Ateak zabalik Katilu Txulo elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 9a, 10:31

Joan den azaroaz geroztik, elkarteko lehendakari da Jon Tejeria herritarra. Elkartearen inguruko nondik norakoez mintzatu da Aiurri aldizkariarekin.

Aurreko zuzendaritza batzordeetan hiru lagun aritzen baziren ere, azken urteotan lau kide aritzen dira lan horretan eta, Jonen ustez, askoz ere arinago egiten dira elkarteko lanak modu horretan. “Elkartearen dinamika osoa bideratzeaz arduratzen gara; generoa ekarri, kontuak egin, faltak begiratu… Ardurak banatuta ditugu gure artean eta elkarte txikia denez, ondo moldatzen gara. Astean behin elkartzen gara orain, martxa hartu arte. Behin martxa hartutakoan, hamabostean behin biltzen hasiko gara”, zehaztu du.
Une honetan 39 bazkide ditu elkarteak, 42 ere izan ziren arren. Bazkide kopurua altuenean ia berdinduta mantendu arren, azken boladan elkarteko kontsumoa behera doala eta jende gutxiago dabilela aipatu du lehendakariak eta etorkizunean berriz ere erabilera indartzeko gogoa dutela. “Orain urte batzuk, etxe berriak eraiki zirenean, jende asko etorri zen Larraulera bizitzera eta etorrialdi hartan, jende asko egin zen elkarteko bazkide. Azken urteotan, ordea, ez da inor bazkide egitera animatzen”.

Bakarka edo bikotean bazkide
Emakume nahiz gizonezkoak dira Katilu Txulo elkarteko bazkide, 2000. urtean zabaldu zenetik. Badute aukera bitxi bat ere; bakarka edo bikote gisa bazkide egiteko aukera eskaintzen baitute. “Bazkidearen bikoteak (senarrak  edo emazteak ) elkartea erabiltzeko aukera bera du urteko kuota zertxobait gehiago ordainduta. Modu horretan, lagunartean afari edo bazkari bat antolatu nahi denean ez du zertan bazkideak berak bertan egon beharrik; kasu horretan bikoteak ere badu giltza eta elkartearen erabilpen bera egin dezake, nahiz eta batzarretan boturik ez izan”, argitu du elkarrizketatuak. Elkartea zabaldu berritan jarri zuten aukera hori, besteak beste, negu partean arratsaldez umeekin plaza inguruan egoten ziren herritarrek babesean egoteko beste txoko bat izan zezaten, elkartearen abantailak aprobetxatuz.

Ideia ezberdinei irekita
Erabilera gastronomikoa ematen zaio batik bat Katilu Txulori, asteburuetan bereziki. Astean zehar mugimendu gutxiago izaten da, nahiz eta uda partean jende dezente gerturatzen den kanpoan mahaiak jarrita otorduak egitera. Gauetan, bestalde, Larraulen taberna bakarra dagoela kontuan hartuta, hura itxitakoan, egonaldia zertxobait luzatzeko aukera ematen du elkarteak. Urtean zehar ekintza ezberdinak bideratzen dituzte elkartetik: “Sanestebanetan eta Sanbartolometan herritarrentzako hamaiketakoa antolatzen dugu, baita Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketaren ondorengo korrikalarientzako hamaiketakoa ere. Kultur Asteko talo jatean ere urtero hartzen dugu parte, bertan ditugu taloak prestatzeko behar diren tresnak. Bestalde, hainbat tailer ere antolatu izan dugu elkartean: ogia egiten ikastekoa, esaterako. Sortzen diren ideia ezberdinei begira irekita egoten da elkartea, denerako erabilpena ematen zaio”, azaldu du Jonek. Elkartea kokatzen den lokala Larraulgo Udalarena da. Garai batean kultur aretoa zen, baina erabilera gehiegirik ez zuenez, elkartea bertan irekitzea erabaki zuten. “Auzolanean eraiki genuen elkartea eta gerora ere auzolanean jarraitu dugu aurrera, iaz biltegia zabaldu genuen bazkideen artean, aurten kanpoko mahaia jarri dugu…”.

Erretzea galarazita
Erretzea debekatzen duen legea elkarteetara ere iristear den garai hauetan, Larraulgo elkartea aurreratuta dabilela esan daiteke; izan ere euren erabakia orain lau urte hartu baitzuten, tabernetan erretzea debekatu zen garaian hain zuzen: “Larraulgo elkartean galarazita dago erretzea 2011ko abenduan lege hura kaleratu eta urte hartako asanbladan bozketa egin zenetik. Ezezkoak irabazi zuen. Geroztik, erre nahi duena kanpora ateratzen da normalean”. Elkarteei bideratutako legea aurrera atera edo ez, Larraulgo elkartearengan ez du inolako eraginik izango, beraz. Jonek erabaki hura naturaltasunez hartu zela azaldu du, “gogoan dut erretzaile ziren batzuek ere elkarte barruan ez erretzea bozkatu zutela. Ondo errespetatu da erabaki hura”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!