Andoaingo historiaren aro ezberdinak erakusketan ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urt. 7a, 18:52

"Andoain lau mendetara" erakusketaren irekiera ofiziala burutu zen Basteroko erakustokian, joan den urtarrilaren 2an. 400. urteurrenaren ospakizunen karira dator erakusketa. Ana Carrere alkateak eta Historian doktore den Susana Truchuelok hartu zuten hitza; azken honek "Andoain 1615: hiribildu berri baten historia" liburuxka aurkeztu zuen.

Bideoa | Kronika:

Andoaingo historia ikusleari ezagutarazteko asmoz, lau arotan banatzen da erakusketa: "Historiaurrea: lehenengo jendeguneak Andoaingo lau haizeteetan", "Erdiaroa: lau herrixka ahaide nagusien menpe" "Aro berria: herria eginez", eta azkenik, "Aro garaikidea, Andoain eta Sorabilla: elkarrekin etorkizunari begira". Argazkiez, agiriez, liburu historikoez, planoez edota testuez hornitzen da erakusketa; horiez gain, Andoaingo eraikuntza ezagunak oinarri hartuta Adela Ruiz de Larrinagak egindako maketak eta Xabier Arrutik utzitako trenbidearekin lotutako zenbait objektu ikusgai jarri dira bertan.
Erakusketa astelehenetik ostiralera zabalik egongo da 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.
Ana Carrere alkateak erakusketak eta liburuxkak daukaten balioa azpimarratu zuen, Andoaingo herritarrek bere herriaren historia ezagut dezaten. "Maiz, geure historia ahaztu edo kaxoi batean gordetzen dugun arren, ondo datorkigu jakitea zer izan ginen eta nola iritsi  garen gaurko egunera... Biztanleek ez ezik, kaleek eta eraikuntzek ere Andoaingo herria historian kokatzen laguntzen digute".
Susana Truchuelok labur-labur aurkeztu zuen liburuxka. Zer den definitu nahi izan zuen, lehenengo eta behin: "txikia, sintetikoa eta andoaindar guztiei zezendutakoa da. 1615ean gertakizun historiko oso garrantzitsua gertatu zen Andoainen, bere etorkizuna markatu zuena, herri bilakatu zuena eta erabakiak bere kabuz hartzeko aukera eman ziona, eta hori dena jakingarria dela iruditzen zait".
1615eko mugarri historiko horretara iristeko Andoainek bizi izan zuen prozesua, urratsez betea, kontatzen da: "Donostiarekin bat egitea lehenbizi eta harengandik aldentzea ondoren, Tolosarekin bat egitea, Gorteko erregeak Andoaini hiriaren titulua ematea, hortik aurrera Gipuzkoako Batzar Nagusietan tokia hartzea... Prozesu horren zergatiak, edo eta, bien bitartean andoaindarrek eta tolosarrek zer nolako ikuspegia zeukaten, aspektu horiek guztiak biltzen dira". Liburuxka 3 eurotan jarri da salgai, eta erakusketa gelan eros daiteke, ospakizunarekin lotutako gainerako materiala bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!