Ereserki bana Errekaburu eta Triana elkarteei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 16a, 15:24

Triana eta Errekaburu elkarteek ere badute ereserkia. Andoainen dauden hamalau elkarteetatik horiek biak ziren ereserkirik ez zeukaten bakarrak eta Joxe Mari Oiartzabal konposatzaileak bete du hutsune hori.

Asteartean aurkeztu zituzten bi kantak.

Oiartzabalek bi abesti berrien inguruko ezaugarriak azaldu zituen. Trianarena, bi zatitan banatzen da: lehenean, euskal pasakallearen erritmoa da nagusi, eta bigarrengoan, sevillanak hartzen du indarra. Pieza batean euskal kultura eta andaluziarra uztartzen saiatu dela azpimarratu zuen Oiartzabalek.
Errekabururen abestia osatzeko orduan, berriz, euskal doinuetan oinarritu da; elkartea osatzen duen giza taldearen kultur ezaugarriak hartu ditu kontuan.
Poza eta esker ona agertu zuten aurkezpenean parte hartu zuten bi elkarteetako kideek. Abestia oso polita dela eta eurentzat opari goxoa izan dela aitortu zuten.

DISKO BERRIAN SARTUKO
DITUZTE BI ERESERKIAK
Gogoratu behar da bi abesti horiek Garate estudioetan grabatzekoa den diskoan sartuko dituztela. Hemezortzi piezek osatuko dute: hamalau elkarteenak, eta beste lau gehiago (Santa Krutz Martxa, Andoaingo Ereserkia, Fernando Uribesalgo eta Gira Kale Txiki txaranga).
Diskoa bultzatzen ari den herri ekimeneko Joxe Ramon Berrondok grabaketaren inguruko zenbait xehetasun gogorazi zituen. Otsailaren 27an grabatuko da, eta hogeita zortzi musikarik eta elkarteetako danbor joleek hartuko dute parte. Ospe handiko musikariak dira, eta tartean Errenteria, Hernani eta Donostiako musika bandako zuzendariak ageri dira. Doan jotzeko prestutasuna azaldu dute, denek ere.
Lan berria Santa Krutz jaien aurreko astean Basteron aurkezteko asmoa dute. Diskoa herritarren artean eskuz esku zabaldu  nahi dute, eta hori erraztuko duen prezioan jarriko da. Hamar eurotan, zehazki. Diskoak berarekin eramango duen lema ere jakinarazi zuten: "Elkarteek herria gorpuzten dute! Eskuan daukazun diskoan andoaindar senaren taupadak entzun ditzakezu...".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!