Pentsiodunen eskubideen alde, duintasunez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 22a, 12:29

Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna elkarteak badu Andoainen ere taldea. Xabier Etxeberriak euren lanaren berri azaldu du.

Duintasuna elkarteak ordezkatzea, aholkatzea eta defendatzea; kultur ekimenak, aisialdikoak nahiz errebindikatiboak antolatzea edota jubilatu eta pentsiodunen sektorearen estudioak egitea ditu helburu nagusi, besteak beste. Gipuzkoako herri ezberdinetan lekuan lekuko ekimenak antolatzeaz gain, probintzia mailan ere ekimen ugari bideratzen dute. “Esaterako, Gipuzkoa mailako ordezkariok hilean behin bilera egiten dugu herriz herri txandakatuz. Era berean, hileko lehen astelehenean Donostiako Askatasuna etorbidean nahiz Errenterian elkarretaratzea eta manifestazioa egin ohi ditugu goizeko 11:00tan. Jubilatu eta pentsiodunekin lotutako gaiak jorratuz hitzaldiak ere antolatzen ditugu”, azaldu du Xabierrek. Izan ere, kalera atera eta borroka egiteko arrazoi ugari dutela uste du. Batetik, pentsioak %0,25 igotzea euren kolkora barre egitea dela uste du. Bestetik, kopagoaren aurka daude guztiz, aurrez ondo ordainduta daukatela uste dutelako. Adineko pertsona asko oso egoera larrian bizi dela salatu du, emakumeak bereziki. “Adineko pertsonen artean emakumeen egoerak kezkatzen gaitu batik bat, pentsiodunen artean zigortuenak emakumeak direla uste dugu. Haietako asko oso pentsio baxuekin edota pentsiorik gabe bizi da, 400-500 euro arteko laguntzarekin. Emakume asko, gainera, senarraren pentsioari esker bizi da, menpekotasun egoera betean”. Jubilatu eta pentsiodun askoren egungo egoera latza kontuan izanda, gaurko egoeran, jende gehiagok euren eskubideak defendatzera kalera atera beharko lukeela iruditzen zaio, “taldetxotan hitz egiteak ez dauka ondoriorik, kalean egin behar da protesta”, dio.

Pentsio duina
Duin bizitzeko gutxieneko pentsioa 1000 eurokoa izan beharko lukeela defendatzen dute elkarteko kideek. “Egungo bizimoduan gasolina jaitsi bada ere, gainerako oinarrizko baliabideek gora egin dute: elikagaiak, argia, botikak ordaindu beharra... Pobrezia energetikoa ere gero eta handiagoa da eta, ondorioz, adineko pertsona askok ez dute euren etxeetan berogailurik pizteko aukerarik. Pentsio motzak dituztenek ezin diote egungo bizimoduari erantzun”.

Herritarrei deia
Andoaingo Duintasuna elkartea, esaterako, orain hiru urte sortu zen eta hamar bat lagun biltzen da bertan. Egiten duten lana Andoain mailan gehiago zabaltzea gustatuko litzaieke eta baita herritar gehiago taldera gerturatzea ere. “Aurrerantzean herriko jubilatuen elkarteetako ateak ireki eta helduen artean gure lana egiten laguntzea espero dugu. Izan ere lan soziala egiten dugu eta gure lana egungo egoeraren kontzientzia hartzeko garrantzitsua da. Ondo dago aisialdiko ekimenak antolatzea: karta partidak, bidaiak…, baina gure eskubideak defendatzea ere ezinbestekoa da, kendu egingo dizkigutelako bestela”, azaldu du Xabierrek.

Eragileekin elkarlanean
Herriz herri eta probintzikako lanaz gain, nazio mailan ere lanean dihardute Nafarroako eta Bizkaiako pentsionistak martxan, Arabako pentsionistak lanean eta Gipuzkoako Duintasuna elkarteak. Urtarrilaren amaieran Euskal Herriko pentsiodunen plataformak beste hainbat eragilerekin bilduko dira: Herria 2000 edota Euskal Herriko alargunak, besteak beste.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!