Atxularko gotorleku karlista, Andoain eta Urnieta artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 19a, 09:34

Karlisten garaian ez ezik 1936ko Gerran ere gotorleku gisa erabili zen Atxularko mendi muinoan aritu dira lanean Burdina taldeko boluntarioak azken aldian. Garai historiko ezberdinetan erabilitako munizioa eta beste zenbait elementu aurkitu dituzte bertan. Andoaingo historiari buruz gehiago jakiteko leku aproposa izan daitekeela uste dute Burdinako kideek.

Atxular 370 metroko mendixka da eta Leizotz auzotik Marizulo aldera (Urnieta) doan bidean kokatzen da. Leku estrategikoa da, inguru guztia ikusteko aukera ematen baitu bere kaskotik, Urnietako Goiburuko bailara eta Leitzaran aldeak batik bat. Halaxe ulertu zuten Lehen Gerra Karlistan (1833-1839), Donostialdetik zetozen tropa liberalei aurre egiteko karlistek ezarri zuten lerro defentsiboaren zati bat izan baitzen. Are gehiago, lekurik garrantzitsuenatzat jo zuten bere egileek. Besabi gainean kokatzen den beste gotorlekua, Atxetilun izenekoa eta 2010ean deskubritu dena, haren osagarri gisa eratu zuten.
Fuerte de los Dolores bezala azaltzen da Atxularko gotorlekua, karlistek garai haietan egin zituzten plano eta idatzietan.
Hirugarren Gerra Karlistan (1872-1876) berriro erabili zen, funtzio berbera betetzeko. Azkenik, 36ko Gerran errepublikoanoek ere leku estrategikotzat hartu zuten, Tolosa eta Leitzarandik zetozen kolpisten aurka egiteko. Hain zuzen ere, Burdina taldekoek gerrako zenbait elementu topatu dituzte; eskopeta eta kanoi txikietan erabiltzeko balak, eta bala zorro eta kaskiloak batik bat. Azken Gerra Karlistakoak eta 1936ko Gerrakoak dira horiek. Karlisten garaiko txanponak ere azaldu dira.
Garbiketa lanak zuzendu dituen Alfredo Moraza arkeologoak adierazi duenez, "balio historiko handiko eraikuntza da, Andoaingo bazterretan ondoen kontserbatzen dena. Baliagarria gerta daiteke Andoaingo eta eskualdeko historia berreskuratzeko".
Joxe Ramon Berrondo Burdinako kideak etorkizuneko asmoak adierazi ditu: "batetik mantentze lanak egitea izango da taldearen ardura aurrerantzean. Bestetik, iruditzen zaigu leku egokia izan litekeela Gerra Karlistei buruzko pedagogia egiteko. Andoaingo ikastetxeekin harremanetan jarri gara, oinez hona etorri eta bertan Gerra Karlistaren inguruko irakaspenak eman daitezkeelako".

Inguruaren garbiketa
Atxularko kaskoa landareriaz beteta dago, eta hura garbitzea izan da batez ere Burdinako bolondresen zeregina. Asteburu batzuk egin dituzte bertan. Hasiera uste baino katramilatsuagoa gertatu zitzaien. Izan ere, argitu nahi izan dutenez, Andoaingo Udaleko ingurumeneko sailetik ziurtatu zieten herri lurretan kokatzen zela Atxular. Lehenbiziko lan egunean, ordea, Muñagorriko baserriko familiaren kexua jaso zuten, lur sail hori bertako jabetzakoa delako berez. Azkenean, dena konpondu ahal izan zen, eta garbiketa lanetan jarraitu ahal izan zuten Burdina taldeko kideek. Alde horretatik, baserriko familiari eskerrak eman nahi dizkiote erakutsi duen prestutasunagatik.
Ondarea berreskuratzearen aldeko ekimen horren ondorioz, bi eremu bereizi ahal izan dira, hiru metroko zabalera duen zulo sakon batek banatuta daudenak. Oinarri anguluzuzena dute biek ere; 90x25 metrokoa da lehena, 25x12 metrokoa bestea. Nagusiena, zortzi-bederatzi metroko horma batek itxiko luke bere garaian; bere baitan hiru eraikuntzen zimentuak nabari daitezkeelako. Beharbada soldaduen kuartela izan zitekeen. Kanpoaldean, berriz, lau artileria pieza kokatuko ziratekeen eremua igar liteke.
Morazak gotorlekuei buruz mito bat hautsi nahi izan du, film beliko eta historikoen bidez herritarrei irudimenean daukaten ustea hain zuzen: "gotorlekua aipatu eta jendeari harrizko eraikuntza handi bat datorkio burura. Baina esan behar da Gerra Karlistetan zutitzen ziren eraikuntzak hilabete gutxi batzuetan erabiltzeko izaten zirela; ahal zuten materialarekin eraikitzen zituzten, azpian harrizko egiturak eta gainean egurrezko etxolak".

INFORMAZIO OSAGARRIA
Atxularri buruzko informazio gehiago Leyçaur 12 lan historikoen aldizkarian aurki daiteke (Moraza, Alfredo: Andoaingo karlista garaiko gotorlekuak).

 

Axindegiko garbitokia berreskuratu dute

Garai batean Axindegiko iturriko uraz baliatzen zen garbitokia txukundu eta bistara jarri dute Burdina taldeko kideek.
Axindegi baserriko bizilaguna den Pilar Mendiolak emandako informazioa jakingarri izan zaie taldekoei, lantegi horri ekiteko.
Pilar Mendiola garbitoki hori erabilgarri zeneko garaia ezagututakoa da. “Labaderoaren harria (losa) oraingo errepidera ateratzen zen metro erdi bat. Orduan ez zegoen errepiderik, gurdibide bat besterik ez”.
XX. mendeko lehen laurdenean, Karrika auzoa laupabost baserrik osatzen zuten: Kontraregistro, Axindegi, Axindegi Ondo, Istuitza Torre eta Iturriotz.
Hiru eginkizun, behintzat, betetzen zituen garbitokiak: “Iturria eta garbitegia zen, eta horiez gain, egunez larrera eramaten zen ganaduaretzat edateko arraska ere bazen”. 
 Pilarrek, umetan, ikusi izan zuen bere ama (Isabel Lasa) arropa garbitzen. “Arropa bereziren bat zenean eta etortzen zen. Ondoko baserrietako etxekoandreak ere hona etortzen ziren. Hori bai, gero eta gutxiago. Azkenean labadero bezala baztertu egin zen. Metro erdiko sakonera edukiko zuen putzua geratu zen hala ere, eta harrezkero, euriarekin-eta bete ohi den bakoitzean garbitzea tokatzen zaigu, gainontzean gainezka egiten baitu eta ur errekak sortzen baitira trenbideko tunelean barrena”.

Asindegiko iturria
Burdina taldeak txukundu berri duen garbitokiak ehun bat metro gorago dagoen ur jaiotzatik datorren ura jasotzen du. Inguruko baserritarrek erabili izan zuten ur hori, harik eta 1930ean Etxeberrietatik Karrikaraino hoditeria eraiki zen arte, herriko urak ekartzeko asmoz. Mendiolak adierazi duenez, “Algodonerako lantokia ere iturri horretatik hornitzen zen; pizina bat zeukan lantokian barruan, eta hura pixkana-pixkana betetzen zuten, ondoren tinte lanetan erabiltzeko”. Iturri horrek ur garbia, edateko modukoa dakar oraindik, baina egun, apenas inork hartzen duen bertatik.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!