Joan zen urtarrilaren 16an estreinatu ziren herriko sarrerako kartel berriak: Aurrerantzean, 'Amasa-Villabona, Euskal Herria'; horixe adieraziko diote kartel berriek herrian sartzen den edonori. Azken osoko bilkuran onartu zen adierazpenari jarraiki, nazio eraikuntza bultzatu eta Euskal Herria nazio moduan aldarrikatzeko ezarri dira kartelak. Gainera, orain arte herri sarrerako kartelek Villabona agertzen zuten tokian Amasa-Villabona jartzen du orain, "gure herriko historiari lehialtasunez". Izan ere, Udal Gobernuak kontuan hartu nahi izan du 1619. urtean, bi herriek bat egitea erabaki zutela, udalerriari gaur egun erabiltzen dugun armarria bi herrien artean emanaz. Orain beraz, herriaren bi nortasunak eta naziotasuna islatuko dituzten kartelek emango dute ongi etorria.