Altxor ugari gordetzen du Asteasuko Udal artxibategiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 9a, 10:26

Oso artxibategi aberatsa du Asteasuko Udalak, halaxe uste du bertako artxibozain den
Amagoia Piák; arakatzen hasiz gero, oso gauza interesgarriak aurki daitezkeela bertan.

1816an Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, haien aitak lagunduta, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurka jarritako salaketa izan da Asteasuko Udal artxibategian egin duten azken aurkikuntza. Aurkikuntza bitxia dudarik gabe, antzinakoa izanagatik, bertsoz eta euskaraz idatzita baitago.
Pello Errota bertsolariaren inguruan lantxo bat egin nahian agiri zaharretara jo zuenean egin zuen topo Amagoia artxibozainak aipatu salaketa bertsoekin. Pello Errotarena aurreragorako utzi eta aurkitutako bertsoak aztertzen aritu zen Iago Irixoa lankidearekin batera (lanaren emaitza eta bertsoak artikuloaren amaierako helbideetan aurki daitezke). “Azken batean, gizon batek herriko lau emakumeren kontra idatzitako bertsoak dira. Kontua da, garai hartako Asteasun herriko lau emakume, –ezagunak edo lagunak denak–, bere alabaren aurkako bertsoak abesten aritzen zirela eta eskribauak bertso haiek idatzi egin zituen neska haren kontra esaten zenaz…”. Itxuraz, hizketan bezala, bertsotan ere aritzen ziren garaiko emakume batzuk. Komunikatzeko modua zen eurentzat bertsoa. “Bertso bat abestu eta jendeak entzun ondoren, beste bat eransten zioten; pixkanaka gero eta bertso ezagunagoak egiten ziren arte. Baina hizketagai zen pertsonari izugarrizko kaltea egiten zioten; bertsoak abesten etxe batean hasten baziren ere, bailara guztian zabaltzen baitziren gero”, argitu du Amagoiak. Salaketa jarri zuen aitak, bere alabaren alde egin zuen, esaten zena gezurra zela argudiatuz. “Aitak besteei irainak botatzea doakoa ezin izan zitekeela uste bazuen ere, bertsoak abestu zituzten neskek barkamena eskatu eta bakeak egin zituzten azkenean”. Bertsoak euskaraz idatzita daude, noski, baina bitxiagoa egiten da 1816 urtean bertso haiek abestu zituzten guztiak emakumeak izatea. Amagoiaren hitzetan, “orain urte gutxi hasi dira emakumeak bertso lehiaketetan parte hartzen. Baina idatzian argi geratzen denez, antzina oso ohikoa zen emakumeak bertsotan aritzea. Gauzarik arruntena bezala botatzen zituzten orduan bertsoak egunerokoan,”. Bertso haiek eskribau batek jaso, idatzi eta gaur egunera arte iritsi izana, hortxe kontakizunaren bigarren alderdi harrigarria.

Ohorea, diruaren aurretik
Artxibozainek esperotakoa baino oihartzun handiagoa izan dute salaketa bertso hauek, “Twitter bidez ere zabaldu genuen berria eta jende asko gerturatu zaigu gaiarekin interesatuta”. Hala ere, antzina irainengandik auzi asko jartzen zela aipatu du elkarrizketatuak. Bere esanetan, “salaketak jartzea merkea ez zen arren, ohorea oso garrantzitsua zen –garaiko emakumeengan bereziki-, eta aurrera egiten zuten emandako pausoarekin”. Asteasuko artxibategian aurkitu zituzten XX. mendean euskaraz idatzitako beste salaketa bertso batzuk ere aipagarriak dira. “Salaketa hartan adierazten denez, Amezketako artzain batek bere artaldea saldu zuen Asteasura ezkontzeko, baina behin ardiak saldu eta gero, andregaiak berekin ezkondu nahi ez zuela esan zion. Herritar guztiek ondo jakiteko moduan kanporatu zuen bere haserrea amezketarrak”.

Arakatzen hasiz gero…
Asteasuko Udaleko artxiboak 1399 urteaz geroztik gaur egunera arteko agiriak jasotzen ditu. “Oso artxibategi aberatsa da. Asteasu, Aiztondo bailarako herri nagusia izan zen eta dokumentazioa oso ondo gordetzeaz arduratu dira. Arakatzen hasiz gero, oso gauza interesgarriak aurki daitezke bertan. Informazio historiko asko gordetzen da eta agiriak oso egoera onean daude, gainera”, azaldu du artxibozainak. Antzinako agirietan bila hasten direnean, artxibozainek ez dute jakiten zerekin topo egingo duten eta batzuetan, sekulako ezusteak hartzen dituztela adierazi du. “Oro har, egungo agiriak antolatzen egiten dugu lan nagusiki artxibategietan eta oso pozgarria izaten da antzinako agirietan aurkikuntza politak egitea”. Aurkikuntza horien berri emanez, blog bat osatzea erabaki zuen Ereiten enpresak eta bertan, modu osatuan, egindako bilaketa aipagarrienen berri ematen dute. Asteasun, esaterako, berriki aurkitutako salaketa bertsoez gain, aurkikuntza gehiago ere egin dute: “Beste herri batzuetan artxibategi probintzialetan gordeta dituzten protokoloak Asteasuko kasuan, bertako atxibategian mantentzen dira eta, esaterako, euskaraz idatzitako hitz eta zenbakiak aurkitu izan ditugu: XVI. mende bukaeran euskaraz idaztea batere ohikoa ez zen Mila bosteunda lauroguetaçorçi, adibidez. Liburu guztia gaztelaniaz idatzita dago, zati horixe bakarrik ageri da euskaraz eta horrela idatzita, normalean zenbakitan idazten bazuten ere”. Beste hainbat aurkikuntzen artean, XIX. mendean baserri batean eskale gisa eta ezkondu gabe bizi zen bikote bat nola atxilotu zuten ere jakin zuten antzinako agiri bati esker. Baita frankismo garaian, nola emakume bat egin zen Asteasuko alhondegiko arduradun ere, “agiri hartan zalantzan jartzen zen kargu hura emakume baten esku utz ote zitekeen. Gai izango ote zen lana ondo egiteko. Hori ikusita, ordea, emakumeak alhondigaren arduradun izan nahi zuela esan zuen (administradora de arbitrios); alhondiga berak kudeatu nahi zuela, alegia. Lan deialdira ez zen beste inor aurkeztu eta urte askoan aritu zen emakume hura langintza horretan, jubilatu arte”.

Aurkikuntza gehiago
Asteasuko Elizmendi auzoko antzinako garbilekuari buruzko agiri eta planoak ere aurkitu zituzten artxibategian eta kontu bitxi modura, Argentinatik bere amonaren bila etorri zen bilobaren kasua nabarmendu du Amagoiak. “Argentinatik bere arbasoen bila etorri zen emakume bat orain urte batzuk eta artxiboetan begira hasi eta gero, udaletxean bertan jaio zela konturatu ginen. A zer nolako ezustea!”. Bestela, euskaraz idatzitako bando dezente aurkitu dute Asteasun. Azkenetakoa, 1925 urtean idatzitakoa, “euskaraz eta gaztelaniaz idatzita ageri dira bando batzuk Asteasun, baina garai haietan hori ez zen inondik ere ohikoa. Esan egiten zuten bandoak euskaraz ere idatziko zituztela, baina, oro har, ez zituzten Asteasun bezala, euskaraz ere transkribatzen”. Irakasle izateko deialdi baten inguruan ere idatzi bitxiekin egin zuten topo Asteasu nahiz Villabonako Udal artxibategietan, “irakasle lanpostua betetzeko, irakasleek euren kurrikuluma aurkezten zuten letra ezberdinen bidez idazten zekitela eta euren gaitasunak erakutsiz, era askotara idazten zekitela erakutsiz, gainera”. Ikusteko moduko agiriak dira, grafia oso landua dutenak, artelanak diruditenak.

Eskuizkribuak
Asteasuko artxibategia astelehenetan egoten da zabalik. Ikertzaileentzat ez ezik, herritar eta norbanakoentzat ateak zabalik daudela jakinarazi du Amagoiak. “Azken urteotan etxeko zuhaitz genealogikoa egiten du jende askok. Kasu horietan, nire ustez, pertsona haien benetako sinadurak hartzea da politena. Oso dotoreak baitira haietako asko”.

Ereiten Kultur Zerbitzuak
Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresan egiten du lan Amagoiak. Lan ezberdinak egiten dituzte kultur arloan: Artxiboak txukundu, liburuak idatzi, liburutegietako katalogazio lanak egin… Beterri-Aiztondo mailan Asteasu eta Villabonako Udaletako artxiboen ardura dute. Villabonako artxibategia, bi aldiz erre denez eta uholdeen ondorioz, historikoki Asteasukoa bezain aberatsa ez dela azaldu du Amagoiak, baina Villabonaren kasuan, nabarmentzekotan, errebotearekin edo idi apustuekin lotutako antzinako agiri politak aurkitu dituztela.

Dokumentu aberatsak
Artxibategietan aurkikuntza bitxiak egiteak sekulako poza eragitea ez da harritzekoa. Baina Amagoiaren esanetan, pozaz gain, garaiko gizartea eta ohiturak ezagutzeko oso dokumentu aberatsak dira.

interneten irakurgai

Asteasuko emakume bertsolariak XIX. mende hasieran, Amagoiak eta Iagok eginiko azterketa lana: www.ereiten.eus/blog_multiview.php?cat=Asteasu

Salaketa bertsoak oso-osorik: www.ereiten.eus/blog_post_adjuntos/80/201411269677Dokumentua.pdf


*Mari Juli Azkue Arrastoak jakinarazi zion Aiurriko lantaldeari salaketa bertsoen aurkikuntza bitxiaren berri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!