lehiatzera”.

Westerna eta ibilaldiak
Naiara eta Zuriñe Orokieta ahizpek ikasketa ugari egin dute zaldiaren eta westernaren inguruan. “Ume-umetan hasi ginen eta garbi genuen gure lan ibilbidea zaldiaren mundu honetara bideratu nahi genuela. Zuriñe ahizpa Bartzelonan dago oraintxe, westernean trebatzen. Estatu mailako txapelduna den Juan Arakistain da bere irakaslea eta asko ari da ikasten. Zuriñe eta biok izango gara zalditegiko irakasleak”, azaldu du Naiarak.
Juan ere buru-belarri ari da zalditegian: “Beste lanbide bat dut egun, baina, pixkanaka hura uzten joango naiz honi heltzeko. Kudeaketa lanak eta kanpo harremanak landuko ditut nik bereziki, baita ibilaldiak ere. Ikaragarri gustatzen zait zaldi gainean ibilbide ezberdinak egitea, eta asko gozatuko dut jendeari toki berriak erakusten”.
Teknika erakusteaz gain, zaldi-gainean ganadua batetik bestera mugitzen ikasteko aukera ere eskainiko dute Muga Rancheko kideek. “Dagoeneko inguruko baserritarren batekin hitz egin dugu, eta tarteka, txekorren batzuk ekarriko ditugu ariketa batzuk egin ahal izateko”. Etorkizunari begira, transhumantzia egiteko asmoa ere badu Juanek. Zaldun koadrila bat elkartu, eta zenbait egunetako ibilaldia eginez ganadua larre tokietara eramateko antzinako bideak berreskuratu nahi lituzke.
Zaldientzako ukuiluak hartzeko bi eraikin izango ditu zalditegiak. “Nahi duen orok bertan eduki ahal izango du bere aberea, gure zaintzapean. Gure zaldi eta behorrak ere bertan egongo dira. Guztira, hogeita sei abere izango ditugu ikastaroak eskaini ahal izateko. Horietako hamar dagoeneko hemen ditugu eta epe laburrean gainerakoak iristen joango dira. Westerna egiteko zaldiak izango dira, baina ez da hori izango eskainiko dugun zerbitzu bakarra”, azaldu du Juanek.

Westerna eta gehiago
Izan ere, western modalitatea izango da Muga Ranch zalditegiaren berezitasun nagusia, baina ez dira horretara mugatuko. “Zaldi gainean egiteko ibilbide ezberdinak prestatzen ari gara. Ingurune zoragarrian gaude, eta oso ibilaldi politak egin daitezke. Zaldi gainean ibiltzen jakin beharrik gabe, behar guztietara molda daitezkeen ibilbideak prestatuko ditugu; ordubeteko itzuli txikietatik hasi eta zenbait egunetako ibilaldi luzeetaraino. Alkizara, Hernialdera, Larraul eta Asteasura, Ernio mendira..., ia asfaltorik ukitu ere egin beharrik gabe, ingurune zoragarriak ikusteko aukera eskaintzen digu inguru honek. Pixkanaka, zaldi-gaineko turismoa sustatu nahi dugu modu horretan. Inguruko ostatu, jatetxe eta gainerakoentzat ere onuragarria litzateke turismo modu hori sustatzea”. Asmo ugari darabilte buruan Muga Rancheko kideek. “Etorkizunean, esaterako, taberna eta jatetxea jartzea darabilgu buruan. Gure zerbitzua osoagoa izango litzateke modu horretan. Horrez gain, haur eta gaztetxoei zuzendutako udalekuak antolatzea ere aukeren artean sar daiteke. Inguruko aterpetxeren batean hartuko lukete ostatu gazteek, eta hemen zaldi gainean trebatzeko aukera izango lukete atzerriko hizkuntzaren bat lantzen duten bitartean. Ideia asko darabilgu buruan eta, pixkanaka gauzatzen joatea espero dugu”.
Araztegia ere izango du zalditegi berriak. “Hondakin guztiak araztegi horretara joango dira. Hondakinen %100 pasako da bertatik, beraz, inongo kutsadurarik ez dugu sortuko”, azaldu du Juanek.
Laumugarrieta ingurura gerturatuz gero, erraz ikusten da zalditegiak hartuko duen lursaila. Sail handia da: “Pista estalia eta irekiak, ukuiluak, komunak eta aldagelak, belar-ondua gordetzeko gunea..., metro asko hartuko du zalditegiak, 18.000 metro inguru. Horrez gain, larre eta basoak ere baditugu, abereek aske ibiltzeko aukera ere izan dezaten”, azaldu du Juanek.
Urrian hasi zituzten lanak eta udaberrirako amaituta izatea espero dute. Martxoaren amaiera aldera egin nahi dute inaugurazio ekitaldia. “Juan Arakistainen ikasleak gonbidatu ditugu eta haiek western erakustaldia eskainiko dute. Adin guztietako jendeak egin dezake eta horixe erakutsi nahi dugu. Inguruko haur eta gazteengan zaletasuna pizten joatea da gure helburu nagusienetakoa, westernak etorkizuna izan dezan”, azaldu du Juanek.
Zalditegiaren izena pentsatzea ez zen batere lan zaila izan hirukotearentzat, bertan baitago lau herriren muga adierazten duen harria. “Zizurkil, Asteasu, Villabona eta Anoeta herrien mugak hementxe topatzen dira, eta zalditegirako izena pentsatzen hasi ginenean, egokia iruditu zitzaigun hori kontuan hartzea; Muga Ranch izango da. Gurean jaiotako lehen muxalari ere izen horixe jarri diogu: Muga”.

Nola iritsi
Fraisoroko laborategien aparkalekuen inguruan, ezkerrera egiten duen errepidea hartu behar da. Amasa-Villabonako zenbait baserriren ingurutik pasatzen da errepidea: Belate, Arizti eta Andrestoki, esaterako. Andrestoki igarota, metro batzuk egin behar dira aurrera Laumugarrietara iristeko. Errepidearen eskubialdean ikusiko dugu zalditegi berria.

Arraza amerikarreko abereak
Quarter horse arrazako zaldiak izango dituzte nagusiki Laumugarrietan. Western moldalitatea lantzeko egokiak dira arraza horretako zaldiak. “Oso izaera lasaia dute, hasi-berrientzat bikainak. Izugarri gustatzen zaie jendearekin egotea eta oso lasai egoten dira, lanean hasteko eskatzen zaien arte”, azaldu du Naiarak.
Naiararen Still zaldia da izaera lasai horren adibide garbia. “Txakur bat balitz bezala, atzetik segika ibiltzen da. Muturrarekin ukitu egiten nau kasu egin diezaiodan. Lanean ari garenean, berriz, indartsu aritzen da, txispa handiz”.
Etorkizunari begira jarrita daude Muga Rancheko kideak eta hazitarako zaldia erosi berri dute atzerritik “Oso zaldi ona izango dela iruditzen zaigu eta etorkizunera begira, garrantzitsua da hori zaintzea pixkanaka geroz eta abere hobeak lortzen joateko bidea ematen baitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!