Eskuz egindako egurrezko betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 19a, 09:38

Iñaki Uribesalgo arotza da eta duela bost urtez geroztik, betaurrekoak eta egurra eskuartean izanda ari da lanean. Elena Ibañez emaztearen laguntzarekin ezinezko zirudiena egi bihurtu du. Esfortzu askoren ondoren, gaur egun, betaurrekoentzako egurrezko egitura edo armazoiak egiten ditu, etxean bertan eskuz eginak. Teknika hori lantzen, gainera, bakarrenetakoa da.

Nolatan hasi zinen proiektu honekin?
Iñaki Uribesalgo. Orain dela bost urteko neguan hasi zen. Emaztea eta biok Errioxako etxe bat zaharberritzen ari ginen. Neguan etxea berotu beharra zegoen eta basotik egurra biltzen genuen; basoko langileek alde batera uzten zuten egurra biltzen genuen. Garai hartan, ardientzako bideak garbitu zituzten eta kalitate oneko zuhaitz asko bota zituzten. Arotza izanik, izugarrizko pena sentitu nuen. Kalitate handiko eta mota askoko zuhaitzak ziren, gainera: ipuruak, gorostiak, gereziondoak, haritzak…

Nolatan bururatu zitzaizun betaurrekoak egitea?
I.U. Hamalau urterekin arotz lanetan hasi nintzen. Lehenengo lau urteetan izan nuen irakasleak egurra tolestatzeko teknikak erakutsi zizkidan. Honela, egurra doblatzen hasi nintzen etxean, buruan ideia finkorik eduki gabe. Ustekabean eta konturatu gabe, betaurrekoak egin nitzakeela konturatu nintzen.
Zulo bat egin eta hagatxo bi jarrita, betaurreko batzuk nituen eskuartean! Izugarrizko sorpresa izan zen. Jendeari erakutsi eta izugarrizko harridura aurpegiak jartzen zizkidaten.

Jendearen erreakzioak aurrera jarraitzera bultzatu zintuen, ezta?
I.U. Bai. Ikusi nuen hori izugarria zela. Hala ere, oso zaila zen, izan ere, bandak jarri behar zitzaizkien makilei, itxura ona eman behar zitzaien… Ikusi nuen alemaniar batek eta italiar batek soilik egiten zituztela horrelako gauzak. Zailtasun horiek ikusita, alde batera uztea erabaki nuen.
Etxearen erreformarekin jarraitu nuen. Urtebete geroago, ordea, berriro ekin nion lanari, eta azkenean, lortu egin nuen.
Nola egiten dituzu?
I.U. Egurra tolestuz, lixatuz eta kola erabiliz egiten ditut, etxeko garajean. Burdinezko bisagrekin egitea nahiko erraza da, baina berritzaileago izan eta besteengandik bereizteko, egurrezkoak egin nituen. Izugarri kosta zitzaion. Pentsa, egurra biltzen hasi nintzenetik gaur arte bost urte igaro dira. Hau orain dela bost urte egin izan banu, lehenengoa izango nintzen estatuan eta bigarrena Europan. Ezinezkoa izan da, lan asko eskatu baitit.
Teknikaren xehetasun guztiek esperientzia ordu asko eta saiakera asko egitea suposatu didate.
Dena den, zure teknika erabiltzen duenik ba al dago?
I.U. Estatuan ez. Europa mailan badago nire teknika bera erabiltzen duen beste bat, baina gainontzeko guztiek zenbakizko kontrolaren bidez eta makinak erabilita egiten dituzte. Horiek, noski, gu baino azkarrago egiten dituzte, izugarrizko produkzioa dute. Egun batean egiten dutena, nik bi hilabetetan egingo nuke, gutxi gora-behera.

Zer izan da gehien kostatu zaizuna?
I.U. Zailena, ohera sartzea eskuartean izan da, horrelako ideia potoloa izanda. Zaila da aurrera egitea irteerarik ikusten ez denean. Zaila izan da dena. Izan ere, betaurreko bat egitea ez da dirudien bezain erraza. Angelu asko daude eta ondo geratu arte esperimentu asko egin behar izan ditut. Betaurrekoak irekita eta itxita zuzen geratzea, estetika ona ematea, ondo lixatuta egotea… Xehetasun asko hartu behar dira kontuan.

Zenbat modelo egitea lortu duzu?
I.U. Lau modelo ditut. Hiru eginda eta laugarrena amaitzen ari naiz. Modelo bakoitzean, eguzkiko lenteak eta lente graduatuak jartzen ditut. Torlojutxo batzuen bidez, lente horiek jarri eta kendu egin daitezke; optikan graduatzeko, lenteak kendu ditzaten. Modelo bakoitzean, lenteez gain, lau egur mota erabiltzen ditut.

Norbaitek zure egurrezko betaurrekoak nahi baditu nola eskura ditzake?
I.U. Oraingoz, betaurrekoa niri erosi behar dit eta, ondoren, optikara joan behar du graduatzera. Dena den, komertzial batzuekin hitz egiten ari naiz orain, produktuak erosteko eta optiketan banatzeko. Esate baterako, Donostiko optika batetik interesa agertu dute. Beraz, orain alor komertzialean ari gara lanean. Hilabete batzuk barru, merkatuan tokia izatea nahiko genuke.

Kalitatea ez dago zalantzan...
I.U. Materiala naturala da. Bizitza osorako betaurrekoak izan daitezke, erabilera egokia ematen bazaie. Garai bateko egurrezko armairu zaharrak oraindik bizirik jarraitzen dute eta betaurrekoen kasuan, gauza bera gertatuko litzateke.

Zenbat balio dute?
I.U. Oraindik ez dakit ziur, baina ez dut uste 500 euro baina gutxiago balioko dutenik. Atzean lan asko dago; egurra basotik bildu behar da, lehortu egin behar da hilabete askotan zehar… Gainera, betaurreko bakoitza bakarra eta esklusiboa da.

Zein amets betetzea gustatuko litzaizuke etorkizunean?
I.U. Ahal bada, etorkizunean honetaz bizi nahiko genuke. Merkatuan txoko bat izanda, betaurrekoak saltzea da gure asmoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!