Zanpatuz mendi taldeko lehen irteera arrakastatsua izango da. Urnieta-Leitza zeharkaldia osatzeko izen-emate epea bukatuta, 50 laguneko koadrilak eman du izena, Gipuzkoa eta Nafarroako bi herri horiek lotzen dituen tartea giro onean osatzeko asmoz. Behin-betiko kopurua jakinda, azken orduko xehetasunen berri eman dute antolatzaileek, mendizale guztiek horien berri zehatz izan dezaten. Denetan garrantzitsuena, autobusaren kontua. Joxean Altunaren autobusa erabiliko da. Aurren-aurrena, herriko plazatik Besabiraino joateko. Goizeko 6:30ean da hitzordua, beraz garaiz agertu behar da San Juan plazara.
Izena eman dutenen artean, badira hainbat bazkarira bakarrik joatea erabaki dutenak. Horientzat ere bada ohar garrantzitsua, Leitzara autobusean joateko aukera edukiko dutelako, norbera bere autoan joan ordez. Hitzordua herriko plazan izango da berriro, San Juan plazan, 13:30ak aldera. Bazkaldu ostean Urnietara itzuliko da autobusa, ibilbidea osatu, eta osatu ez duten guztiekin. Irteera ordua iluntzeko 19:00etan da. Autobusaren salneurria 6 eurokoa izanen da, gutxi gorabehera.
Ibilaldia Urnieta eta Leitza artekoa da. Bi arduradun izango dira, bat buruan eta bestea tropelaren atzealdean, eta ez da gailurrik igoko. Antolatzaileek talde zeharkaldia dela gogorarazi nahi dute, eta uneoro denak batera joatea komeni dela, ezustekoak saiheste aldera. Normalean geldialdi bakarra egingo da, Aitzolako iturrian, baina geldialdi gehiago egin behar badira, ez da arazorik izango. Martxa lasaia izango da, partaide guztiek arazorik gabe osatzeko modukoa.
Eguraldiari dagokionez, gaur-gaurkoz giro lehorra iragartzen da. Lainoak bai, baina prezipitaziorik ez. Egitekotan ere, elurra izango da, elur maila 700 metrora egongo baita. Hotza egingo du, 0 graduren bueltan ibilaldiko une askotan, eta neguko arropa eramatea aholkatu dute antolatzaileek, zorua elurtuta egongo baita ordu askoz. Gogoan izan Leitzan bertan dutxa beroa hartu nahi duenak horretarako aukera izango duela 4 euroren truke. Arropa lehorra motxila edo poltsa batean sartu eta Ikasmin ikasketa zentroan utz daiteke, larunbatean (11:00-13:00, Etxeberri plaza). Antolatzaileek eramango dute motxila Leitzara. Bazkaria 14:30ak aldera hasiko da.