Ohiko bilakatu denez, mendi lasterketa Xoxoka auzoan hasi eta bukatuko da. Eguraldi ona eginez gero, azken metroak ikusteko toki ederra da.
Iaz antolatzaileek estrainekoz ibilbide luzea eta motza antolatu zituzten, eta aurten ere gauza bera egingo dute: “Bi ibilbide ezberdin prestatu ditugu, bata aurreko urteetakoaren berdina 21,6 kilometrokoa eta bestea mendi lasterketetan hasi nahi duenarentzat aproposagoa, 11,5 kilometrokoa”. Aurkari gogorrak izan baditu ere, probaren errege gaur gaurkoz bakarra da: Jokin Lizeaga urnietarra. Urtez urte probako marka onena jartzen ari da. Aurten irteerara sasoiko iristen bada, lasterketa beste behin ere irabazteko faborito nagusi izango da. Eta, noski, garaipenarekin, etxean bertan Euskal Herriko txapeldun bilakatuko litzateke.