Martxan da garraio zerbitzu berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 9a, 11:14

Autobus ibilbide osatuak eta berriak eskaintzen hasi dira Aiztondon; eskaripeko zerbitzu bidez lotuko dira herri txikiak.

Eragile eta herritarren parte hartze prozesuak eman ditu fruituak. Urtetako lanaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosaldeko Lurraldebus sare eraberritua abian jarri zuen Eguberrien atarian. Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide azpiegituren diputatuak azpimarratu zuenez, «zerbitzua nabarmen hobetuko da».
Autobusak, 308.000 kilometro egitetik, 811.000 kilometro egitera irits daitezke, eta inbetsioari dagokionez ere, 1,8 milioi euro gehiago inbertituko ditu Aldundiak. “Kilometro kopurua %163 igo ahalko da eta inbertsioaren zenbatekoak ere zerbitzuaren hobekuntza erakusten du”, azaldu zuen Ugartek, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Jon Umerez Alkizako alkatearekin batera egindako aukezpenean. Bestalde, zortzi gidarien lekuan hamazazpi lagunek jardungo dute hemendik aurrera eta eskualdeko bederatzi taxilarik ere lagunduko dute eskaripeko zerbitzuak eskaintzen.
Aldaketa hauek guztiak biztanleen bizi kalitatea hobetzeko egin dira eta, batez ere, herri txikiei onura handiak ekarriko dizkiete. Ibai Iriarteren esanetan, zerbitzua geroz eta gutxiago erabiltzen zen ez zelako biztanleen beharretara egokitzen. “Inori ez dio onik egiten autobusa hutsik bueltaka ikusteak”, gaineratu zuen Jon Umerezek. Horregatik, eskaripeko zerbitzuak txertatu dituzte, herritarren beharretara albait gehien gerturatu nahi zutelako eta modu horrek, zerbitzuen maiztasuna handitzea eta ibilbide zuzenagoak izatea ahalbidetzen duelako.
ibilbide berriak eskualdean
Orain arte existitzen ez ziren lineak jarri dituzte eskualdean. Esaterako, Asteasutik Tolosarako linea jarri dute, Zizurkil, Villabona, Irura eta Anoetatik pasako dena. Hori, gainera, larunbat gauetan 03:00ak arte ere egongo da. Izan ere, hainbat Udalek hala eskatuta, gaueko zerbitzua eskainiko dute “aisialdia garraio publikoz egin ahal izateko”.
Eskaripeko zerbitzuen artean, bi modalitate bereizten dira. Batetik, zenbait linea arruntetan, eskaripeko geltokiak jarri dituzte eta autobusa geltoki batzuetara herritarrek eskatzen badiete joango da. Horren adibide da Larrauldik Adunara jarri duten zerbitzua. Larraul, Asteasu, Zizurkil, Villabona eta Aduna lotuko ditu, Larraul eta Adunako geltokiak eskaripekoak izanik. Honenbestez, erabiltzaileren batek eskatuko balu soilik joango litzateke aipatu herrietara. Eskaerarik egon ezean, Asteasutik abiatu eta Villabonan amaituko luke ibilbidea.
Bestetik, guztiz eskaripekoak diren lineak jarri dituzte, herri txikiei begira eraginkortasuna handitzeko. Zizurkil-Villabona, Aduna-Andoain eta Villabona-Alkiza lineak guztiz eskaripekoak dira, hau da, herritarren batek eskaera egiten duenean jarriko da martxan zerbitzua.

ESKARIPEKOA,
Nola eska daiteke?
Hiru modu daude:

  •     900 234 555 telefono zenbakira deituta.
  •     www.lurraldebus.eus/eskaripekoa ataria erabilita.
  •     Ohiko ibilbideetan SMS bidez ere egiteko aukera izango da.
Bi baldintza bete behar dira:
  •     Eskaera autobusa hartu baino ordubete lehenago egitea gomendatzen da.
  •     Eskatzailea Mugi edota Lurraldebus txartelaren jabe izatea.

Zizurkil eta Adunako Udalek txartelak egiteko eta dirua kargatzeko aukera emango dute. Larraulen laster izango da horretarako aukera. Pixkanaka eskaripeko kulturara ohitu beharko dute erabiltzaileek eta aldaketa hauek ezagutarazteko, autobus lineak eta ordutegiak azaltzen dituen foiletoa banatuko da Tolosaldeko etxe guztietara. Horrez gain, informazio bulego bat ere zabalduko da Tolosako Barrena kalean eta astelehenetik larunbatera egongo da irekita, goizez 08:00etatik 14:00etara.

Ohiko ibilbideak
TO07    » Asteasu    Zizurkil    Villabona    Irura     Anoeta    Tolosa
TO47G » Asteasu     Zizurkil     Villabona     Irura     Anoeta    Tolosa*
TO08    » Larraul&    Asteasu    Zizurkil    Villabona    Aduna&
& Eskaripeko geltokiak              * (gauez)

Eskaripeko ibilbideak
Aiztondoko herrietan:
TO22E    »     Zizurkil    Villabona
TO23E    »     Aduna    Andoain
TO27E    »     Villabona    Alkiza   

Eskaera bideratzeko:
900 234 555.
Ordubete lehenago deitu.
Mugi, Lurralde bus txartela eduki.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!