“Kultur eta kirol ekimen asko antolatzen da Zizurkilen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 8a, 09:39

Aurpegi ezaguna da Zizurkilgo Luis Urkolarena eskualdean, duela 17 urte hasi zen Zizurkilgo herri langile gisa. Bere lanbidearen eta zaletasunen berri azaldu du ondorengo elkarrizketan.

Lan deialdira aurkeztu eta postua eskuratu ondoren, Zizurkil goi nahiz behean aritzen da eginbehar ezberdinetan, “duela 17 urte, herri langile posturako deialdia egin zutenean, bost urterako alokatuta genuen Iriarteko taberna. 1998. urtean amaitzen zitzaigun alokairua. Udaletxean lanean aritzen zen langilea jubilatu egin zen eta deialdira aurkeztea erabaki nuen. Egia esan, gaztelaniaz ez nekien, baina euskaraz ere alfabetatu gabea nintzenez, azterketara ez aurkeztekotan egon nintzen. Emazteak animatuta joan eta, zortez, gainditu egin nuen. Beste hiru edo lau proba ere egin nituen eta presiorik gabe joan nintzelako, agian, baina aurrera egin nuen. Handik urte batzuetara, duela 12 urte, brigadako enkargatu Juan Mari Iturralde jubilatu egin zen. Oposaketak atera eta brigadako arduradun bezala hasi nintzen orduan”, azaldu du. Zizurkil goiko Zaldugoiena baserrian jaio zen Luis eta baserriko lanetan ohituta, herri langilearena ez zaio lan gogorra iruditzen. Kexatzekorik ez duela dio, “normalean, obra handiak direnean, enpresa ezberdinek hartzen dute lan horiek egiteko ardura eta zerbitzuen mantenuaz arduratzen gara gu gehienbat. Batzuetan pisua mugituz ibiltzen gara, oholtzak jartzen, bideak garbitzen…, baina orokorrean, ez dugu fisikoki kexatzekorik”, gaineratu. Eguraldiak, ordea, gehiago baldintzatzen ditu eta euriarekin kanpoko lanetan gaizki ibiltzen direla aitortu du. “Eguraldi txarrarekin barruko lanetara jotzen dugu gehiago eta biltegiko lanak aurreratzen saiatzen gara, bankuak pintatu edota aulkiak konpontzen… Azken boladan askorik egiten ez badu ere, elurrarekin nahikoa komeria izaten dugu; hiru herri langile gara eta laguntzaileak izaten ditugun arren, denengana aldi berean ezin irits baikaitezke”. Zizurkil bi gunetan banatuta egoteak ere eurengan eragina duela azaldu du, “Zizurkil goia eta behera bereizita egoteak zaildu egiten du gure lana eta batzuetan lantaldea banatuta ibili behar izaten dugu”.

‘Beti izaten da zerbait’
Eginbeharren artean, esan bezala, Zizurkil goi nahiz beheko zerbitzu ezberdinen mantenuaz arduratzen dira: argiteriak, ikastetxeak, kultur etxeak, kultur eta kirol ekintzak gauzatzeko azpiegiturak… “Ekimen asko antolatzen da Zizurkilen; Kirol Astea, azokak, koadrilen eguna, erakustetak, Antzerki Astea, Maiatza Saltsan… Antzeko ekintzak antolatzen direnean, azpiegitura lanak egiten ditugu. Lehen ur deposituen mantenuaz ere arduratzen ginen, baina egun Gipuzkoako Urak enpresak egiten du lan hori. Guk herriko iturrien ardura dugu; hausten badira, konpontzea. Batetik bestera ibiltzen gara. Bestalde, tarteka enterratzaile lanetan aritzea ere egokitzen zait. Denetariko lanak egiten ditugu, beraz; politak ez direnak ere bai. Herri txikietan denak ezagunak garenez, gogorra izaten da enterratzaile lana batzuetan”. Bolada gogorrago eta arinagoak izaten dituzten arren, ez dute aspertzeko tarterik izaten, “beti izaten da zerbait”.

Herriko txoko kuttunak
Herrian zehar aritzen dira lanean bereziki, baina tartean-tartean, mendian aritzea ere egokitzen zaie, “gutxi aritzen gara mendian, trikuharriak garbitzera joaten gara urtean bi aldiz Aranzadikoekin batera. Horrez gain, besteak beste, Atxulondo inguruko bideak garbitzen ditugu… Garbitzea kosta egiten da, jende gutxi ibiltzen denez erraz zikintzen delako, baina oso inguru polita da. Zarateaitz inguruak ere garbitu izan ditugu inoiz. Asteasu alderako jaitsiera garbitzen genuen, baina azken urteetan Mallik garbitu izan zuen”, adierazi du, lagun zendu berria gogoan. Zizurkilgo txokorik ezkutuena ere ezagutzen du Luisek eta haietako zein nabarmenduko lukeen galdetuta, Atxulondo oso leku berezia iruditzen zaiola erantzun du: “Neguan bustia den arren, uda aldera oso leku polita da; asko gustatzen zait. Hala ere, tontorrak maite ditut nik gehiago. Zarateko gaina polita da oso, Etxetxokoa ere bai, eta zer esanik ez Urkamendiko tontorra: oso polita eta berezia da. Gainerakoan, Elurzulo ere oso toki polita da, orain garbitu dugun Eskaltzuko gaina ere zoragarria da: Izugarrizko bistak ditu Orio, Getari eta Hondarribi aldera”. Azken urteotan asko hazi da Zizurkil eta bai goian nahiz behean onerako aldaketa asko egin dela nabarmendu du Luisek. “Pena bakarra Zizurkil bi gunetan banatuta egotea da, ezagutzen ez duenarentzat bi herri ezberdin dira”.

Zuhaitz maitea, plazakoa
Urte luze hauetan zehar egin dituen lan guztien artean bada bat beretzat berezia dena. Orain hilabete gutxi, Luisek berak bota zuen Zizurkil goiko plazaren erdian ia mende batez zutik egon den platanondo zuhaitza. Ondo moldatu zen zuhaitza mozteko, baina barne mina sentitu zun hura botatzerakoan, zuhaitzaren inguruan haur eta gazte garaiko oroitzapen ugari baitu barruan gordeta. “Arriskuan zegoen zuhaitza eta neroni egokitu zitzaidan botatzea. Haizea zen eta beldur nintzen nola moldatuko ote nintzen, baina ez nuen motozerrarekin mozteko arazorik izan. Sentimendu aldetik, ordea, izugarrizko pena sentitu nuen, zuhaitza jostaleku izan baitzen guretzat umetan. Gaztetan ere, zenbat istorio dugun zuhaitzaren bueltan… Etxera ez joateagatik, zuhaitzaren azpian kontutan aritzen ginen lagunartean. Lagunak zirikatuz, zuhaitzaren gainean gorde izan ginen inoiz eta bertsotan ere aritu izan ginen zuhaitzaren gainean ginela. Ordu asko igaro genuen plazako zuhaitzaren bueltan. Asko maite genuen eta, egia esan, zuhaitzik gabe plazak ez dirudi betikoa. Sinbolo modukoa zen”. Hala ere, bota beharra zegoela badaki, gaixotuta zegoelako. “Lurretik hiru bat metrora zituen adarrak eta kamioiak plazan sartzen hasi zirenean puskatu egin zitzaizkion. Min handia egin zion horrek”, azaldu du. Abagune hau zuhaitz berria aldatzeko erabiliko da orain eta alderdi baikorrari begira, lekuz zertxobait aldatuta, agian euskal zuhaitz bat landatzeko tartea izango dela aipatu du, herritarrek aukeratzen dutena: haritza, lizarra, pagoa…

Behizain, zaletasunez
Aipatu bezala, Zaldugoiena baserrian jaio zen Luis eta bertan geratu zen gurasoekin bizitzen. Haiekin batera, etxean behiak edukitzeko ohiturari eutsi nahi izan dio eta egun, arratsaldetan zaintzen dituen 22 larre behi ditu. “Eskaltzugain baserritar taldeko kide naiz eta hantxe, Eskaltzuko gainean edukitzen ditut behiak apiriletik aurrera. Betidanik gustatu zait ganadua eta zaletasunagatik aritzen naiz, ez irabaziei begira. Nire moduan aritzen garenok, errentabilitate aldetik ez baitugu hortik ezertxo ere. Gustatu egiten zait, ordea”. Sei hilabete dituztenean saldu egiten ditu Luisek txekorrak eta gizentzen dituenak etxeko edo lagunentzat izaten dira. “Umetatik izan dut ganaduarekin lotura eta nahi eta ez tira egiten dit oraindik. Lan lotua da behizainarena, egunean behin gutxienez behiak zaintzera joan behar izaten da, –bitan bada hobe–. Behiekin ez dago oporrik. Norbaitek haiei kasu egitera joan behar izaten du”. Behiak zaintzeaz gain, etxe ondoan baratzea ere badu eta ohiko barazkiez gain, babarruna lantzen du, artoarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!