Airetik, dron bidez jasotako irudi ikusgarriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 22a, 12:33

Argazki kamera eskuan, Asteasun egiten diren hainbat ekitaldiren irudiak biltzen ditu
Jokin Sukunzak. Airetik grabatutako bideo ikusgarriak ere zintzilikatu ditu.

Zaletasun ugariko mutila da Jokin Sukunza asteasuarra. Argazkilaritzatik abiatuta, bideogintzan ere aritzen da azken urteotan. Egun, gainera, urrutiko agintez maneiatzen diren aparatu hegalariak edo dronak muntatu eta hegaldatzeari ekin dio. Aparatu horiei kamera erantsiaz, airetik grabatutako irudi ikusgarriak grabatu ditu Jokinek.
www.asteasu.com gunean daude ikusgai Jokin Sukunzak egindako argazki eta bideoak. “2008an egindako argazkiak dira webgunean ikus daitezkeen zaharrenak. Asteasuko txoko ezberdinetan egindako irudiak bildu ditut bertan, baina batez ere herrian egin diren ekitaldietan ateratakoak”, azaldu du Jokinek.

Webgunean
Aspaldi sortu zitzaion Jokini argazkiak ateratzeko zaletasuna eta horri eutsi dio azken urteotan ere. Garai batean, atzerrira ere bidaiatzen zuen argazkiak egitera; orain, ordea, inguruetan aritzen da gehiago: “Bi haur ditut, eta txikiei zuzendutako ekitaldietan egiten ditut argazki gehien. Pixkanaka, inguruko jendeak nire zaletasunaren berri izan zuen, eta argazkiak eskatzen hasi zitzaizkidan. Lan handia ematen zidan eskari guztiei erantzuteak, eta azkenean webgune bat sortzea erabaki nuen. Guztiz irekia da webgune hori; nahi duen orok, argazkiak ikusi edota kopiaren bat ateratzeko aukera du. Argazki horiei erabilera komertziala ez ematea da eskatzen dudan gauza bakarra. Guztira, 1500 argazki inguru dago webgunean. Duela gutxi, esaterako, Betani etxeko etxebizitza babestuan jartzeko argazkiak eskatu dizkit Asteasuko Udalak”, azaldu du Jokinek.
Jokin ez da geldirik egotekoa. Zaletasun ezberdin asko du eta guztiak jorratzen saiatzen da. “2001ean sortu nuen lehendabiziko webgunea, nola egin ikasi eta froga egiteagatik. Asko gustatzen zait gauza berriak ikastea, saltsan ibiltzea. Geroztik, hainbat webgune sortu izan dut eta musikari lotutako gune bateko webmaster edo moderatzaile ere izan naiz urte luzez”. Horrez gain, musikaria ere bada Jokin eta musika irakasle ere izan da hamazazpi urtetan. Orain, zaletasun gisa eusten dio musikari.

Airean
Duela bi urte zaletasun berri bati ekin zion Jokinek. Motor bat baino gehiago duten aparatu hegalariak muntatu eta aireratzen ditu. “Gaur egun dron izenez ezagutzen diren aparatuak dira. Duela bi urte hasi nintzen mundu horretan sartzen. Zaletasun hori duen jendea ezagutu nuen internet sarean, eta haien laguntzarekin muntatu nuen lehen aparatua. Lau motordun quadcopterra izan zen lehendabizikoa. Quadcopterrari kamera erantsi, eta irudi bereziak lortzen dira airetik. Betiko tokiak beste modu batera ikusteko aukera ematen dute eta emaitza ikusgarria izaten da. Airetik lortutako irudi horiek www.airean.com webgunean zintzilikatzen ditut”.
Quadcopterra erosi ordez, piezak eskuratu eta muntatzea gustatzen zaio Jokini. “Nire aurrekontuaren arabera eta emango diodan erabileraren arabera erosten ditut piezak, internet bidez. Txinan egindako piezak erosten ditut gehienetan, prezioz ere handik etortzen direlako modukoenak. Aparatu osoak ere izaten dira salgai, baina norberak muntatuz gero, errazagoa da funtzionamendua ulertzea. Loari orduak kendu eta ordu asko pasatzen dut tailerrean lanean, aparatuak muntatu eta froga ezberdinak egiten. Quadcopterraz gain, motor gehiagodun aparatuak ere egin izan ditut eta udan hegazkin bat ere muntatu dut”.

Baldintza egokien zain
Hegaldiak egin ahal izateko, eguraldi eta baldintza aproposak behar izaten dituzte zaletuek. Haize zakarra dabilen egunetan arriskutsua gerta daiteke, aparatuek ez dutelako behar adinako egonkortasunik lortzen. “Zerbaiten kontra jo edo erortzeko arriskua dago haize handia dabilenetan, beraz, hobe da haizea dabilen egunetan ez aireratzea. Dronek osagai elektronikoak dituztenez, bestalde, euria ari duenean ere hobea da ez hegaldatzea. Eguraldiarekin ez ezik, kontuz ibili behar da, baita ere, wifi uhinekin, aparatuaren kontrola galarazi dezaketelako”.
Dron aparatuen inguruko legedia ez da oraindik oso garbia, baina pixkanaka, geroz eta eskakizun gehiago dago aparatu hauek legez hegaldatu ahal izateko: “Titulazioa eskatzen dute eta baita aparatuaren homologazioa ere. Titulazio hori lortzea, ordea, ez da batere erraza. Oso ikastaro gutxi antolatzen da oraindik, eta guztiak hemendik kanpora. Horrez gain, oso garestiak izaten dira. Erabilera profesionala emango banio, ez nuke zalantzarik izango titulua ateratzerako garaian, baina nirea zaletasun hutsa da eta, momentuz, ez dut ikastaro hori egiteko tarterik bilatu. Titulazio hori gabe, ez dut arazorik herriguneetatik kanpora grabaketak egiteko, baina herriguneetan aritzea beste kontu bat da. Arrisku puntu bat ere badute aparatu hauek; elizeak oso azkar mugitzen dira eta norbait ukituz gero, zauri larriak eragin ditzakete. Kontu handiz erabili behar dira”.
Oso azkar aldatzen ari den mundua da dronena eta etorkizunean eskainiko dituen aukeren inguruan ere aritu da Jokin: “Nafarroan bada nekazaritza mundurako neurketa ezberdinak egiten dituen pertsona bat. Termokamera bat erabiliz, lurraren tenperatura, uzten egoera eta beste hainbat gauza azter ditzake. Hiru dimentsiotako argazkiak eginez ingurunearen orografia ere neur daiteke. Oso mundu zabala da, eta etengabe aldatzen ari dena. Ez da batere erraza hori guztia erregulatzea, interes ekonomiko handiak sartzen direlako tartean”.
WhatsApp bidez etengabeko harremanetan egoten dira dronekiko zaletasuna dutenak. “Garai batean blogek betetzen zuten papera betetzen du WhatsAppak. Elkarri gomendioak eman eta laguntzen saiatzen gara. Tarteka, elkartu eta hegaldiak egiteko ere geratzen dira taldekideak”.
Zaletasun ezberdinak bateratzeko modua bilatu du Jokinek aparatu berri hauei esker. Argazkigintza, aparatuak aireratu eta maneiatzeko aukera izatea, informatika..., “arlo asko ukitzen ditut eta oso gustura ari naiz honetan. Aparatuak muntatu, frogak egin, irudiak grabatu, irudi horiek prozesatu..., ordu askotako lana da, baina oso gustukoa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!