Musikari eta dantzariekin batera, Jon Unanue urnietarra Iztuetaren paperean aktore lanetan arituko da. Euskaltzalea, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari da Unanue. Garai hura ondo ezagutzen du, beraz, harentzat paper hori antzeztea bizitzan gertatzen diren ezusteko atsegin horietakoa izan da.
Marizulo taldearen hirugarren eta azken antzezpenean parte hartu zenuen. Eta orain berriro zugana jo dute. Euskaltzale izateaz gain, aktore deitzen hasi behar al zaitugu?
Jon Unanue. Aktore ez, akaso antzezle. Txikitandik datorkit zaletasun hori, betidanik. Urteetan ez dut ezertxo ere egin, eta papera eta gidoia oso gogoko baldin baditut oso gustura egiten dudan gauza da.
Antzezle lanetan eroso sentitzen zara? Zer nolakoa izan da prestaketa lana?
J.U. Eroso sentitu naiz, bai. Nahiz eta testuak ikusi nituenean kezkatu, Iztueta XIX. mendeko idazlea izan zen. Garai hartako gorabeherak eta orduko gizartea gaur egun jende gutxik ezagutzen ditu, beraz, horiek obra batean islatu nahi izatea konplikatu samar izan zitekeela ikusi nuen.
Prestakuntza lanetan, ordea, ni zorionez prestaketa lanetan Mikel Agirregomezkortaren zuzendaritzapean aritu naiz. Lan bikaina egin du, eta neronek gozatu ederra hartu dut. Egia esateko, oso gustura aritu naiz.
Oinarrian antzezten dudana Iztuetak berak idatzitako lanen pasarteak dira, eta ez ditugu asko aldatu. Berak idatzitakoa bere horretan mantentzen ahalegindu gara, baina apur bat ulergarri egiteko moldaketa batzuk egin behar izan ditugu. Nik uste jendeak arazorik gabe ulertu ahal izango duela guztia.
Ikustera joango denarentzat, ikuskizunaz zer aurreratuko zenuke?
J.U. Oro har dantza eta musika ikuskizun zirraragarria da, non dantzari gazte talde batek egindako lan bikaina ikusi ahal izango den. Ez da egun batetik bestera sortutako taldea, dantza taldeak urteetako lana metatu eta ondu du.
Funtsean lan horrek azaltzen duena Iztuetaren ikuspegia da, koreografietara eramana. Nik uste emaitza oso ona dela, eta ikusgarria, Edu Muruamendiarazengandik itxaron genezakeena.
Manuel Larramendi, Juan Inazio Iztueta,... garai hartako gizonen paperean jartzea bizitzak ematen dituen ezusteko atsegin horietakoa al da?
J.U. Bai, atsegina izan da alde horretatik. Jakin bezain pronto erronkatzat hartu nuen proposamena. Iztueta idatziz ezagutu aurretik, nik neronek Joxe Garmendia Arruabarrena Iztuetaren biografo eta aztertzaile handiena ezagutu nuen. Berarekin Iztuetari buruz behin baino gehiagotan hitz egiteko aukera izan nuen. Iztueta, gainera, Manuel Larramendi idazlearen jarraitzailea zen. Euskal kulturan Iztueta XIX. mendeko pertsona adierazgarrienetakoa izan da. Beraz, bai, niretzat ezusteko atsegin horietakoa izan da.
Juan Inazio Iztuetaren paperean arituko zara, XIX. mendean euskaraz idazten zuen idazle eta kulturgile bakanetakoa. Iztueta “Larramendiren belaunaldi”ko kidetzat hartu dute historialariek. Zuk zeuk, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari zarenetik, ondo ezagutzen dituzu garaia eta testuingurua. Egungo begietatik zein irakaspen har genezake belaunaldi hartatik?
J.U. Irakaspen nagusia mende hura eta garai hartako gertakariak ezagutzea da. Gaur egun jendeak gauza haiei arreta gutxi eskaintzen die. Mende guztiak, Historia oro har, interesgarri dira. XIX. mendea, ordea, aldaketa ikaragarrien garaia izan zen. Antzinako erregimenarekin, absolutismoarekin hausteko ahalegina egin zen penintsulan. Kontraste nabarmenak sortu ziren eta horiek ez ezagutzeagatik oraindik ere euskal gizartea bere buruarekin apur bat galduta dabilela esango nuke. On handia egingo liguke XIX. mendea, oro har, ongi ezagutzeak. Iztueta, hainbat gauzatan, Larramendiren jarraitzaile izan zen, eta Larramendik hitzez zein idatziz utzi zuen oihartzunak urte askotan iraun zuen.
Gizon bitxiak izan ziren biak, lirudikeenaren kontra nor bere garaian ikuspegi zabal eta aurrerakoiekoak eta ugari dira bien arteko antzekotasunak. Iztuetari dagokionez, dantzaren tradizioa berreskuratu nahi izan zuen eta Gipuzkoako dantzei buruzko liburua idatzi zuen; geroztik maiz dogmatzat hartu izan dena, berak dogmatikotik askorik ez zuen arren. Ez zuen, beraz, zalantza eta eztabaida ukatuko. Bestetik, oso bizitza gorabeheratsua izan zuen, Inkisizioarekin arazoak... Larramendirekin hainbat ezaugarritan badu parekotasunik. Larramendi garbizalea zela, bai, egia da, eta bere sinismenak dogmaz bizi zituena, baina Euskal Herria guztiz blaitzen zuten sinesmen horien barruan gizon aurrerazalea izan zen oso. Biek ere utzi duten mezua hona laburbil daiteke: gizartean eta ideologian aurrera egin litekeela baina tradizioa baztertu eta galtzen utzi gabe.
Urtarrilak 17 eta 18.
19:00. Sarobe. 4 euro.