“Lasaitasuna eta isiltasuna gustura hartzen ditut Zizurkilen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 8a, 09:28

Jon Arandia zizurkildar gazteak Shangaien dihardu lanean iazko urtarriletik. Ingeniari industriala da ikasketaz eta Gabonetarako etxera itzulita, bere esperientziaren berri azaldu du.

Nola sortu zitzaizun Txinan lanean hasteko aukera?
Duela urtebete, iazko urtarrilean joan nintzen Txinara lanera. Ingeneritza industriala ikasi nuen;  abenduan amaitu nuen proiektua eta, Agustin anaiak, haien Jamai enpresan Txinara joateko langile bat behar zutela eta animatuko ote nintzatekeen galdetu zidan. Hemengo lan egoera eskasa ikusita, pausoa eman beharra zegoen eta Txinara joatea erabaki nuen. Ez naiz damutu.

Zer moduz egokitu zara lurralde erraldoira?
Jende asko urtebeterako joan ohi da atzerrira lanera, baina niri egindako eskaintza lauzpabost urtetakoa da. Atzerrian lehen urtea izaten da gogorrena, kokatu bitartekoa. Hasiera gogorra egin bazitzaidan ere, oso gustura nabil; uste baino hobeto. Izan ere, Zizurkil bezalako herri txiki batetik Shangai bezalako hiri handi batera joatea salto handia da. Baina Shangaien euskaldun jende asko bizi da –100 bat persona– eta bertan Euskal Etxea egoteak ere asko lagundu dit. Adin eta zaletasun antzekoak ditugun 15 bat laguneko koadrila osatu dugu eta askotan elkartzen gara. Gainera, Shangai oso hiri handia den arren, zerbitzu aldetik oso ondo antolatuta dago eta horrek ere asko errazten du hango bizimodua. Hiri erosoa da bizitzeko.

Zein lan egiten duzu Txinan?
Jamai enpresa Anoetan kokatzen da. Bulegoak, biltegia eta bezeroentzako zerbitzua hemen dituen arren, Txinan zehar produkzio planta ezberdinak ditu. Funditzeko piezak egiten ditugu bertan, gero mekanizatzeko. Txinako planta bakoitzean pieza mota ezberdina egiten da; txikiak batzuetan, handiak besteetan… Planta ezberdinen arteko koordinatzaile lanetan aritzen naiz ni. Txinan ez dut lan finkorik, denetarik egitea egokitzen zait eta oso gustura nabil, denetarik ikasten ari naizelako. Pertsonalki nahiz profesionalki erronka handia zen niretzat 24 urterekin, bakarrik, Txinara abiatzea, baina bi erronka horiek gaindituta, oso egonaldi positiboa izaten ari dela esan dezaket. Orain artean etxetik gertu lan egitea bilatu izan da hemen beti. Kanpora joatea gogorra den arren, pertsonalki nahiz profesionalki asko ikasten da. Dudarik gabe, gaztetan egin behar dira halako aukerak. Euskal Herria gero ere hemen egongo da eta urte batzuk barru, kurrikulum osatuagoarekin itzuliko naiz.
2005ean Txinara joan ziren anaia eta taldekideek izan zuten nik baino meritu handiagoa. Haiek zabaldu zuten bidea jarraitzen dugu guk eta oso erosoa da guretzat, aurreko lan guztia egina baitago.

Ingelesez hitz egingo duzue bertan, edo?
Bai, ingelesez aritzen gara lanean. Laneko hiztegira egokitu  eta erraz moldatzen gara, egunero ia antzeko terminologia erabiltzen baitugu. Lanetik kanpo ere, ingelesez hitz egitera askatu naiz denborarekin. Baina bertan egonda, txinera ikasten hasi naiz duela gutxi. Beti hastekotan nintzen eta orain pare bat hilabete eman nuen pausoa. Akademia batean izena eman nahi nuen arren, nire lanagatik batetik bestera ibiltzen naizenez, interneteko webgune baten laguntzaz hasi naiz. Nire helburua txineraz idazten baino, hizketan ikastea da, eta web orri hori hizketan irakastera bideratuta dago. Zaila da, baina egunero pixkatxo bat arituta nabaritzen da aurrerapena. Enpresan ni bakarra naiz kanpotarra eta lankideekin hitz egiten saiatuko naiz, maila hobetze aldera.
Beti esaten da ikasketak bukatu eta gero jakintza zabaltzea komeni dela eta, nire kasuan, txinera ikasteko aprobetxatuko dut.

Zer diozu txinatarrek lan asko egiten duela dioen esaeraren inguruan?
Mitoa ere badela esango nuke nik. Txinatarrek, guk bezala, lanerako ordutegia dute eta ez nuke esango guk baino lan gehiago egiten dutenik. Hemen bezala, denetarik dago.
Gure enpresan, esaterako, astelehenetik ostiralera egiten dugu lan, normalean astelehenetik larunbatera egiten duten bitartean. Gure enpresako baldintzak onak direnez, langileak gustura daude bertan, baina, oro har, lan baldintzei baino garrantzia handiagoa ematen diete txinatar gehienek soldatari.

Eta asteburuetan zer?
Laneko konpromisoren bat izaten da tarteka, baina normalean jai izaten ditugu asteburuak. Hango euskaldunon koadrilak ostiraletan elkarrekin afaltzeko ohitura dugu eta larunbatetan ere beti izaten da bazkari edo afariren bat; gauez baita parranda ere. Euskal etxean futbol taldea ere badugu. Bi talde daude, –gurea, neska eta mutil, mistoa da–, eta igandero elkartzen gara partida jolasteko. Ez dugu partida askorik irabazten, baina aitzakia horrekin elkartu behintzat egiten gara. Parranda giroa ezberdina da han, noski. Ez dago hemen bezala tabernarik, diskotekak baizik. Baina gainerakoan, bizimodua antzekoa da: astean zehar lana eta kirol pixka bat egin eta asteburuetan lagunekin parranda giroan bildu.

Urtebete eta gero, gustura itzuli al zara Zizurkilera?
Gustura bizi naiz han, baina gustura itzultzen naiz etxera ere, familia eta lagunartera. Urtean zehar bi txandatan itzultzen naiz eta udan ere etorri nintzen. Hemen berdin-berdin jarraitzen du bizimoduak, baina gustura hartzen da etxekoekin edo betiko lagunekin egotea. Lasaitasuna eta, bereziki, isiltasuna ere gustura hartzen ditut. Bestalde, lehen Aurrera plazako etxebizitzak oso altuak iruditzen zitzaizkidan eta orain, berriz, txikiak ikusten ditut. Shangaien gehienak 40 solairuko edifizioak baitira… Han pisua alokatzerakoan kontuan izan behar da non hartzen duzun. Ahal dela errepide ondoan ez izaten saiatzen naiz ni. Aurrerantzean, 30. solairuan biziko naiz. Balkoira ateratzeak errespetoa ematen du.
Hango bizimodutik deskonektatu eta indarberrituta, urtarrilaren 8an itzuliko naiz Txinara, uztailaren erdi aldera arte. Opor kontuetan primeran zaintzen gaitu enpresak.

Bidaiatzeko tartea ere izan duzu han…
Hemengoez gain, txinatarren oporrak ere izaten ditugu otsailean eta urrian, eta bidaiatzea asko gustatzen zaidanez, leku berriak ezagutzeko aprobetxatzen dut. Iaz Thailandian eta Malasian egon ginen eta otsailean Filipinetara joango gara. Txinan lan egitearen beste alderdi ona, hegazkinez bizpahiru ordutara paradisu ugari ondoan edukitzea da.


Shangai, erritmo biziko hiria
Inoiz ez da jakiten baina, denboraldi batean bizitzeko hiri egokia den arren, Shangai luzaroan bizitzeko hiria ez dela uste du Jonek. “Oso erritmo biziko hiria da, 24 ordutan geratzen ez dena. Hemen etxetik atera eta kalean bizpahiru persona gehienez ikustetik, han milaka pertsona eta beste milaka autorekin egiten duzu topo etxetik atera orduko. Izugarrizko zarata du hiriak eta zarata horrekin bizitzen ikasi beharra dago”, azaldu du zizurkildarrak.  Hori bai, Shangai Europako beste edozein hiri bezain ondo antolatuta dagoela uste du, zerbitzu aldetik oso aurreratuta.
Kulturalki, ordea, txinatarrak eta euskaldunak kontrakoak garela iruditzen zaio Joni, “txinatarrek, oro har, ez dute bestearekiko errespeto handirik eta bakoitzak bere lekua bilatu behar du han; besteak beste, metrora sartzerakoan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!