Esker onez zuri kantari
Gaur bi milla hamabosteko urtarrillaren hamaika
Ta Zelatunen bildu gaituzu sentimenduei jarraika
Haizek kulunka zaitzan hainbeste zenituenekin maita.
Zuri kantari agur goibelik ez genuke gaur nahi aipa
Oroitzapena gure bizitzen argi-iturria baita.
Azkuetarren txistu-doiñuak badauka nahiko oihartzun
Zu zeu beraien amabitxia izan ziñen Asteasun
Txorien gisa nork ez zintuen doñu gozoetan entzun?
Txistua edo adarra jotzen, ene, zenbat alaitasun!
Poza kutsatuz ingurukoak dantzan jarri ohi guntuzun.
Atseden gabe euskara ere gogotsu zenuen bultza
Ta Larramendin eman zenuen borondatetsu laguntza
Aiurri sortu zenuten eta zaindu joan zedin goruntza
Xumea bezain edera bait zen egitasmoren funtsa:
Maitatu eta maitaraztea herria eta hizkuntza.
Asteasuko odol-emaillen taldez nola ez oroitu
Zuk auspotuta hasi bazen ta herrian tinko sustraitu?
Zure galerak odolustuta ezin liteke amaitu
Ta elkartasun-iturri horrek gerora behar du jarraitu
Zure kemenak talde barruan taupaka jarraitzen baitu.
Lagunen lagun zoragarria, baita haien lagunena
Eskuzabala, partekatzeko zure esku zegoena
Etxea ziñun Asteasuko enbajadarik onena
Ta goxo hartu ohi gintuzunez zure txokoan barrena
Bihotz barruan gorde dizugu txokorikan goxoena.
Bidaiatzen maiz ibili ziñen, zenbat herri, zenbat jende!
Beste kulturak ezagutu ta gurea zaintzea xede
Bidaikideekin zenbat hitz goxo, eta zenbat gizalege!
Etxetik urrun ikasi giñun zuri esker, halafede
Altxor bikaiñak baditugula geronen etxean ere.
Norbait gertuko egin zenuen irtendakoan urruna
Zoragarria izan zen bertan loratu zen maitasuna
Bihotz miñetan duzu, ordea, gaur adiskide kuttuna
Baina praktikan jarriz zerorrek erakutsi zeniguna
Laguntasunak goxatuko du zuk egin ezin duzuna.
Zure ahotik entzundakoa nahi genuke aipatzea:
Komeni dela munduan gauden bitartean gozatzea
Une txarrenak gaindituz beti aurrera begiratzea
Nahiz gauza ona dugun bizitzan urte asko betetzea
Onena dela urte horiek ondo aprobetxatzea.
Ustegabeko hutsak familia ta lagunak alargundu
Zurekin edo zu gabe egon, ditugulako bi mundu
Zure bitartez, ordea, dugu lan-sare bat ehundu
Une hauetan zaizkigunean irribarreak urrundu
Indar guztiak josteak baietz hutsa gainditzen lagundu.
Bizipozaren sorgin xaloa, ximeldueziñezko lili
Zenbat maitasun ote zenigun apal-apalki bidali?
Baikortasuna lagun hartuta ziñen munduan ibili
Zuregandikan jasotakoak nahi ditugunez itzuli
Hartu muxu bat bihotz bihotzez esker onez Marijuli!
Miel Mari Elosegi, Luze