Txulobi, mugimendu handiko elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 9a, 10:29

Arkaitz Izagirre errenteriarra duela bi urte etorri zen Adunara bizitzera bere bikote eta alabatxoarekin. Txulobi elkarteko lehendakaria da.

Orain bi urte Adunara etorrita, herrian txertatu eta herritarrak ezagutzeko asmoz eman zuen izena Txulobi elkartean Arkaitzek. Bazkide egin orduko, ia errebotean etorri zitzaion zuzendaritza batzordeko kide izateko gonbidapena eta baiezkoa eman zuen berehalakoan. Urtebete egingo du lehendakari gisa. “Lehen bileran, ardurak banatu zirenean, nire egokitu zitzaidan lehendakariaren papera hartzea, baina zuzendaritza batzordeko bost kideon artean bideratzen dugu elkartea. Hilean behin biltzen gara”, azaldu du. 52 bazkide dira egun Txulobi elkartean, neska nahiz mutil. Elkarte bizia da, herritar ugari gerturatzen da bertara otordu nahiz ospakizunak egitera. “Mugimendu handia dago elkartean. Gabon garaian bertan, eguerdiz nahiz gauez beteta egon da, familia bazkari edo afariak zirela eta. Gainerakoan, noiznahi etorrita ere, arratsalde edo iluntzetan, karta partidak jokatuz, gehienean egongo da norbait”, dio. Horren adierazgarri nagusia, “edariak azkar batean bukatzen dira eta bodegeroa egunero etortzen da osatu beharrekoa osatzera”.

Pilota eta ehiza, gertu-gertutik

Txulobi pilota eskola eta elkartea independenteak dira, ez dute harreman zuzenik batak bestearekin. Pilota eskola elkarteko estatutuen gerizpean sortu bazen ere, bere egitura du bakoitzak. Elkarteko bazkide asko pilota eskolako gaztetxoen guraso direnez, ordea, lotura estua dute, “20 bat haur biltzen ditu pilota eskolak. Aurten bozpasei nesken taldea ere sortu da. Eskuz aritzen dira mutilak, palaz neskak. Bi irakasle dituzte pilotari gazteek”. Pilotarekin ez ezik, ehizarekin ere badu harremana elkarteak, izan ere, Txulobiko estatutuen baitan osatu baitzen hainbat herritar biltzen duen Gelita ehiza elkartea ere. Gainerakoan, Arkaitzek adierazi duenez, otorduak egitera edota egotera etortzen dira bazkideak batik bat Txulobi elkartera. “Elkarteak herrian antolatzen diren ekintza ezberdinetan hartzen du parte, baina antolatzaile baino gehiago, laguntzaile gisa. Oro har, herriko beste hainbat eragile arduratzen da urteko ekintzak antolatzen bai Kultur Astean, festetan, Gabonetako ekimenetan… Elkartea, ordea, beti prest izaten da ekimen horiei begira laguntzeko; gosari edota hamaiketakoa prestatuz, esaterako”. Urte luzetako tradizioa duen Aiztondoko txirrindularitza klasika, bestade, eskualdeko elkarteen artean antolatu ohi dute. Arkaitzi begia jotzen dio nola egun horretan 500 biztanle inguru dituen Aduna herritik 30 lagun pasatxo biltzen den bidegurutzeak zaintzeko, herri handiagoetatik herritar gutxiagok parte hartzen duen bitartean. Herrian ondo txertatutako ekimena dela uste du, primeran erantzuten zaion hitzordua.

Orain artean elkartean erre zitekeen…
Eusko Jaurlaritzak elkarteetan erretzea debekatzeko proposatu duen legearen inguruan, argi dute Txulobin hartuko duten jarrera: Legea orokorra bada eta elkarte guztiei eragingo badie, Txulobi ere ez da salbuespena izango, “hala ere, otsaileko batzarrean eztabaidatuko dugu gaia bazkideon artean eta guztion artean hartutako erabakia errespetatuko da aurrerantzean. Aurrez, tabakoaren legea tabernetan abian jarri zenean ere hizpide izan zen gaia, baina orain artean behintzat erretzea onartu zen, tartean elkarte barruan erretzea nahi ez duen jendea ere badagoen arren”, azaldu du. 

Adunako bizimodura egokituz
Errenteriarra izanagatik, Donostian edota Ataunen ere bizitu da Arkaitz Adunara etorri aurretik. Ondo egokitu dira etxekoak Adunako bizimodura. Bere izaerak hala bultzatuta, herrian txertatu eta herritarrekin harremana egiteko modua izan da beretzat elkarteko bazkide egitea, “Errenterian egiten du lan bikoteak, Beasainen nik. Bizilekua erdibidean aurkitzen saiatu gara eta gustura gaude gure aukerarekin. Aduna herri txikia da; taberna bakarra du, ez du komertziorik. Herrian bizitza soziala egiteko modua haurrarekin parkera edota elkartera etortzea da niretzat. Elkarteko bazkide eginda, herritarrak ezagutu eta gu ezagutzera emateko aukera izan dugu eta baita, herritarrak, kanpotik etorritakoak arraroak ez garela konturatzeko modua ere. Ostalaritza ikasi zuen Arkaitzek eta 15 urtez aritu zen jatetxe ezberdinetan lanean. Beasaingo CAFen ari da azken 12 urteotan. Arkaitz ez da geldirik egoteko mutila, musikaria ere bada eta danborra jotzen du txaranga batean. Etxekoekin edota sukaldari eskolako lagunekin etorri ohi da Txulobi elkartera, ospakizunetako otorduak edo lagunarteko afariak egitera. “Noizean behin, ahal dugun moduan aprobetxatzen dugu elkartea”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!