“Egungo sistemak bazterketa soziala eragiten du”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 8a, 09:42

Krisi ekonomikoa gora eta behera, Ana Sanzek krisiaren adarrak haratago ikusten ditu:
“Egitura eta gizarte mailako krisia da, sistemak berak huts egiten du”.

Udaleko Gizarte Zerbitzuetan 32 urtez lan egiten duenak egunerokoa du gizarte bazterketatik gertu dauden pertsonekin edota familiekin lan egitea. Arazo konplexua da, baina ez zaio horregatik utopiari eta konpromisoari uko egin behar. Jarrera hori Ana Sanzena da, Joxe Mari Olazabal sarietan taula gainetik egin izan dituen adierazpenetan argiro agertu dena. Basteroko taula gainetik txalo zaparrada jaso izan du Udal teknikariak, ez da gutxiagorako. Erantzukizuna erakundeengan eta herritarrengan dagoela dio, neurri berean: “Denon beharra dugu gizarte bazterketa gainditzeko. Erantzuna bilatzeko ez da soilik instituzioetara jo behar, gizarte zibilak arazo honen aurrean erantzun behar du erreakzionatuz eta elkar lagunduz. Bazterketa ez da egoera hori bizi duenaren arazo pertsonal bat. Egoera horretara iristearen arrazoia egiturazkoa da, horregatik egungo statusa irauli beharra. Beraz, bazterrean dagoen pertsona horren txertaketan zeharkaldia ez du berak bakarrik egin behar. Ez da nahikoa gurekin izatea, gure artean egotea lortu behar dugu. Ondorioz, gizarte txertaketa hori lan kolektiboa da eta bertan erakunde publiko eta ez publikoek parte hartu behar dute. Erronka kohesioa eraikitzea litzateke, egungo ereduak sortzen dituen hausturei aurre eginez. Administrazioak eta gizarteak armiarma sare modukoa osatu behar du, gure herritarrek gizarte bizitzan modu aktiboan zutik iraun dezaten. Justizia sozialean eta aukera berdintasunean oinarrituriko gizartea imagina eta amets dezagun. Utopiatik eta konpromisotik gizarte eraldaketa lortzen da”.

Joxe Mari Olazabalen bidea sari banaketa ekitaldian hunkituta ikusi zaitugu, eta zure adierazpenak ikaragarri txalotu dituzte…
Niretzat Joxe Marik herriari egin dion ekarpena hunkigarria da. Ezinbestekoa izan da Andoainen, eredugarria. Andoaingo Domina eman ziotenean ikaragarri poztu nintzen, Udal langilea naiz baina baita andoaindarra ere.
Joxe Marirekin eta Caritasekin lan handia egin dugu, eta ondo gainera. Jakitun gara, gainera, bakoitzak bere eremu zehatza duela. Garaiotan elkarlana ez da aukera bat; derrigorrezkoa da.
Sari banaketa ekitaldian hitz egiteko aukera ematen zidaten eta nik hori gizartea ohartarazteko baliatzen nuen. Gizarte Zerbitzuekiko ikuspegian garapen bat egon da: onarpen maila izatea lortu da. Krisi ekonomikoaren ondorioz, ordea, laguntza sozialak eta ekonomikoak jasotzen dituen pertsona kriminalizatzeko joera ikusten dut. Hiritargoaren kontzeptuari dagokionez, gizarte mailako arrisku egoeran gaudela uste dut. Behin eta berriro gogoan izaten dut unibertsitate garaian ikasi nuena. Gizarte lanaren historian, XIX. mendean, laguntzak jasotzen zituen pertsona egoera ekonomikoaren errudun egiten zuten. Gaur egun, ez gaude egoera horretatik oso urrun.
Eta, nire iritziz, krisia pairatzen ari den pertsona egiturazko arazo baten biktima da. Errua ez da berea. Krisi ekonomikoa aipagai dugu ia uneoro, eta ekonomiaz haratago doala esan ohi dut. Egitura eta gizarte mailako krisia da, eta argi eta garbi geratzen ari da sistemak berak huts egiten duela. Egungo sistemak bazterketa soziala eragiten du, bere biztanlegoaren zati bat jokoz kanpo utziz.

Aurten Fernando Gastoni omenaldi berezia eskaini zioten Basteron…
Joxe Mari Olazabal goresten dudan bezala, Fernando Gaston Caritaseko lehendakari ohia ere gogoan izan nahiko nuke. Aurten hil zen, eta omenaldi berezia eskaini diote. Meritu handia du, Olazabalen ondoren taldeko ardura hartzea ez baita erraza. Urteak aurrera egin ahala, garai bateko kideei lekukoa hartzeko pertsonarik ez zen agertzen. Fernando Gastonek lekukoa hartu eta bultzada handia eman zion Caritasi. Lezio handia eman zigun gu guztioi. Ekintzaile aparta izan zen, jende berria erakarri eta elkartea berritzen asmatu zuelako. Ondo merezia du aurtengo omenaldia.

Elikagaien bankuak tona ugari bildu du, gipuzkoarren elkartasunari esker. Instituzioek egiten ez dutena herritarrek egin behar al dute? Ikuspegi horren harira zer duzu esateko?
Ba, begira, hiritarren arteko elkartasunaz hitz egiteko aukera baliatu nahi dut zure galderari erantzuteko. Udal administrazioaz eta gizarte mailako erakundeez gain, kaleko jendeak ere mugitu behar du. Gizarteak ematen digun modu berean, itzul diezaiogun zerbait gizarteari. Nola? Elkartasunezko lana eginda, adibidez. Nik sekula imaginatu ere egingo ez nukeen egoerara itzuli gara: elikagaiak banatu behar izatera.
Bestalde, orain ez denbora asko aparretan bizi ginen. Oso gizarte berekoia eraikitzen ari zen, bakoitza bere bizitzan ondo egotearekin aski zela pentsatuz. Eta besteak, hor konpon.
Urteak aurrera doaz eta krisia betikotzen ari da. Zailtasun ekonomikoak askotarikoak dira orain, eta sekula Gizarte Zerbitzuetara etorri gabekoak hurbiltzen ari dira. Krisia jende xehearengan eragina izaten ari da. Zorionez, herritarren arteko elkartasuna areagotzen ari da. Gutxi duenak ere hurkoari laguntzeko joera hori ikusten ari gara, eta hori garrantzitsua da. Andoain herriak ondo erantzuten du, hori esan beharra dago. Eta horrek, andoaindar bezala, poztu egiten nau.

Udalgintzan Gizarte Zerbitzuen lansaila garrantzia handikoa da, garai zail hauetan are gehiago?
80ko hamarkadan hasi nintzenean, orduan ere industri krisi handia bizi genuen. Lansail honetako lehen langilea izan nintzen, eta etxez etxeko laguntza martxan jartzeko hartu ninduten. Ni iritsi nintzenean Udal teknikariek ere ez zekiten zertara nentorren. Berria zen, aurrekaririk gabekoa. Gaur egungo egoeran lana nabarmen handitu da. Alor ezberdinetan, gainera. Krisia arazo ekonomikoekin lotzeko joera dugu, baina hori baino askoz zabalagoa da: Laguntza ekonomikoez gain, krisian bestelako arazoak azaleratzen dira: emozionalak, familiarrak eta gizarte mailakoak.
Garai batean gugana etortzea ez zen guztiz ondo ikusten, estigma modukoa zegoen. Gaur egun, ordea, zerbitzu ugari eskaintzen dugu. Arazoak gaur egun askotarikoak dira: etxean dugun adinekoarekin lotura duena, banatze bidean dauden bikotekideak, ezintasunen bat duena, adin txikiko haurrarekin arazoak dituen familia, etab. Andoaingo familia gehienak, zorionez, arrazoi bat edo bestea tarteko, gure bulegoetatik igaro dira informazio eske. Herritar orori zuzendutako zerbitzua baita, azken batean. Batez beste, aldez aurretik ordua hartuta, astero 60 kasu aztertzen ditugu.


Gizarte sarea
Joan Subiratsen “Fragilidades vecinas” liburuaren pasartea gogora ekartzea gogoko izaten du Anak. Horra aipamena, euskarara ekarria: “gizakiak armiarma modukoa gara. Gure bizitzan zehar sarea osatuz goaz, babesten gaituena eta zutik irauten laguntzen diguna. Sarearen ertz batean familia dago, bestean lana, beste ertz batean gizarte harremanak, etxebizitza, etab. Ertz horietako bat erortzen bada sareak euts diezaioke. Baina batzuetan ertz baten galerak beste batzurengan eragina izaten du, sarea bera erortzeraino. Geroz eta ertz gehiagok huts eginez gero, armiarma jauzi egingo da”.
Armiarmaren adibidea egungo egoerara ekarrita, gure artean bat baino gehiago jausteko arriskuan ikusten du Sanzek, “gaur egun gure gizartean herritar talde bati sarea hautsi zaio, eta beste batzuk arrisku hori bizi dute. Bazterketa egoeran edo arriskuan daude, eta hori saihesten ahalegindu beharko genuke”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!