Urtarrilaren 14an egin zuten lehen kontaketa saioa Larraulen. Hiru eta sei urte arteko haurrei zuzendua zegoen ekitaldia, eta zortzi haurreko taldea bildu zen Udal liburutegian. Gustura entzun zituzten Lur Usabiagak kontatutako bi ipuinak.
Haurrei literaturarekiko eta liburuekiko zaletasuna sortzen joatea da ekimenaren helburu nagusia. Lur Usabiagak bideratzen ditu saioak, eta hark eman ditu ekimenaren inguruko xehetasunak: “Haurrek liburuekin gozatzen hastea lortu nahi nuke. Horregatik, saio hauetan, eskuartean izaten dut liburua. Ipuina kontatzen noan heinean, liburuko orriak pasatzen joaten naiz haurrek ikusi eta goza dezaten. Bestelako kontaketa saioak ere egin izan ditut, baina kasu honetan, garrantzitsua iruditzen zait kontatzen ari naizen hori liburuarekin lotzea. Saioak amaituta, liburutegiko liburuak etxera eramaten hasten dira haurrak, eta hori da lortu nahi duguna”.
Zortzi urte darama Lur Usabiagak ipuin kontalari lanetan: “Donostiako liburutegietan antzeko ekimen bat dugu martxan. Horrez gain, batera eta bestera ibiltzen naiz kontaketa saio ezberdinak eskainiz. Larraulera ere etorria nintzen aurrez. Saio irekiak izaten ziren, adin guztietako haurrei zuzendutakoak. Orain, ordea, txikienak hartu ditugu ardatz”.
Aduna, Larraul eta Alkizan jarri dute martxan ekimen berria. Lurrek hiru urte darama Donostian antzeko saioak antolatzen eta egitura berdintsua erabiltzen du eskualdean ere. “Herri batetik bestera, ordea, asko aldatzen da kontaketa saioa; baita egun batetik bestera ere. Haur kopurua ez da beti berdina izaten, ezta haien jarrera ere. Horregatik, ipuin sortatxo bat prestatzen dut beti, eta momentuaren arabera aukeratzen dut zein kontatu. Urte asko daramat lantegi honetan, eta momentuko egoerara moldatzen ikasi dut. Ipuinen aukeraketa egiterakoan, bestalde, ikaskizunen bat izatea edota jolaserako aukera ematea gustatzen zait. Egun, ez da erraza egiten horrelakoak bilatzea, baina horretan saiatzen naiz”.
Haurrak, gustura
Kilimak egiten esnatu zituzten haurrek kontaketarako liburuak, goxo-goxo. Elaia, Alaitz, Urtzi, Aitana..., adi-adi egon ziren Lurren saioa jarraitzen eta dagoeneko, hurrengo ipuin-kontaketa saioaren zain jarrita daude. “Saio parte-hartzaileak antolatzen ditut. Galderak egiten dizkiet ipuinaren momentu ezberdinetan, euren iritzia eskatzen diet..., saio hauen helburua ez baita haurrak isil-isilik eta entzuten egotea, ipuinekin eta liburuekin gozatzea baizik”, azaldu du Lurrek.
Ipuinen magiaz ere aritu da Lur Usabiaga. Larraulen egindako saioan, haurren irudimenari tartea eman zien Lurrek, ipuinaren magiari bere tokia utziz. “Ipuinean kontatzen dena egia ote den edo ez; misterio hori bizirik mantentzea gustatzen zait. Txikienek irudimen handia izaten dute, eta erraz sartzen dira mundu magikoan. Handitzen doazen heinean magia hori, misterio hori txikitzen joaten da”.
Denboraren poderioz, txertatzen joango den ekimena izango dela espero du Lurrek. “Donostian halaxe gertatu da. Ahoz ahokoaren bidez geroz eta haur gehiago joan da ekimena ezagutzen, eta gustura etortzen dira saioetara. Herri txikien kasuan, haur kopurua baxuagoa izanda ere, gustura etortzea da garrantzitsuena. Aduna eta Larraulen egindako saioetan oso gustura aritu naiz. Adunan, haur helduxeagoak gerturatu ziren, eta Larraulen, bost urte ingurukoak. Ea txikiagoak ere liburutegietara erakartzen hastea lortzen dugun”.
Ipuin bat idazten ari da egun Lur Usabiaga kontalaria. Aurrez ere sortu izan ditu bere ipuinak bere kontaketa saioetan erabiltzeko, baina orain arte ez du argitaratzeko pausorik eman: “Urte hauetako esperientzian oinarri naiz ipuina idazteko, eta orain, marrazkiak egiten ari naiz. Gogotsu ari naiz lan honetan; ikusiko dugu nolako emaitza lortzen dudan”.