Sortu berria da plataforma, eta bere kideek denbora hartu behar izan dute mamitzen joateko, baina zenbait ekimen burutu dute jada herriari begira. Urteko azken Udal batzarrean mozioa aurkeztu zuten Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (RGI) inguruan, PSE-EE eta Bilduren botoekin aurrera atera zena. Bi bilkura ere antolatu izan dituzte, abenduaren 31n azkena, pobreziaren eta baztertze sozialaren aurka.
Eragileak biltzeko asmoz
Herriko mugimenduen bilgune izateko eta elkarrekin ekimenak antolatzeko helburuarekin antolatu dute bigarren biltzarra urtarrilaren 14rako. Jorge Mourinho plataformako kideak adierazi duenez, "guztiz irekia da plataforma, eta eragile berriak bertaratzea nahi genuke. Ikusten dugu Andoainen elkarte ugari ari dela lanean nor bere aldetik. Oso kritikoak dira egungo errealitatearekin, eta argi daukate sistema kapitalistan datzala arazoen sorburua. Nolanahi ere, nork bere problematikari bakarka egiten dio aurre, izan hezkuntzan, izan arlo sozialean, izan osasungintzan, izan lan munduan... Erabateko arrazoiak edukitzen dituzte, baina gehienetan ez dute nahiko luketen oihartzuna edukitzen Andoaingo gizartean. Iruditzen zaigu indarrak batu genitzazkeela oinarrizko planteamendu batzuk adostuta, eta hortik aurrera aho batez funtziona genezakeela hainbat esparrutan".
Plataformaren filosofia eta helburuak azaltzeko asmoz, Andoaingo eragileekin biltzen ari dira azken asteetan. Erantzunak baikorrak izaten ari direla onartu dute guztiek ere, eta horietako asko batzarrera agertzea espero dute.
Zabaldu beharreko mezua
Plataforma osatzen duten kide guztiek garbi daukate euren ikuspegiekin bat egiten duela Andoaingo biztanlegoaren zati handi batek; baina halaber, eskarmentuak adierazten die gauza korapilatu egiten dela konpromiso maila areagotzeko pausoa ematera eskatzen zaienean. Toñi Abellok uste hori baieztatzen du: "sinadura bilketak antolatu izan direnean berdintasuna eta justizia eskatzeko edo eta ingurugiroaren aurkako egitasmoren bat salatzeko, andoaindarrak oso eskuzabal agertu izan dira; elkartasunaren arloan sentiberak direla erakusten dute. Baina hori bai, keinu horretatik pauso bat haratago emateko eskatzen zaienean, izugarri kostatzen zaie mugitzea".
Nagitasuna ez ezik, gizartean zenbait uste oker ere nagusi direla uste du Toñik. "Etxean geratu behar dugula esan zaigu, ez duela injustiziekin matxinatzea merezi. Ia-ia sinetsita gaude egunero ezartzen dizkiguten murrizketak, ez dutela zerikusirik geure eskubideekin. Txirotasunak familia bisitatzen duenean, adibidez, errua geurea dela iruditzen zaigu; horixe lortu dute. Gizabanakoaren arazotzat hartzen dira sistema ekonomikoak sortutakoak; ikuspegi kolektiboa falta zaigu errealitatea bere neurrian aztertzeko".
Euskadiko biztanleen jarrerak, oro har, gogoeta berezia eskatzen duela ere adierazi du Toñi Abellok. "Estatuko beste autonomiak baino aberatsagoa dela, eta krisia guregana ez dela inoiz iritsiko. Bada, oker gaude, iritsi baita; ingurura begiratu eta errealitate pertsonalei begiratzea besterik ez dago, langabezia zenbatek jasaten duen ikusteko, lan baldintza kaskarrak, pobrezia energetikoa...".