Hernaniarra da jaiotzez Iñaki Aristeta (1973). Zazpi urte zituela etorri ziren Adunara bizitzera, gurasoek herriko ostatuaren ardura hartu baitzuten. “Hamar urtez eduki genuen taberna, kontsejua esaten zitzaiona, egun Txulobi elkartea kokatzen den gunean eta hamazazpi urte nituela berriz ere Hernanira itzuli ginen. Gero, etxe berriak egin zituztenean, bertan bizitzera etorri nintzen 29 urterekin”, azaldu du. Bizimodua Adunan egin eta lagunak ere bertan edukiagatik, nongotarra den galdetuta hernaniarra dela erantzuten du. “Bikotea amezketarra eta ni hernaniarra, semeak etxeko adunar bakarra bera dela aurpegiratzen digu”. Iñaki baino, ‘Txatarras’ ezizenez ezagunagoa da, txatarreroa edo denetariko material garraiolaria delako. “Kamioi gidaria naiz lanbidez, tailer ezberdinentzat egin ohi dugu lan. Materialak hartu eta sailkatu ondoren, fundiziotara eramaten ditugu. Egun, inoxidablearekin egiten dugu lan batik bat, txatarra gutxi ateratzen baita. Euskal Herri mailan aritzen gara, hegoaldean batik bat”, azaldu du. Zaletasunen artean, mendira joatea, perretxikoak biltzea eta musika ditu gogoko, baina egun, gustuko afizioetarako denbora gutxi duela aitortu du. “Soinua eta alboka jotzen nituen lehen. Orain ez bat eta ez bestea. Gutxi joaten naiz mendira ere. Tartea dudanean, bikoteari laguntzen diot errotako lanetan”.
Zerbitzu ugari
Gizartea aldatuz joan den bezala, urte gutxitan Adunako bizimodua ere asko aldatu dela aipatu du Iñakik. Gaztetxo zirela 260 biztanle inguru zituen Adunak. 500 inguru orain. “Eskolatik aterata, plazan, mendian edo baserriren batean gure gisara ibiltzen ginen orduan. Orain, herri txikietan ere asko babesten ditugu haurrak. Gehiegi batzuetan”. Adunan bizpahiru taberna eta denda egon ziren garaia ezagutu zuen eta horrek herri giroan eragin nabarmena zuela uste du, “orain ere, bakarra beharrean bi taberna baleude, mugimendu handiagoa sortuko litzateke herrian. Izan ere, poteoa Euskal Herriko ohituretako bat baita”. Taberna bakarra izanagatik, ordea, bi sagardotegi dituzte eta sagardo denboraldia ireki berri den honetan herriari bizipoza ematen diotela gaineratu du. “Asko nabaritzen da txotx denboraldia. Giro polita sortzen da eta joan-etorri hori ona da herriarentzat. Sagardotegiek asko lagundu diote Adunari Euskal Herri mailan nahiz kanpoan bere izena ezagutarazten”. Era berean, herriaren erdigunean aterpea izateak ere bultzada handia eman dio. Bere esanetan, “sagardotegi garaian nahiz udako barnetegietan kanpotik Adunara etortzen direnak gustura esnatzen dira txori hotsak entzunez. Harreman polita sortzen da kanpoko eta herritarren artean”. Aipatu zerbitzuez gain, Txulobi elkarteak eta eskolak bereziki, egunerokoan ekarpen handia egin dutela uste du, “eskolak eraikitzen eta mantentzen baitu herria bizirik”. Epe laburrean, pilotalekuarekin batera, kirol pista berria ere abian izango dute adunarrek.
Gabeziaren bat
Aduna ondo kokatuta egonagatik, herri txikien gabezietako bat garraioarena da Iñakirentzat. “Zerbitzu publikoa indartu eta hobetzeko pauso berria eman bada ere, autoa edota motorra beharrezkoa da batetik bestera mugitu ahal izateko”. Beste gabezietako bat denda falta izan daiteke, baina zerbitzu hori jarrita ere ez dauka argi zer nolako erantzun izango ote lukeen. Bitartean, Udalak eta aterpe-tabernak herritarrei oinarrizko gaiak saltzeko hitzarmena sinatuta dute eta askok bertan erosten dute eguneroko ogia eta egunkaria.
Auzolana bultzatuz
Muxkil elkarteko kide da Iñaki, sorreratik. Hainbat kultur eta kirol ekintza antolatu ohi dute urtean zehar herri giroa suspertuz: Eguberrietan Gabon eskea edota udaberrian Gorostidi Harria jaialdia, besteak beste. Azken hiru legegintzatan Udaleko zinegotzi ere badenez, gertutik ezagutzen du ekimen oro. Aduna herri txikia izanagatik, nahi duenak lan egiteko aukera duela dio. “Herriari ekarpena egin behar zaio eta horretan ahalegintzen gara, baina parte hartze hori faltan botatzen da egun. Udaletik auzolana bultzatzen saiatu arren, askotan ez dugu nahi bezalako erantzunik jasotzen”.