Euskal Herriko txapelketa jokatuko da aurtengo Urnietako Mendi Lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 16a, 15:32

Martxoaren 29an, igandearekin, ospatuko da Urnietako mendi lasterketaren IV. edizioa. Aurten, gainera, lasterketa Euskal Mendizaleen Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko Txapelketan bilakatuko da. Proba euskaldun batek irabaziz gero, garaipen batekin bi txapel lortuko lituzke.

Ostiral honetan irekiko dute izena emateko aukera, eta gehienezko partaidetza 400 lasterkarikoa izango da.
Ohiko bilakatu denez, mendi lasterketa Xoxoka auzoan hasi eta bukatuko da. Eguraldi ona eginez gero, azken metroak ikusteko toki ederra da.
Iaz antolatzaileek estrainekoz ibilbide luzea eta motza antolatu zituzten, eta aurten ere gauza bera egingo dute: “Bi ibilbide ezberdin prestatu ditugu, bata aurreko urteetakoaren berdina 21,6 kilometrokoa eta bestea mendi lasterketetan hasi nahi duenarentzat aproposagoa, 11,5 kilometrokoa”. Aurkari gogorrak izan baditu ere, probaren errege gaur gaurkoz bakarra da: Jokin Lizeaga urnietarra. Urtez urte probako marka onena jartzen ari da. Aurten irteerara sasoiko iristen bada, lasterketa beste behin ere irabazteko faborito nagusi izango da. Eta, noski, garaipenarekin, etxean bertan Euskal Herriko txapeldun bilakatuko litzateke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!