Andoain herri bilakatu zeneko kronika, irakurterraza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 22a, 15:44

Andoaingo herriaren burujabetzaren lorpena azaltzen duen liburuxkaren egilea da Susana Truchuelo (Andoain, 1968). Historian doktorea da eta urteak daramatza Gipuzkoa Aro Modernoan ikertzen.

Gipuzkoa Aro Modernoan, eta Andoain bezalako herrixken burujabetza. Gai horrek ederki gogobetetzen zaitu…
Oso-oso garai interesgarria da, perspektiba ezberdinak begiztatzeko aukera ematen baitu: behe mailatik hasita, nolakoa zen giza komunitate txiki bat eta nola eragin zion herri bilakatzeak, edota, herri berri horrek Tolosarekin eta beste herriekin zein motatako harremanak zeuzkan. Goi mailan, berriz, zein ziren Batzar Nagusien nahiz Gortearen funtzionamenduak. Azken batean, Andoain abiapuntu hartuta, Antzinako Erregimenean gizarte oso bat eta Errege-Gortea nola gobernatzen ziren interpretatzera irits zaitezke.
Alde horretatik, ilusio bikoitza egin zidan Andoaingo Udaletik, nire herritik, liburuxka idazteko gonbidapena jaso izanak.

Andoain 1615ean desanexionatu zeneko gertakaria, ospatzeko moduko une historikotzat jo beharko al genuke?
Gertakizun txikiak zein handiak, nork nahi duenean ospatzen ditu. Gure herrira etorrita, 1615ean, Tolosaren babesetik askatu eta herri bilakatzea lortu zuen Andoainek; ia mende osoan amestu zuen lorpena izan zen. Beraz, 400. urteurrena bereziki gogoratu eta ospatzeko modukoa dela iruditzen zait. Harritzekoa litzateke ez ospatzea, Andoaingo herritarrek beren herriko historia beti gogoko izan dutela jakinda.

Zer nolako arrazoiak eduki zituen Andoainek burujabetza desiatzeko?
Ekonomikoak, lehenengo eta behin. Andoain bezalako herrixka bateko biztanleek Tolosa hiriko biztanleek baino zerga gehiago ordaindu behar izaten baitzuten, eta horren truke, ez zuten antzeko zerbitzurik jasotzen. Jokabide kaltegarri gehiago ere aipa daitezke; esaterako, andoaindarren nekazal interesak ez defendatzea.
Dena den, bestelako arrazoiak ere kontuan hartu behar dira: prestigioa, errespetua... Ez zen gauza berbera Batzar Nagusietan Andoainen izenean Tolosako ordezkariak ala andoaindar batek hitz egitea.  

Nortzuk bultzatu zuten burujabetza Andoaingo komunitatean?
Bertan agindu nahi zuten aberatsek, batik bat. Herriko notableak, jauntxoak edo dena delakoak ziren horiek. Egia esan, komunitatean denak ez ziren burujabetzaren aldekoak. Herritar xeheenek, nahikoa zeukaten ahalik eta modurik duinenean bizi ahal izatearekin.  
Azken batean, ez gara sistema demokratikoaz ari. Botere borroka gertatu zen Andoain eta Tolosako jauntxoen artean, eta giltzarri gertatu zen burujabetzaren aldekoek, andoaindarrek Tolosarekiko zeukaten babesgabetasun sentimendua mobilizatzen jakin izana .
 
Gaurko mentalitatetik, kosta egin liteke  gizarte hura nola antolatuta zegoen ulertzea…
Ez du zerikurisik gaur bizi dugunarekin. Berdintasun ezan oinarritutako gizartea zen. Notableek dirua zeukaten, boteresuak ziren eta gaztelaniaz zekiten; herrixka oso bat gobernatzeko eta horien izenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egiteko kapaz zirela uste zuten.
Emakumeek ez zeukaten zer egin handirik gizarte eredu horretan noski, nahiz eta biztanlegoaren erdia izan. Historiako ikusezinak izan dira emakumeak, funtzio publikorik betetzen ez zutelako eta idatzietan ere agertzen ez direlako.

Mitotzat jo al daiteke batzarrearen inguruan daukagun ideia?
Erlatibizatu egin beharko genuke, behintzat. Eguneroko agintaritzarako, hogei bat lagunez osatutako erakunde itxi batek funtzionatzen zuen, Udalaren antzeko zerbait zena. Batzarreak, berriz, aparteko gaiak jorratzeko antolatzen ziren soilik, eta horietan parte hartzeko ere biztanlego osoaren %10ak baino ez zeukan eskubidea. Herrixkako oligarkia zen talde hori.

Nola gauzatu zen burujabetzarako prozesua?
Eskakizunak ia mende oso bat, XVI.a, iraun zuen. Historian atzera joanez gero, esan behar da Andoain, Buruntzako elizaren babesean sortutako elizatea izan zela. Donostiara lotutako elizatea izan zen hain zuzen, hala komeni izan zitzaiolako. Gerora, baina, Tolosara batu nahi izan zuen. Zenbait arrazoi zirela medio, ordea, burujabe izateko gogoa agertu zuen. XVI. mende osoan, gatazka uneak piztu ziren, eta tartean pleituak gertatu ziren edota hitzarmenak sinatu ziren eragin handiko pertsonak bitartekari gisa jardun eta gero. Ezinegonak luzez iraun zuen ordea, eta XVI. mendearen azkenaldera, Tolosaren menpe zeuden Andoainek eta beste zenbait herrixkek banatzeko saiakera egin zuten.
Porrot egin zuen ahaleginak, baina XVII. mendearen hastapenetan, zenbait faktore batu ziren burujabeen alde, eta 1615ean lortu zuten hogeita hamar komunitatek Tolosarengandik bereiztea, Andoainek lidergoa hartu zuelarik ekimen horretan. Faktore lagungarrien artean, honakoak aipa daitezke: 1612an Legazpik burujabetza lortu zuen eta aurrekaria ezarri zuen Gipuzkoan. Tolosako patroi zen Juan Idiakez hil egin zen eta ahultasun puntu batean geratu zen hiri hori, Gorteari begira batez ere; une hori, egokia ikusi zuten hogeita hamar komunitateek Felipe III. erregearen inguruan eragiteko. Gortean prest agertu ziren herri titulua saltzeko komunitate horiei.

Herri titulua eros zitekeen, beraz...
Politika eredua zen. Gaztelan erabiltzen zen; Gipuzkoan ezinezkoa zen teorikoki, baina erregeak kontzesioak egiteko ahalmen osoa zeukan.
Aldi berean, Donostia, Azpeitia eta Azkoitiaren jarrera aldaketa gertatu zen: Tolosa, Segura eta Ordiziari babesa kendu zieten. Gehiengoa galdu zuten horiek, beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Testuinguru historiko nahastu horrek pozez zoratzen jarri zuen erregea, xoxak barra-barra pilatzeko aukera bikaina ikusi zuelako, artean diru iturri eskasa izan zuen Gipuzkoan. Ez baitzen mauka biztanle bakoitzeko 25 dukat lortzea.

Deskribatuko al zenuke 1615ean burujabetu zen Andoain hura?
Nekazaritza zen herritarren gehiengo baten jarduera ekonomikoa. Komertzioak ere bazuen bere garrantzia, Donostia, Tolosa eta Hernani, hiruen artean erdibidean zegoelako, eta gainera, Leitzarango bailaran barrena Nafarroarekin komunikatzen zelako (komertzio ilegala zen, kontrabandokoa). Bestalde, lur sailen jabe ziren leinu zaharrek oraindik mantetzen zuten beren eragina.
Andoaingo herrixkan, errotak, burdinolak eta ekonomiarekin eta produkzioarekin lotutako antzeko eraikuntzak mantentzen ziren oraindik, giza komunitate osoaren zerbitzura jartzeko.

Zenbat biztanle zituen?
Andoaingo herrixkak erregeari zenbat ordaindu behar zion zehazteko epaile bat izendatu zuten. Etxe eta biztanle kopurua, ondasunak, lur sailak..., denetik aztertu zuen; bere agirietan jende kopuru ezberdinak agertzen dira, baina milatik gora izango zirela estima daiteke.   

Burujabetza prozesu guztiak pelikula baterako eman lezake...
Egundoko botere jokoak gertatu ziren; horra hor argumentu polita! Ez dugu aipatu orain arte, baina prozesuan zehar dokumentatuta dago azpijokoak, Batzar Nagusietan boto erosketak, e.a. gertatu zirela. Alegia, intrigarako arrazoi ugari.

Historiagile gisa, nola ikusten dituzu modan diren nobela historikoak?
Neu ere nobelen irakurzalea nauzu. Kontakizuna erakargarria eta ondo girotua dagoen bitartean... Nobela bat dela eta ez historiaren deskribapen erreala, hori dena argi uzten dizuten bitartean... Hori bai, nire ikasleei gogorarazten diet Alatriste nobelak, esaterako, ez duela balio biografia gisa garai historiko jakin bat aztertzeko.

Nola ikusten duzu Andoain ikerketa historikoen arloan?
Ez da batere normala Leyçaur aldizkariaren kasua. Euskal Herrian gutxi dira horrenbesteko jarraipena izan duten aldazkari historikoak. EHUn nahiz Deustun ikasi duten historialari gazteentzat pizgarria gertatu da ofizioan zaildu daitezen, eta herriko zenbait historiazale amateurri ere beren ikerlanak argitaratzeko balio izan die. Neronek ere bertan argitaratu nuen ikerlan bat 1996an.
Andoaingo historiaren arlo ugari ikertu da, baina horrek ez du esan nahi dena egina dagoenik. Oraindik badago zer ikertua, eta interpretazioak berrietatik abiatzeko parada.


Biografia oparoa Aro Modernoko ikasketetan:

Doktorea Historian, eta irakaslea Cantabriako Unibertsitatean.
  • Doktore tesia: Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna.

Bere zenbait liburu: 
  • Análisis de los principales rasgos políticos de la villa de Andoain en el seiscientos (Leyçaur 4). 1996.
  • La representación de las corporaciones locales guipuzcoanas en el entramado político provincial (s. XVI-XVII). 1997.
  • Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna. 2004.
  • Bilbao, Vitoria y San Sebastián: espacios para mercaderes, clérigos y gobernantes en el Medievo y la Modernidad. 2005.
  • El Abra: ¿Mare Nostrum? El mar y Portugalete. 2006.
  • Tolosa en la edad moderna. Organización y gobierno de una villa guipuzcoana (siglos XVI-XVII). 2006.

Bestalde, makina bat artikulu idatzi du aldizkari zientifikoetan.

  • Egun, bi ikerketa proiektutan ari da esku hartzen historialari gisa. Batetik, Santanderren, “Hiri gobernua gizarte tradizionaletan” izenburukoa. Eta bestetik, EHUrekin, bandoen arteko borrokak eta kaparetasun unibertsalaren inguruan. Hamabost urte darama bere horretan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!