Kirol eta aisialdi jarduera berriak Eguberrietan ospatu zen Gazte Astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 19a, 09:37

Eguberrietan Gazte Astea izan da Andoainen; Gizarte Zerbitzuen saileko kale hezitzaileek Gazteria saileko Gazte Lokaleko lantaldearekin elkarlanean antolatuta.
Antolatzaileak pozarren daude lortu duten emaitzarekin.  Aurtengoa ere ondo joan dela eta egindakoarekin gustura geratu direla adierazi dute.

Aurten aurreko urteetan baino parte hartze handiagoa izan dugu”, nabarmendu du Asier Gutierrezek. Betiko ohiturei jarraituz, ohiko ekintza batzuk mantendu dituzte, baina berrikuntzen aldeko apustua ere egin dute. Horregatik, basketa, futbola, eskupilota, xake eta ping-pong txapelketaz gain, zumba, antzerki eta talo tailerra ere izan dituzte, besteak beste.
“Futbolak beti izaten du arrakasta, baina aurten, adibidez, zumbako bi saio egin ditugu saio bakarrean lokala txiki geratu zelako. Parte hartzea gehitu egin da, baina batez ere, ez ohiko jarduera horietan”, azaldu du. Gazteek normalean egiten ez dutena egiteko aprobetxatu dute aste hori eta, ondorioz, berrikuntza horiek erakarrita, arrakasta handia izan dute bereziki zumba, Street Art, postre eta talo tailerrek. “Taloa urtean behin jaten dute Santomas egunean, baina masarekin aritzea eta beraiek sortutakoa jatea asko gustatzen zaie”, gehitu du Asierrek.

Parte hartzea sari bihurtua
Gazte Astearen bitartez, haurrei oporretan eskaintza bat emateaz gain, kaleari astindu bat ematen saiatzen dira: “Hasiera batean, gazteek ez zuten eskaintzarik oporraldietan eta horri buelta eman nahian hasi ginen antolatzen. Horrez gain, ordea, komunitateari begira beraiekin zerbait egitea nahi izaten dugu”, adierazi du Iker Alustizak.
Bestalde, azken urteetan, lehiakortasuna eta sarien premia areagotzen ari zela antzeman zuten antolatzaileek: “Gazteek garrantzia handia ematen zieten parte hartzeari, baina gero eta gehiago sari-banaketa festari. Lehiaketa kutsua hartu zuen eta ez zitzaigun batere gustatzen”. Sarien truke parte hartzeko fenomeno hori alde batera uzteko, ekintza partehartzailegoak eta elkarteekin harremana ahalbidetzen zutenak antolatzeari ekin zioten duela pare bat urte: Katramila taldearekin antzerki tailerra, talogileekin talo tailerra, kiroldegoekin zumba…  
Gainera, orain, parte hartzaile bakoitzari Gazte Asteko kamiseta ematen diete: “Nortasuna ematen die eta ohartzen ari dira saria parte hartzea bera dela. Beraientzat da Gazte Astea eta beraientzat egiten dugu. Hori da hain justu oparia”. Honela, Andoaingo gazteak direla sentitzen dutela eta beraien arteko nortasun eta harreman hori sendotu egiten dela diote; tailerretan elkarrekin ibiltzen direlako ikastola ezberdinetako gazteak, elkar ezagutuz eta harremanak estutuz.

Kontuan hartu beharrekoak
Gaizki ulertu baten ondorioz, futbol txapelketa abenduaren 22 eta 23an izango zela zehaztu eta gero, Leizaran institutukoak eskolara joan behar zutela ohartu ziren: “Pena izan da, deskoordinazio horren ondorioz, jendea gogoz geratu delako”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!