Gugan bego Marijuli Azkue Arrastoa, itzal luzeko ekintzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 8a, 09:26

Abenduaren 20an zendu zen Mari Juli Azkue Arrastoa asteasuarra. Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari-orde eta Aiurriko kolaboratzailea, itzal luzeko ekintzailea izan zen.

Aski familia ezaguna da azkuetarrena, eta Marijulik berak ere bere bizitzan zehar eskualdean eta eskualdetik kanpo harreman sare handia osatu zuen. Hori dela eta, abenduaren 22an, bere etxekoekin batera haren aldeko hileta elizkizunera lagunarte zabala hurbildu zen. Elizmendin ehunka izan ziren Marijuliri azken agurra ematera gerturatu zirenak. Juan Kruz Mendizabal “Kakux” apaizak Marijuliren irribarrearen txinparta eta landu zuen harreman sarea nabarmendu zituen. Dantzariek eta txistulariek ere, gertukoak denak, gorazarre egin nahi izan zioten Marijuli Azkueri. Hunkigarria izan zen, oso.
Pertsona askoren baitan eta ekimen askotan hutsune handia utzi baitu Marijulik. Herrian, esaterako, ekimen ezberdinetan parte hartu zuen. Askoren artean, gogora ekar daitezke batzuk. Mikel Arteaga eta Mila Iztuetarekin batera herriko gazteentzat udalekuak antolatu zituzten Lizarran, 1991n. Beste herrikide batzurekin batera odol-emaileen taldea martxan jarri zuen 1993ko ekainaren 15ean. Memoria historikoa berreskuratzea ardatz zuen Iturri zaharretik lekukotza bilketan ere parte hartze zuzena izan zuen, eta azken urteetan Sanpedroetan giroa sustatzen lagundu zuen txistulari taldean hartu ohi zuen parte, mozorro eta guzti. Jaietan haurren eguna antolatzen jardun zuen aspaldian, eta bere partaidetza ere ohikoa izan zen Santa Eskean edota Errege Magoen kabalgatan. Aldizkari honi dagokionez ere, Aiurrirako idatziak eta proposamenak egin zituen sorreratik.
Marijuliren postalak
Mundu zabalean ibilitakoa zen, eta zaletasun horretan zerikusia handia izan zuen Nairobitarrako Josu Iztueta bere lehengusuak. Harreman oso estua zuten Marijulik eta Josuk. Haren eskutik mundu zabala eta lagun gehiago ezagutu zituen. Horien artean, Ander Izagirre kazetari, idazle eta bidaiaria. Abenduaren 22an www.anderiza.com bere blogean lerro ederrak eskaini zizkion “Marijuliren postalak” izenburupean. In memoriam eder horietakoa. Josu Iztuetarekin eta Marijulirekin 2001ean Afrikako Djibutira egindako bidaia gogoan zuen. Blogean horrela dio pasarte batean, “bidaia hartan ezagutu nuen Marijuli, Josuren lehengusina, eta aurrerantzean halako keinuak uzten zizkidan beti: tarteka sorpresa bat, laztan bat, kuku bat. Eskutitzak maiz. Eta eskutitz bat urtero garai honetan bertan, urte berri ona opatzeko, Marijulik munduan zehar ateratako argazki batekin. Iazkoa –eskuetan daukat orain– Cabo Verdeko krater bat zen, lautada berde, berde, berde bat, harrizko txabola eta behi batzuekin, eta 2014ko egunerokotasuna koloreztatzeko adina berde bidali nahi zidala idatzi zidan. Eta ederra izango zela urte hau. Ederra izan da, Marijuli, ia azkenera arte”. Idatziaz gain, blog horretan gertuko lagunek iruzkin interesgarri gehiago erantsi dituzte, lekukotza gehiagorekin.
Bidaide, lagun, ezagun, herrikide, gertuko eta etxeko askok luzaroan oroituko dute Marijuli. Gugan bego.


Jon Unanue
Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakaria

Ez zait batere erraza gertatzen ari lehen lerro hauek idaztea oraindik orain burmuinean ozen dabilkidanean Marijuliren heriotzaz jaso nuen berriaren oihartzuna: Garajean zebilela Marijuli hil da!! Eguberri eta Urteberriko egun mugitu hauek albisteari izkin egiteko betegarri izan badira ere –ez etxekoentzat, jakina!–, egunerokotasunera itzultzeak bere osotasunean azalduko digun Marijulik, maite genuenon artean, utzi duen –eta utziko duen– hutsunea, bere oroitzapenak bete beharko duena.

Marijuli emakume alaia eta bizipoza zeriona zela esango nuke, niregan sortu zuen lehen inpresioa eman beharko banu. Andoaingo Udaletxean ezagutu nuen, 1988. urtean-edo, bera gizarte laguntzaile gisa trebatzeko bertan lanean ibili zen bolada batean. Eta halaxe gogoratzen dut, irribarretsu, noiznahi solas egiteko jarrera alai eta eskuzabala zuen gaztea, lanerako grinak betetzen zuena. Gero, trebatzeko bere lanaldia amaituta,  bizpahiru urtez begibistatik galdu nuen, 1991. urtean Manuel Larramendi Kultur Bazkuna sortzeko lanean hasi ginen arte.

Larramendi Bazkuna sortzeko lehen urratsekin hasi ginenean, oso garbi genuen gutxienez eskualde mailako euskaltzaleen batasuna sortu behar genuela, eta ikuspegi eta asmo horiekin Aiztondo aldean eta, zehazki, Asteasun, lanean nor jar genezakeen bila hasi ginen. Andoaindar batek esan zidan: Asteasun ezer egin nahi baldin badegu hik ezagutzen duan lagun bat bazagok guztiz egokia: Marijuli Azkue... Eta bete-betean asmatu! Marijuliri gure asmoen berri eman bezain laster Citröen zahar bati turbo motorra jartzea bezalakoxea izan zen, ez Asteasun bakarrik, eskualde osoan aurrera egiteko falta genuen adorea eman zigun, berezkoa zuen ezaugarri batez guztia blaitzen zuelako: baikortasuna.

Horren froga garbia da, berehala lerratu zuela asteasuar talde zabala lan egitera. Hor ezagutuko genituen, Mila, Begoña ahizpa, Mikel, Joxe, Joxeando, Maite eta beste hainbeste, Bazkunaren egitasmoa eta bere lehen ekimena, Aiurri aldizkari hau, herrian eta eskualdean martxan jartzeko. Baita martxan jarri ere, lehenik Aiurri aldizkaria eta, ondorengo urteetan, beste ekimen batzuk, herri mailakoak –gogoan izan behar da, esate baterako, lehen Artisautza Azoka Larramendi Bazkuneko Asteasuko biltzarrak antolatu zuela Udalaren laguntzaz–, eskualde mailakoak edota, Euskal Herri osora zabaldu direnak, literaturazaleen 111 Akademia bezala, zeinaren aitzindarietakoa Marijuli bera izan baitzen...

Geroztik, ia 25 urte joan dira, eta 25 urte horietan Marijulik MLKB-eko zuzendaritzan jardun du, lehenik idazkari bezala eta, azken hamarkada luzean, lehendakariorde gisa. Erraz esaten da 25 urte, baina pasa egin behar dira ardura jakin bat etengabe esku artean ibiliz eta erabiliz. Eta hor, urteetako etengabeko harreman horretan, beste Marijuli bat ezagutu nuen, zorionez ezagutu ere, alaia, baikorra eta jatorra izateaz gain, pentsamolde oso burutsu eta zentzudunekoa, pragmatikoa eta eguneroko errealitateari muzin egiten ez ziona, ametsak amesteko behar zituena, baina ez ameskerietarako... Marijuli zen, hain zuzen ere, beste batzuk amets-lurrinetan genbiltzanean oinetik tira eginda lurrera lotzen gintuena eta, aldi berean, euskalgintzan ere jasotzen diren kolpe makur eta gaiztoek abailtzen gintuztenean, aurrera egiteko indarra eta kemena ematen ziguna...

Halakoetan, pott eginda geundenean eta etsi-etsian gure ibilbideari amaiera emateko zorian, bileraren bat aitzaki hartuta, afaria antolatzen zigun zuzendaritzako guztiei Kale Nagusiko bere etxepeko soziedade polit horretan. Zein afalondo ederrak egin izan ditugun bertan, bilerako gai korapilatsuei buruz berea zuen patxadaz eta argitasunez azterketa labur moduko bat egin ondoren bizitako guztiaren alderdi onak, emaitzak eta, jakina, onerako eta txarrerako ateraldi guztiak azaltzera jartzen ginenean!!

Bera izan da zurrunbiloa zetorrenean, hotz eta tinko, iraunean gorde gaituen euskarria, gure egitasmo osoari zentzatzeko parada ematen ziona.

Hura ondoan, hura telefonoaren beste aldean noiznahi eduki gabe –azken bileretara etorri ezina zuela eta telefonoz luze jotzen baikenuen bertan erabaki beharrekoak aztertzen–, aurrera egiten ikasi beharko dugu, jakina, baina urtea hasi den honetan ezin dut gogoan sartu hura falta denik, deitzen diodanean hor izango ez denik, gure bileretara etorriko ez denik...

Beti prest zegoen zentzuz eta neurriz aurrera egiteko, gauzak argi eta garbi hitz eginda, jakinez zein muga eta zein helburu genituen. Bere jarrera horrekin guztiek bat egitea lortzen zuen, sinergia sortzaile zen guztiz eta maitagarria. Oroitzapen eta irakaspen horiek beteko dute gure artean halabeharrak sortu duen hutsunea, eta ez da, beraz, halakorik izango Marijuliren eta maite genuenon artean.


jon Ander Ubeda
Aiurri astekariko arduraduna

Zeinen zaila egiten zaigun lerro hauek idaztea, sinesgaitza izaten jarraitzen baitu oraindik ere abenduaren 20ko iluntzean jaso genuen albisteak. “Burutik kendu ezinean gaude Marijuli joan zaigun kontua. Burutik ezin joan, bihotzean barruan dugulako”, horrelako zerbait idatzi beharko genuke. Horixe bera sentitzen dugulako, egunak igarota ere. Eta hain justu esaldi hori erabili zuen Marijulik Asteasun hain ezagun eta maitea zen Patxineko Mila Garmendiari Aiurritik omenalditxoa egiteko: “Burutik kendu ezinean nago Mila joan zaigun kontua. Burutik ezin joan, bihotzean barruan dudalako”. Nork esango huraxe izango zela Aiurrin idatziko zuen azken artikulua. Heriotzak maiz modurik krudelean kolpatzen gaitu, eta Asteasu herrian urte amaiera alde horretatik ahazteko modukoa izan da. Mila eta Marijuli biak ere oso ezagunak zirelako Aiztondo bailaran. Hutsune galanta utzi dute euren etxeetan eta lagunengan.
Nik neuk abenduaren 18an, Tokikomek deituta, bilera nuen Martin Ugalde kultur parkean.  Sarreran nintzela, norbait atzetik deika nuen. Atzera begiratu eta Marijuli zen, hura ere atarian norbaiten zain zegoela. Eta gauzak zer diren, Aiurrirekin agurtu zelakoan nago. Sentimendu arraro hori handitzen ari da nire baitan. 
Aiurriko eta Bazkuneko kideontzat 2013a urte zaila izan zen. Ez da unea, tokia eta modua gertaera horiek lerrootara ekartzekoa. Baina Aiurriko eta Bazkuneko kideek, nik bezalaxe, esan dezakete Marijulik zailtasunen aurrean agertu zuen jarrera txalogarria izan zela. Zailtasunak aukera berritzat hartu zituen, jokabide eraikitzailea erakutsiz eta lantaldeari konfiantza osoa emanez. Izan ere, Bazkuneko kideek Aiurriko lantaldearen esku utzi zuten hamaboskariaren eta astekariaren  geroa. Pauso bat eman zuten alde batera. Baina ez alde egiteko, ezta gutxiago ere. Eta detailetxo hori garrantzia handikoa da. Mila Garmendiaren idatzia helarazteko bezala, gaiak proposatzeko ere Marijuli oso gertu izaten jarraitu genuen.
Abenduaren 18ko bilera hartara berandu iritsi nintzen, Aiurri eta Asteasu hizpide izan genituelako. Lantaldeaz galdetu zidan, baita animoak eman ere. Aldizkari berria gogoko zuen, eta irakurgarritasuna hobetzeko proposamenak egiteko gogoz ikusi nuen. Diseinuari buruzko apuntetxoak gordetzen zebilela adierazi zidan. Eskerrak eman nizkion eta “horretaz jarduteko elkartuko gara” esanez, bilera gelako bidea hartu nuen.
Eskerrak eman nizkizun Marijuli, baina orain eskerrak bigarren aldiz emateko beharra ikusten dut. Aiurriko lantalde osoaren izenean, zauden tokian zaudela, besarkadarik sentikorrena bidaltzen dizugu. Berrikuntza eta hobekuntza bakoitzeko zure kemena eta baikortasuna gogoan izaten ahaleginduko gara. Adiorik ez!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!