Parke bat estaltzeko lehiaketa Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 9a, 11:15

Gune estalien beharrari erantzuna emateko, Arroako plaza, Larreako haur parkea edo Malkar plaza estaliko dute.

Amasa-Villabonako Udalak, 2015. urteari begira, parke estalien proiektuari heldu dio. “Eguraldiak ez du laguntzen inguru honetan eta herritarrek behin eta berriro eskatu diguten gai bat da; egonaldirako eta jolaserako estalitako gune bat falta da herrian”, adierazi zuen Galder Azkue alkateak prentsaurrekoan. Estalpeak behar dituzte herrian eta, analisi teknikoak egin ostean, aukeratu dute non nahiko lituzketen: Arroako plazan, Larreako haur parkean edota Malkar plazan.
Gainera, hiru gune horietan nolako estalpea nahi duten erabakitzeko herritarrek izango dute hitza; batetik, proposamenak lehiaketa bidez jaso nahi dituztelako eta, bestetik, azken erabakia herritarrek hartuko dutelako bozketa bidez. Beraz, legealdi honetan sustatu nahi izan duten parte hartzearen beste adibide bat izango da prozesu hau ere. “Lehiaketaren oina herritarren parte hartzea izango da eta herrian zer gertatuko den aukeratzeko ahalmena emango diegu”, azpimarratu zuen Galderrek.
Lehiaketan parte hartzeko deia arkitektoei luzatuko diete, norbanako bezala edo talde bezala parte har dezaten eta hiru gune horietan oinarritutako ideiak aurkez ditzaten. Udala lehiaketaren baldintzak eta arauak finkatzen ari da orain, baina behin hori eginda, deialdi publikoa irekiko dute eta arkitektoek hilabete baten barruan aurkeztu beharko dituzte proposamenak. Ondoren, herritarrek hartuko dute hitza eta gehien gustatzen zaiena bozkatuko dute. Proiektu irabazlea martxoan izendatuko dute, Aste Santuen aurretik. Parkea egiteko obrak, aldiz, uda ostean hasiko direla aurreikusten dute: “Parke bat hainbat modutan estal daiteke; oso modu sinplean edo konplexuagoan. Beraz, irabazten duen proiektuaren zailtasun teknikoen arabera, motzago edo luzeago joko du”. Egikaritzea, uda aurretik eginda utzi nahi dute, uda ondoren lanean hasteko.

Azken erabakia herritarren esku
Proiektuak aukeratzeko eskubidea 16 urtetik gorakoek izango dute. Hala ere, haurrak ere ez dituzte alde batera utzi nahi izan eta beraien iritzia ere kontuan hartuko dutela azaldu zuen alkateak: “Parke estaliek haurrentzat duten garrantziagatik, beharrezko ikusten dugu beraien iritzia plazaratzea eta proiektuak baloratzea”.  
Gune bakoitzean bozka gehien jasotzen dituzten lehenengo hiru lanek saria jasoko dute; lehenak 3000 euro, bigarrenak 1500 eta hirugarrenak 500. 16 urtetik beherakoek aukeratzen duten proiektuak 500 euro jasoko ditu.
Bozka gehien dituen estalpea egingo dute, baina Udalak argi utzi nahi izan du gainerakoak ez dituztela alboratuko; orain bakarra estaltzeko konpromisoa hartu duten arren, beste proiektuak etorkizunerako baliagarriak izan daitezkeelako.

Pausoak
0.    Orain: Udalak lehiaketarako baldintzak eta xehetasunak finkatu ostean, deialdia irekiko du.
1.    Arkitektoek lanak aurkeztuko dituzte.
2.    Lanak epaimahai teknikora pasako dira, baldintzak betetzeaz gain, gauzagarriak direla ziurtatzeko.
3.    Lanak sarean eta eskuorrietan publiko egingo dira, herritarrek ezagutzeko.
4.    Parke gustukoena bozkatuko da.
5.    Sari banaketa.
6.    Proiektu irabazlea hautatuta, eraikitzeko bidean jarriko da.
7.    Gune estalia eraikiko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!