Rosa Ayerberen hitzaldia, historiari buruzko irakaspen mamitsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 22a, 12:31

Mintzaldi jakingarria eskaini zuen Rosa Ayerbe historialari andoaindarrak, Erdia Aroa eta Aro Modernoa gaitzat hartuta. Gipuzkoako testuinguru historikoan Andoain herri bilakatu zeneko garaia deskribatu zuen: aurrekari historikoak, autogobernurako prozesua, lorpenak... 1615eko gertakizunak Gipuzkoaren etorkizunean berebiziko garrantzia eduki zuela adierazi zuen.

Marta Truchuelo Udal artxibategiko langileak egin zuen Urnietan jaio eta Andoainen bizi den Rosa Ayerberen aurkezpena. Euskal Herriko Erdi Aro eta Aro Modernoaren ikerkekuntzan maila handiko aditutzat definitu zuen. Ayerbe irakasle titularra da zuzenbidearen historian, Deustuko unibertsitatean. Ikerlari gisa, makina bat egitasmotan ibili da, eta badabil. Besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusien aktak transkribitzen dihardu urte mordoa; jada 35 ale argitaratu ditu. Herri ugarirekin lotutako Erdi Aroko agirien bilketa lanak ere burutu izan ditu. Andoaingo historira etorrita, Leyçaur 0 ale mardula (Andoain de tierra a villazgo) argitaratu zuela gogoratu behar da. Sorterri duen Urnieta herriak ere 400 urte beteko ditu herri izaera lortu zuenetik, eta Udalak Ayerbek berak idatzitako liburua argitaratuko du aurten.

Basteron hizlari
Ayerbe berak aitortu zuenez, "hitzaldiak emateko gonbidapen ugari jaso ohi dut handik eta hemendik, baina ezetz esaten diet. Nahikoa daukat irakaskuntzarekin, artxibategietako ikerketekin eta familiarekin. Nolanahi ere, nola huts egingo nion bada, nire herriari? Izan ere, Andoaingo herriaren historian, ez dago 1615ekoak baino garrantzia handiagoa duen gertakizunik. Berebiziko gertakizuna izan zen Andoainentzat ez ezik, baita Gipuzkoa osoarentzat ere".

Gipuzkoa, historian atzera
Gipuzkoako lurraldea 1615a baino lehenago zer zen eta nola antolatua zegoen deskribatuz ekin zion hitzaldiari.
XII. mendearen hasierara jo zuen horretarako, Gipuzkoa giza populazio txikiek osatzen zutenekoa; elizaren inguruan eraikitako giza komunitateak ziren, eta herrixka, unibertsitate, lur edo elizatearen izendapena hartzen zuten orokorrean. Ahaide nagusi edo jauntxoek agintzen zuten, han eta hemen.
Nafarroako Antso VI erregeak Donostiari eman zion lehendabiziko Foru titulua (edo hiri titulua) Gipuzkoan. 1200ean, berriz, Gipuzkoa Gaztelaren agindutara jarri zenez geroztik, zabaltzen joan zen titulu banaketa hori. "Eskubide pribilegiatuko kolonia bihurtzen ziren titulua lortzen zuten komunitate horiek", Ayerbek adierazi zuenez. "Erret eskubideko hiribildua edukitzeak, gainontzeko giza komunitateek ez zeuzkaten pribilegioak edukitzea esan nahi zuen".
Kostaldean zortzi titulu, eta barnealdean hemezortzi banatu ziren orduan. "Kontzetsio guztiek ere, erregetzak eta gorteak komertzioari begira zeuzkaten interesei erantzun zieten; merkatariek Gaztelatik itsasora egin behar izaten zuten bidea hartu zuten kontuan".
Herri horiekin batera, Alkatego Nagusiak ere sortu ziren (hiru). Erregeak izendatutako Alkate Nagusiak agintzen zuten horietan, gorteko familia notableetako kideak zirenak. Horrela, arreta Buruntzaldean jarriz gero, esan behar da Sorabilla Aiztondoko Alkatego Nagusiko parte bilakatu zela. Sorabillak XIX mendeko azkenaldera arte iraun zuen egoera horretan, Andoaingo herrira batu zen arte. Urnietako zati bat ere Aiztondorena zen; bere beste bi zati, berriz, Hernani eta Donostiarenak.
Gipuzkoan hiribilduaren titulua lortu ez zuten herrixkek (Andoain tartean), ahaide nagusien menpe jarraitu zuten. Denboraren poderioz, ordea, herrixka ugari hiribilduetara batzen joan zen borondatez, haiek bizi zituzten pribilegioak gozatzeko nahiak bultzatuta. XIV eta XV. mendeetan gertatu zen fenomeno hori. Horrela, Andoainek Donostiako hiribilduaren babesa lortu zuen 1379an. 1475ean, ostera, Tolosarekin sinatu zuen ituna, haren arrimuan bertako biztanleek ongizatean irabazi egingo zutela pentsatuta.
Gipuzkoako lurraldean hiribilduez, herrixkez eta Alkate Nagusiez osatutako mosaikoa osatu zen, eta errealitate hori nolabait antolatzeko asmoz, guztien arteko elkarbizitza ziurtatzeko asmoz, Gipuzkoako Ermandadea sortu zen. 1397an eratu zen, hain zuzen, ermandade iraunkorra, 25 hiribildu batu zituena. Juridikoki denak ziren berdinak, baina nork bere pisu politikoa mantentzen zuten. Ermandade honek laster ikusi zuen lurraldea gobernatu eta arauak ezarriko zituen organismoa behar zuela eduki, eta ikuspegi horri erantzunez sortu ziren Batzar Nagusiak. Ahaide Nagusien boterea eta eragina gutxitzea ekarri dute erakunde horiek.

Herrixkak hiribilduen menpe
Herrixkak hiribilduen alkateen jurisdiziokoak bihurtzen ziren hitzarmena sinatuz gero.
Besteak beste, hiribilduko alkateek aukeratzen zituzten herrixketako auzo-alkateak; eskumen gutxi batzuk baino ez zizkieten ematen horiei. Hiribilduek herrixketako jarduera ekonomiko guztia kontrolatzen zuten, eurek ezartzen zituzten zergak; herrixketako armen alardeak (frantziarren erasoen aurka defendatzeko) hiribilduetan egin behar izaten ziren eta gainera, hiribildu horien banderapean. Azken finean, herrixketako herrikideak, maiz, hiribilduetako herritarrak baino bizi-kalitate eskasagoa izan ohi zuten.
Baldintza horiek laster ezinegonak eragin zituen, Ayerbek baieztatu zuenez. "Andoain izan zen haserrea azaltzen lehenetarikoa. Berehala jo zuen epaitegietara, Tolosaren aurkako helegiteak jarriz, baztertuta zeudela argudiatuta. Nolanahi ere, Batzar Nagusiek ez zuten pausorik ematen herrixken interesen alde".
XVI. mendearen erdialdera iritsita, ordea, nabaria da testuinguru historikoa aldatzen ari dela, Ayerberen ustez. "Herrixken askapen mugimendua bizkortuko duten arrazoiak gertatzen ari dira. Geldo doan prozesua da, baina XVII. mende hasieran, jada, zenbait faktore batzen dira Gipuzkoan: Ahaide Nagusiek agintzen zuteneko garaia nahiko ahaztuxea dago; egonkortasun sozial eta ekonomikoa jada ez da arazotzat hartzen, ez baita bandoen arteko gatazka latzik gertatzen iraganean bezala; erregeak bere autoritatea ezartzen du; justizia bazter guztietara iristen da; itsasoan indartsu dabiltzan ingelesen erruz Amerikako urrea ez da iraganean bezainbeste iristen Gaztelako gortera, eta honek diru iturri berrien premia daukanez, jurisdikzioen salmenta asmatzen du (hots, hiribildu izateko tituluaren salmenta)...".

Askatze prozesuak
Gertakariak abaila bizian gertatzea eragin zuen azken pizgarria, 1613an gertatu zen, Seguraren azpian zen Legazpia herrixkak hiribildu izateko titulua erosi zioenean Felipe III erregeari. "Burujabetzaren zirrikitua irekita geratu zen etorkizunerako, eta Gipuzkoa osoko hainbat herrixkak bat egin zuten mugimenduarekin aske izateko irrikaz; horien artean, Tolosaren menpe ziren 29 herrixka, Andoain izan zelarik talde horren buruzagitza hartu zuena".
Denak bat eginda joan ziren Gortera, tituluaren salerosketa negoziatzera. Erregeak, epaile bat bidali zuen Gipuzkoara, herrixka bakoitzaren biztanle kopurua eta ondarea neur zitzan. Inbentarioa eginda, herrixkek biztanle bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar izan zizkioten erregeari. Gauzak horrela, Segura eta Ordiziak bere meneko herrixka denak galdu zituzten. Tolosak, aipatu 29ak; beste zenbait, mantendu ahal izan zituen. Alferrikakoak izan ziren hiribildu horiek egin zituzten maniobrak eta erregeari egin zizkioten proposamenak, esaterako, lurrak eskainiz. Ez baitzen txantxetakoa Gipuzkoan galtzera zihoazen pisu politikoa: Batzar Nagusietan Tolosa zen boto gehien zituena, 356; Donostiak 213, Segurak 176, Azpeitiak 130, Arrasatek 128, Bergarak 124, Aiztondoko Alkatego Nagusiak 70, Hernanik 35, Errenteriak 27...       
Behin titulua eskuratuta, Gipuzkoako gainerako hiribilduek eskubide guztiak lortu zituzten. Aurrerantzean, besteak beste, "alkateak jurisdikzio osoa edukiko zuen udalgintzan erabakiak hartzeko eta gai zibiletan zein delinkuentziarekin zerikusia zutenetan justizia ezartzeko; Batzar Nagusietan parte hartzeko eskumena ere izango zuen".

URNIETAK ERE LORTU ZUEN
Urnietak, 1615eko uztailean lortu zuen autonomia, hots, Aiztondoko Alkate Nagusitik, eta Donostia eta Hernanitik bereiztea. Hala ere, zati bat Donostiara berriro itzuli zen.   
Sorabillak 1661ean utzi zion Aiztondoko kide izateari. 1862an Andoaingo herriaren parte bilakatu zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!