Herri antzerkia prestatzen ari dira Basteron, otsailaren 1erako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 22a, 15:35

Katramila antzerki taldeak Andoaingo mendeurrenaren harira antzerkia prestatzen dihardu.
Miren Gojenola, Mailu Arruti eta Arantza Etxeberria buru-belarri lanean ari dira egitasmoan.

2014ko ekainean ekin zioten egitasmoari Katramilako kideek, eta egitasmoan buru-belarri lanean ari dira orduz geroztik. Otsaila berehala dator ate joka, eta urduritasuna handitzen doa egunez egun kideentzat; estrainaldi aurretik xehetasun guztiak lotu beharraren beharraz dabiltza. Ziur dira “antzerki xaloa bezain polita egingo zaiela ikusleei ikuskizuna”, eta aldi berean, “Andoaingo herriaren eta bertako herritarren historian murgiltzen lagunduko digula guztioi”. Halaxe mintzatu da gidoiaren eta zuzendaritzaren ardura hartu duen Miren Gojenola.   
Mailu Arrutik zehaztu du nola sortu zen antzezlanaren ideia: “Udalak Katramila taldeari proposamena egin zion antzeztokira eraman genezan Andoaingo burujabetzaren laugarren mendeurrenaren gaia. Baietz erantzun genion erronkari. Egia esanda, taldearen joera ikasturtearen amaierarako (ekaina aldera) ikuskizunen bat prestatzea izan da bere sorreratik, baina Andoaingo herriarentzat 2015eko ospakizunak daukan garrantzia ikusita, geuk ere ekarpentxoa egitea erabaki genuen”.
Katramila osatzen duten antzerki zaleak berehala jabetu ziren bikoitza izango zela erronka, dena esatera: “gertakizun historiko bat jorratu beharra, hori da lehenbizikoa; eta bigarrena, epe laburragoan egin beharra egitasmo guztia”. Talde amateurra izan arren, egitasmo potoloari aurre egiteko prestutasun osoa agertu dute. “Animoz ederki gabiltza guztiok, eta motibazioa gainezka daukagu ikuskizun duina egiteko”.

Historiariarekin leial jokatuz
400 urte atzerago gertatu zena oinarri hartuko dute, daturik faltsutu gabe; horretarako, Susana Truchuelo historialariak argitaratu berri duen argitalpena (Andoain 1615: hiribildu berri baten historia) darabilte eskuartean, Gojenolak adierazi duenez. “Datuak hor daude eta ez gara ezer asmatzera joango. Desanexioaren historia kontatuko dugu, eta hori abiapuntu hartuta, bidean historia aleak kontatuz gaur egungo errealitatera iritsiko gara. Historia arin eta erraz ikusteko eta ulertzeko moduan kontatzen saiatuko gara”.
Antzezpena kontakizun historiko jarraitu eta zehatza izango ez dela ziurtatu dute. “Historia antzerkira eta dramatizaziora egokitzeak bere arauak ditu, eta gainera, ordubetean ezin da dena azaldu”. Sormenari eta irudimenari bidea emango diote, antza denez. “Esaterako, orduko herritarrek zer pentsatzen zuten irudikatzen ahaleginduko gara, zer nolako elkarrizketak edukitzen zituzten beraien artean”.
Hirurek ere ez dute gehiegi hitz egin nahi antzezpenaren edukiaz, “jakin-mina eta suspentsea mantentzea komeni da”, Arantza Etxeberriak dioenez. Horrela, xehetasun batzuk baino ez dituzte argitu. “Andoaingo herriaren nortasuna indartzen duten kultur elementu sinbolikoak, kulturarekin lotutakoak txertatuko dira; hala nola, jaiak, egun berezietako ospakizunak, abestiak…”.
Bideo batzuren muntatze lanetan ere badabiltza, antzezpenaren parte bihurtzeko asmoz. “Herritarren ahotsak eta irudiak bilduko dira bertan”, Arrutik zehaztu duenez. Elementu azpimarragarrien artean, emakumearen aldeko jarrera aipatu du Gojenolak. “Badakigu iraganeko gizarteetan, bizitza publikoan eta erabaki handiak hartzen ziren guneetan emakumeei ez zitzaiela protagonismo handirik ematen. Errealitate hori jakinda, keinu berezia egin nahi diegu emakumeei; leku berezia hartuko dute emakumeenak ziren zenbait ogibide eta figurak”.

Partaidetza zabalekoa
Antzezpena Katramila taldeko antzezleen bizkar badago ere, herriko kultur bizitzako hainbat eragile eta taldeen partaidetza ere ziurtatu da. “Aberatsa da Andoaingo kultur giroa, eta dagoen altxorretik baliatzea bezalakorik ez dago antzezpena edertzeko”. Besteak beste, honako talde eta pertsonak parte hartzen ari dira entseguetan: Katramila antzerki taldea, Udal musika eskolako helduen abesbatza, Olagain txistulari taldea, Urki dantza taldea, Poto bertso eskola, Maizorri txalapartarien taldea, Mikel Moreno eta Kristina Solano musikariak eta Pilar Rodrigez antzezlea. Guztira, hirurogeita hamar bat pertsona izango dira modu batera edo bestera oholtzara igoko direnak. Ikusten denez, antzezpenari ez zaio kantaririk, bertsolaririk, txalapartaririk, instrumentu anitzeko musikaririk edota dantzaririk faltako.
Guztien aldetik oso harrera ona sumatu dutela adierazi du Arantza Etxeberriak: “Antzezpenaren berri eman eta bertaratzeko proposamena luzatu orduko, denek ere baiezkoa eman digute. Ilusioz hartu dute proiektua, eta daukatenetik ahalik eta hoberena emateko prest etortzen dira entseguetara”.

Bi ekitaldi egun berean

11:00
Udal batzar aretoa
1615. urtean burujabetza lortu zuten herrietako agintariek beregain zenbait konpromiso eta betebehar hartu zituzten. 400 urte geroago, konpromiso horien berrespena egingo dute ekitaldi instituzionalean. Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Foru Aldundiko eta 29 herri horietako agintariak Andoaingo udaletxean elkartuko dira otsailaren 1ean, 11:00tan.

12:00
Bastero
Herri antzezpena.
Ordubeteko ikuskizuna.
Andoaingoa ez denarentzat, sarrerak dagoeneko sal gai daude Kutxabank bidez.
Sarrera, 5 euro.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!